Laburrak
- Kirol Arbitratze Epaitegiak (TAS) bertan behera utzi du Suediako Olinpiar Batzordeak Lisa Norden triatloilariari zilarrezko dominaren ordez urrezkoa emateko egindako eskaera. Adierazi duenez, ez dago epaileen juzkua zalantzan jartzeko argudiorik. Helmugako argazkiak Nicola Spirig eta Norden batera helmugaratu zirela erakusten duela zioen Suediako Olinpiar Batzordeak, eta ondorioz, biek merezi dutela urrea.
- Robert Korzeniowski izan da inoizko ibiltari onena Olinpiar Jokoetan. Poloniarrak urrezko lau domina irabazi zituen. Horietatik hiru jarraian, 50 kilometrokoan, Atlantan, Sydneyn eta Atenasen. Sydneyn, 20 kilometrokoan ere urrea eraman zuen.
- Pekinen sartu zen BMX modalitatea Jokoetan, eta Londresen egin du bigarren urratsa. Strombergs lituaniarrak irabazi du gizonezkoetan, eta Pajon kolonbiarrak emakumezkoetan.
- Londresko Jokoetan eta aurrekoetan txandakako lasterketek duten arrakasta ikusita, txandakakoetan bakarrik oinarritutako txapelketa berezi bat antolatuko du Nazioarteko Atletismo Federazioak. Aurreneko aldiz bi urte barru jokatuko da, Nassaun (Bahamak), eta bi egunez atletarik onenak han biltzea da helburua. Txandakako ohiko lasterketak jokatuko dira (4x100 eta 4x400), baina baita batere ohikoak ez diren beste hiru ere: 4x200, 4x800 eta 4x1.500.
- Londresko Jokoen antolakuntzak sarrera gehiago jarriko ditu salgai igandeko itxiera ekitaldirako, egunean bertan. Hala ere, gaur sarrera batzuk erosteko aukera dago webgune ofizialean, 1.265 eurotan.
- NOBek Atenasko Olinpiar Jokoetako erlojupekoan lortu zuen urrea kendu dio Tyler Hamilton txirrindulariari dopinagatik. Viatcheslav Ekimovena izango da orain urre hori, Bobby Julichena zilarra eta Michael Rogersena brontzea. Hamilton 2009an erretiratu zen.
- Londresko metroko garbitzaileek 48 orduko greba bati ekin zioten atzo, Olinpiar Jokoek irauten duten bitartean ez dietelako diru sari berezirik eman. "Denak ari dira jokoei begira, milioika lagun haiekin gozatzen, eta Londresko garraioetako garbitzaileak, berriz, lanik zikinenak egiten eta soldatarik miserableenak jasotzen", esan dute langileen ordezkariek.
Esanak
- Jesus Angel Garcia Bragado (Espainiako 50 kilometroko ibilketako atleta): "Urrea lortuta, ortodontzia ordainduko diot Odriozolari". "Aitona batek gidatzen gaitu".
- Usain Bolt (Jamaikako atleta): "Carl Lewisek ez du ezer egin atletismoagatik, berarengatik baizik".
- David Cal (Espainiako selekzioko piraguista): "Urruti ikusten dut Rio de Janeiro, 10.000 kilometrora edo".
- Victor Conte (BALCO laboratorioko buru izandakoa eta BALCO auzian epaitua): "Jokoetako dopin kontrolak propaganda baino ez dira"; "Orain bota dute amua, baina arraina duela bederatzi hilabete pasa zen"; "Atleten %60 dopatuak daude".
- Catherine Ibarguen (Kolonbiako jauzilaria): "Uaraban, haurrek saltoka egiten dituzte mandatuak".
- LeBron James (AEBetako saskibaloi jokalaria): "Misio bat betetzera etorri gara Londresera, gure soldaduak bezala".