Pilota

TASek azaroaren 28a baino lehen ez du esango euskal selekzioaz erabakitzeko eskumena duen

Kirola Arbitratzeko Epaitegiak auzi saio bat egin zuen hilaren 11n Euskadiko Euskal Pilota Federazioarekin, nazioartekoarekin, Espainiakoarekin eta Kubakoarekin. Alde bakoitzak bere argudioak eman zituen, xehetasun guztiekin.

Aritz Erkiaga puntista. ARITZ LOIOLA / FOKU
Aritz Erkiaga euskal selekzioko puntista, Gernika-Lumon jokatutako Nazioen Ligan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko irailaren 18a
13:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) azaroaren 28a baino lehen behintzat ez du esango euskal selekzioaz erabakitzeko eskumena duen. Hori jakinarazi die gaur auzi horretako lau aldeei: Euskadiko Euskal Pilota Federazioari, nazioartekoari, Espainiakoari eta Kubakoari. Hain zuzen, lau federazio horiek auzi saioa egin zuten TASen egoitzan, hilaren 11n, eta bakoitzak bere argudioak eman zizkioten. Espainiako eta Kubako federazioek inpugnatu egin dute Euskadiko Euskal Pilota Federazioa nazioartekoan sartzeko modua eman zuen bilera, eta TASek zera argitu nahi du: ea eskumenik ba ote duen hori erabakitzeko.

Joxemari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren presidenteak zera hausnartu zuen bilera bukatu zenean. «Auzi saioak zenbat iraun duen ikusita, bistakoa da TASek ez dauzkala gauzak argi, zalantza handiak dituela, eta hori ez dakit ona edo txarra den. Kezka apur bat sortzen digu. Hurrengo egunetan jakinaraziko dute erabakia, eta espero dezagun gure aldekoa izatea». Bada, berriro agerian geratu da TASek zalantzak dituela, denbora gehiago eskatu baitu gaia aztertzeko eta erabaki bat hartzeko.

TASek dauka azken hitza. Erabakiak Euskadiko eta nazioarteko federazioei arrazoi emango balie, oso gertu egongo litzateke behin betiko ofizialtasuna. Ordea, sententzia euskal selekzioaren kontrakoa balitz, epaiketa bat abiatuko litzateke. Oso luze joko luke epaiketa horrek, hainbat lagunek parte hartu beharko bailukete. Bien bitartean, euskal selekzioa normaltasun osoz lehiatu ahal izango da nazioarteko txapelketetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.