Futbola. Espainiako Kopako finala: Athletic-Bartzelona

Tantak uholde bilakatuko dira

Aurten bisitatutako toki guztietan egin bezala, Athleticen jarraitzaileak hasi dira Madrilgo kaleak hartzen. Oraindik jende gutxi ikusten da; baina, eguraldia lagun, gaur festa lehertzeko prest daude guztiak.

Athleticen jarraitzaile batzuk, Madrilgo Plaza Nagusian, atzo eguerdian. Gaur, 55.000 zale zuri-gorri inguru espero dira Espainiako hiriburuan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Madril
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Manchesterren, 8.000 lagun. Lisboan, 3.000. Bukaresten, 11.000. Bada, horiek guztiak batuta baino Athleticen jarraitzaile gehiago izango dira gaur Madrilen, Espainiako Kopako finala bertatik bertara ikusteko. Ez da ohikoa taldeak urtebeteren buruan halako bi partida garrantzitsu jokatzea, eta behin lortuta, ezin dira galdu: «Manchestertik hasita, toki guztietan egon naiz, baita egongo ere. Jokalariei laguntzeko prest gaude beti zaleok, hori eta gehiago merezi baitute», zioen Jose Corok. Argi dago, ez dago ez krisirik eta ez bestelako konturik zale zuri-gorriak geratuko dituenik. Patrikak ez, Bilbon bihotzak agintzen du.

Athletic Hirian, gaur biziko denaren arrastoa atzo utzi zuten bizkaitarrek. Gaur uholde izugarria espero da. Itsaso zuri-gorria bihurtuko dute Vicente Calderon ingurua. Baina atzo normal-normal egon ziren bertako kaleak. Eta normala da. Gainontzeko bidaietan bezperatik hasi izan dira denak giroa berotzen, baina kontuan eduki behar da haiek Europako Ligako norgehiagokak zirela. Oraingo honetan Madrilen da neurketa, eta Bilbotik ez dago hain urrun ere. Beraz, jarraitzaile asko gaur goizean iritsiko dira hirira, eta beste batzuk atzo gauean ailegatu ziren. Hori bai, Madrilgo kaleetan gora eta behera ibili ziren apurrak elastiko zuri-gorria zeukaten soinean.

Madrilgo Udalak bertan behera utzi zituen herenegun Athleticen asmoak, atzo baitzuen irekitzekoa Athletic Hiria erraldoia. Ordea, gaur goizeko hamar eta erdietan irekiko dute ofizialki, eta atzo kanpotik soilik ikusi ahal izan zuten bilbotarrek. Inguru horretan binaka edo hirunaka ibili ziren, baina kuadrilla handirik ez zen sumatu. Gaur, berriz, 20.000 laguneko taldea bilduko da. Prestaketa lanetan hainbat lagun aritu ziren jo eta su, eguraldi beroaren azpian. Guztia prest jarri zuten partidaren aurreko festa handirako.

Handia lehia, eta handiagoa gunea. Bilbotarrei dena handinahiez egitea gustatzen zaiela dio esaerak, eta atzo, behintzat, begi bistan geratu zen hori. Guneak hiru zati ditu: lehenengoa da handiena, agertoki erraldoi bat daukana aurrean; bigarrenean, pantaila txiki bat dago, eta Athleticen historiako neurketarik garrantzitsuenak emango dituzte; eta hirugarrenean, azkenik, edateko eta jateko prestatutako tokia dago.

Izan ere, izango da zer jana eta zer edana. «Bartzelonako gunera 600 upel garagardo ekarri dituzte, eta Athleticenera, 7.000. Zenbaki beldurgarria da. Zale zuri-gorriak askoz gehiago izango dira, baina proportzioan edan ere askoz gehiago egingo dute», zioen antolakuntza lanetan ari den batek, Christian Armadok. Eguraldi beroa egin zuen atzo, baina gaurko bero handiagoa dago iragarrita, eta ez litzateke harritzekoa izango bihar goizerako upel guztiak bukatuta egotea.

Athletic Hiriaren alboan Manzanares erreka dago, luze bezain zabala. Antza denez, gabarra moduko bat eramango dute bertara hainbat jarraitzailek. Baina txalupa gainean egongo ez denik ere izango da, ondo bidean. Atzo zale zuri-gorri bat uretan ibili zen, eta gaur gehiago animatuko dira. Gauza bitxi ugari ikusi ziren, bistan denez. Tenperatura beroa izan arren, goizean hotz egon ziren bazterrak, baina arratsaldean beste itxura bat hartu zuen inguruak. Esaterako, bi madrildar kantuan aritu ziren, bata Athleticeko elastikoarekin eta bestea Bartzelonakoarekin.

Txiki-txikitatik omen dira bi taldeen jarraitzaile sutsuak. Lagun handiak ere bai, baina haserretzen dira tarteka. David Aguilera zuri-gorriak garbi zuen nor gailenduko den gaur: «Bielsa ikaragarri gustatzen zait, eta haren taldeak irabaziko du. Noski, horrek nire taldeak irabaziko duela esan nahi du». Ordea, azkar erantzun zion Sergio Comeda lagunak, Bartzelonakoak: «Egia da 2009tik bi taldeen arteko aldea murriztu egin dela, baina oraindik kataluniarrak askoz hobeak dira, eta iruditzen zait hori zelaian igarri egingo dela». Kontuak kontu, Vicente Calderonek dauka azken hitza.

Aguileraren arabera, inoiz ez dituzte ikusten Athleticen eta Bartzelonaren arteko partidak elkarrekin: «Hala egiten badugu, haserretu egiten gara. Dena den, gaur izango da lehenengo aldia hori egingo duguna, okasioak merezi baitu».

Gunea, zelaitik bi kilometrora

Vicente Calderonen alde banatan daude Athleticen eta Bartzelonaren guneak. Elkarrengandik lau kilometrora, gutxi gorabehera. Ordea, izugarrizko aldea dago bien artean. Kataluniarrena familia giroan egoteko dago egokituta. Haurrei aurpegia margotzea eta jolasak egitea da haien egitaraua. Euskaldunena, berriz, festa egitea. Gainera, Bartzelonarena baino lau aldiz handiagoa da zuri-gorriena.

Festaren hasiera txikia atzo izan zen, eta gaur lehertuko da, ongi lehertu ere. Osagai guztiak prestatuta daude, eta jakina da jarraitzaileek ezin hobeto erantzungo dutela. Bukaresten baino hobeto amaitzea merezi dute, dudarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.