Jon Iriondo. Ondarroako entrenatzailea

«Taldeko giroa da emaitzen gakoa»

Bigarren denboraldia du herriko taldean arraunlari eta entrenatzaile lanetan, eta aurtengoa handia ari da izaten: hamar estropada jokatu ditu Ondarroako traineruak KAE1 ligan, eta zortzitan izan da garaile.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Esperientzia handia dauka Jon Iriondok (Ondarroa, Bizkaia, 1976) arraunlari moduan. Ondarroan, Orion, Urdaibain, Castron eta Portugaleten ibilia da, baina, duela bi urte, etxera itzultzea erabaki zuen, beste lan batekin: entrenatzaile izatea. Aurreko denboraldian, Antiguako Ama hirugarren izan zen KAE1 ligan, eta, aurten, bi estropadatan izan ezik, beste denetan izan da aurrena.

Hamar estropada jokatu eta zortzi irabazi dituzue, eta zazpi bandera lortu. Denboraldia hasi baino lehen pentsaezina zena lortzen ari zarete?

Neguko testak eta denboraldi-aurreko estropadak ikusita, bagenuen asmoa bandera bat edo beste irabazteko, baina pentsatu ere ez genuen egiten hainbeste garaipen lortzen ibiliko ginenik. Emaitzak ateratzen ari dira, eta oso gustura gaude gure lanarekin.

Zer dago hain emaitza onen atzean?

Taldeko giroa. Sekulakoa da; lagunak bezalakoak gara, eta elkarri gauza onak eta txarrak esateko konfiantza handia daukagu. Lanerako gogo izugarria dauka taldeak, eta arraunlariak asko ari dira sakrifikatzen.

Zenbateko eragina dauka azken urteetan taldearen muina izan diren arraunlariek taldean jarraitzeak?

Handia. Bizkarrezurra izan dira bospasei arraunlari azken urteetan, eta hemen segitzen dute. Jon Lete entrenatzaile zela igo ziren KAE1era, eta, ondoren, Gotzon Arrasatek ere sekulako lana egin zuen. Orain, bi urte hauetan, nirekin, prestakuntzan beste koska bat egin dugu gora, eta ikusten da taldea goraka doala.

San Miguel ligan esperientzia zabala duzu arraunlari moduan, eta liga horretako metodoak ari zara erabiltzen eskakizunaren aldetik?

Pixka bat aldatu egin da lana egiteko era, liga nagusiko eskakizunen antzera. Arraunlarien pisua gehiago zaintzen ari gara; entrenamenduetan, bihotzaren lana ere neurtzen gabiltza; teknika ere asko landu dugu, nahiz eta Gotzonek [Gotzon Arrasate] oso lan ona egin zuen arraunketan aurreko urteetan, eta asko ez dugun aldatu. Lanerako seriotasuna sartu dugu. Lanean konstanteak izaten ari gara.

Ia profesionalak bezala, hortaz?

[Barrezka] Bai, baina dirurik kobratu gabe. Oso lan ona eta handia ari gara egiten. Ez da bakarrik entrenatzea; arraunetik kanpoko jarduna ere zaindu egin behar da: zer eta zenbat jaten den, atseden hartzea eta abar. Xehetasun guztiak zaindu behar dira.

Goraka zoaztela esan duzu. Datorren denboraldian San Miguel ligan aritzea tokatzen zaizue?

Nahi bai! [barrezka]. Lehenbizi, igotzeko kanporaketara sailkatu behar dugu. Ezin da ukatu aukera handia daukagula horretarako, eta, sartzen bagara, kanporaketan oso aurkari gogorrak izango lirateke Zumaia eta Portugalete, ondo ari dira eta. Eta ezin ahaztu galiziarrez. Hankak lurrean ditugu, eta sartu egin behar gara lehenbizi. Bost estropada falta zaizkigu liga amaitzeko.

Helburua da Ondarroarentzat San Miguel ligara igotzea?

Aurrenekoa da ligako lehen bi tokietan bukatzea, eta horixe izan zen uda hasieran jarri genuen helburua, iaz hirugarren bukatu genuen eta. Behin hori lortzen dugunean, lorpen handienaren bila joango gara gero.

Okerrik ezean, kanporaketa jokatuko duzue; hasi zara iraileko hirugarren asteburura begira prestakuntza bideratzen?

Ez, ez. Asteburu hau pasatzea nahi dugu, eta ea nola igarotzen dugun; horren arabera, ikusiko dugu aldatu edo ez prestakuntza.

Etziko estropada berezia da, herrian ariko baitzarete. Marka litzateke ia estropada guztiak irabazi eta etxekoa ez lortzea.

Marka litzateke, bai. Sekulako ilusioarekin gaude aste osoan. Hogei arraunlari gara taldean,eta denok nahi dugu herriko estropadan arraun egin. Antzematen ari naiz astean zehar tentsioa taldean lekua lortzeko, eta hori oso ona da. Gogoa daukagu zaleei eskaintzeko ematen ari zaizkigun babesa, eta zer hobeto bandera irabazita eskaintzea baino.

Herriaren babesa handia ari da izaten, beraz.

Sekulakoa. Lekeition, aurreko igandean, ikusgarria izan zen: zale asko gorriz jantzita joan ziren. Gero, ongietorria egin ziguten bandera ospatzeko, eta handia izan zen. Zaleak kamiseta eske ari dira klubean, eta ia batere gabe ari gara geratzen.

Zer moduz entrenatzaile lanetan?

Gustura nabil bi urte hauetan. Sartutako orduei etekina ateratzen ari gara, eta ikusten ari naiz nola ari diren hobetzen arraunlariak teknikan eta talde moduan. Aurrera atera nahi dudana barneratzen ari dira arraunlariak, eta pozgarria da hori niretzat.

Ondarroak orain bi urte deitu zizunean hasi zinen pentsatzen entrenatzaile izan zintezkeela?

Egia esanda, ez neukan buruan entrenatzaile izatea, eta Ondarroak proposatu zidanean hasi nintzen buruari bueltak ematen. Probatzeko aukerari heldu nion, eta ilusioa egin zidan, etxera bueltatzeko aukera zelako, eta Ondarroa ahalik eta maila altuenean jartzeko modua ere badelako.

Makina bat entrenatzaile izan dituzu, eta ba al da bat erabat markatu zaituena?

Ezberdinak eta asko izan ditut, eta oso onak. Guztiengandik ikasten da zerbait. Nik izan ditudanen artean daude Tito Mancilla, Altxerri, Aizperro, Joseba Fernandez... eta denek izan dute ibilbide handia. Oroitzapen onak denenak dauzkat.

Bukatzeko, istripuarena ahaztuta al daukazu?

Bai. Sekulako sustoa hartu genuen. Orion ginen entrenatzera joanda, eta zain geunden ontzia noiz helduko. Hara non, deia jaso genuen istripua izan zuela furgonetak Orioko gainetik behera. Eskerrak denak onik atera ziren. Aste gogorra izan zen, eta Pedreñan, hurrengo asteburuan, bi bandera irabazita joan zitzaigun burutik istripuarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.