Teknika hobetzea, elo puntuen gainetik

Paul Velten xakeko maisu handia lehen aldiz sailkatu da Munduko Koparako. Urrian jokatuko dute txapelketa. Hori lortu duen Euskal Herriko xake jokalari bakarra da.

Paul Velten xake jokalaria. MICHEL GODART
Paul Velten xake jokalaria. MICHEL GODART
Josu Tornay.
2025eko maiatzaren 23a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Paul Velten maisu handia 9 urte zituenean hasi zen xakean jokatzen, eskolan, Baionan. Handik gutxira, Cyber Echecs Bayonnais xake elkartera joaten hasi zen. «Jendea eta giroa gustatu zitzaizkidan, batez ere. Horrelako giroa, helduen artean, berria zen niretzat. Barre asko egiten nuen haien artean egiten zituzten txantxekin. Ahal izanez gero, klubera joaten nintzen, normalean asteazkenetan eta larunbatetan». Hantxe egin zituen lehen urratsak. «2.000 elo baino gehiago zituzten jokalariak zeuden, eta haien kontra jokatzea oso baliagarria izan zen gora egiten hasteko. Zorte handia izan nuen. Nahiz eta partidak galdu, ikasi egiten nuen, eta pozik nengoen». Urteak igaro dira, eta berriki Munduko Koparako sailkatzea lortu du. Hori lortu duen Euskal Herriko lehen xake jokalaria da. Emaitzei baino gehiago, teknikari lehentasuna emanez osatu du bidea.

2006an jokatu zuen goi mailako lehen lehia, 12 urterekin: Frantziako Gazteentzako Txapelketa, Aix-les-Bainsen. «Torneo hori mugarri bat izan zen, lehen aldiz ikusi bainituen irekitze prestakuntzak, partiden analisiak eta beste xehetasun asko. Orduan hasi nintzen xakea ogibidetzat hartzen». Gazteentzako Frantziako txapelketak irabazi zituen 2012an eta 2013an, eta, horri esker, Munduko Txapelketetan parte hartu zuen. Txapelketa horiek Atenasen eta Kocaelin (Turkia) jokatu zituzten.

2013an, hobetzen jarraitzeko, Baionako kluba utzi behar izan zuen, eta Chalons en Champagnera joan zen, hiru urterako kontratuarekin. Horri esker, Frantziako liga gorenean lehiatzen hasi zen, eta goi mailako jokalariekin entrenatzeko aukera eduki zuen. «Chalonseko elkartea Frantziako klub garrantzitsuenetako bat da, eta hara joatea proiektu bat zen, osorik hartuta».

Baina iaz, 11 urteren ostean, Baionara itzuli zen. «Familia Baionan daukat, baita itsasoa eta mendia ere. Gauza batzuek ez daukate preziorik. Gainera, bueltatu naizenetik emaitza hobeak lortzen ari naiz. Egunerokoa atseginagoa izateak eragina izan du horretan, ziurrenik». Iaz Euskadiko Txapelketa jokatu zuen, eta Euskal Ligan hartu du parte Gros Xake taldearekin. Berriki, gainera, Donostia Hiria Xake Irekia irabazi du. «Oso pozik jokatzen dut bertan. Etxean bezala jokatzea da, eta gehiagotan egitea espero dut. Hala ere, hobetzen jarraitzeko lehiaketa indartsuenetan parte hartzen jarraitu beharko dut, eta horiek, zoritxarrez, oso urrun jokatzen dira». Hala, nahiz eta Baionan bizi, Chalonsekin jokatzen jarraitzen du. «Chalonsekin egiten dudan guztia ezingo nuke Baionako klubarekin egin».

Veltenen emaitzak oso onak izan dira azken urtean. Baina iazko Euskadiko Txapelketan, faborito nagusia izan arren, bosgarren amaitu zuen. Euskal Ligan ere Grosek ez zuen irabazi. «Euskadiko Txapelketan gauza ugari egin nituen gaizki, baina akatsetatik ikasten dut. Gainera, Euskal Herriko jokalarien maila haien eloek diotena baino hobeagoa da; batez ere gazteena. Xakean umila izaten ikasten da. Partida batean edozer gerta daiteke, eta edonoren kontra gal dezakezu».

Dena den, berriki Donostiako Irekian gailendu da, zazpi partida irabazita eta bi berdinduta. Dena den, ez da guztiz asebeteta geratu egin duen jokoarekin. «Emaitzak onak izan ziren, baina jokoa ez hainbeste. Europako Txapelketarako egindako lanak lagundu egin zidan».

Martxoan Europako Txapelketan parte hartu zuen. Hogeigarren tokian amaitu zuen, eta, horri esker, Munduko Koparako sailkatu da. «Ez nuen espero halako emaitza lortzea. Erronka bakarra nuen: jokalari indartsuenen kontra jokatzea. Asko motibatzen ninduen. Bertan parte hartze hutsa nahikoa zen. Arreta nire partidetan jarri nuen».

«Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin sailkatuko nintzenik. Ez nion neure buruari alferrikako edo gehiegizko presioa jarri nahi»

PAUL VELTENXakeko maisu handia

Eforie Norden (Errumania) jokatu zen txapelketa. 375 jokalarik hartu zuten parte, eta Velten 90. tokian zegoen elo zerrendan. Hiru txandetako partidak irabazi zituen segidan: laugarreneko, bosgarreneko eta seigarrenekoak. Hamabigarren postuan zegoen, torneoa ondo zihoan eta Munduko Koparako sailkatzeko aukera zuen. Dena den, ez zen fio. «Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin sailkatuko nintzenik. Ez nion neure buruari alferrikako edo gehiegizko presioa jarri nahi». Zortzigarren txanda galdu egin zuen, Gabriel Sargissianen kontra, eta behera egin zuen sailkapenean: 25. tokira jaitsi zen.

Ruslan Ponomarioven kontra berdindu egin zuen, eta atzera egin zuen berriz ere sailkapenean. Torneoa amaitzeko bi txanda falta zirenean 34. postuan zegoen. Hamargarrenean Mahammad Muradliri irabazi egin zion, eta azken txandara hamaseigarren tokian iritsi zen. Bertan berdindu egin zuen, eta, hala, hogeigarren tokia ziurtatu zuen.

Hobetzen segitzea helburu

Munduko Kopa urriaren 31tik azaroaren 27ra jokatuko dute, Indian. Txapelketa horri begira dituen aurreikuspenez galdetuta, FIDEren janzteko kodeari buruzko txantxa batekin erantzun du. «Espero dudan gauza bakarra da gorbatarekin eta trajearekin jokatu behar ez izatea. 2.700 elo baino gehiago dituzten jokalarien aurka jokatu dut, eta irekitzeak lantzen jarraitu nahi dut. Horrekin batera, partidak ikusten ariko direnei gauza berriak eta interesgarriak eskaini nahi dizkiet».

Etorkizunera begira ez du arreta emaitzetan jarri nahi. «Helburu teknikoak ditut, besterik ez. Ez dut 2.600 elo edo beste zenbakiren bat buruan. Ez dut horretan pentsatzen. Errepikatzen dudan akats bat identifikatzen dudanean, hurrengo torneoan zuzentzen saiatzen naiz. Nire helburua elo puntuak handitzea zenean, kostatu egiten zitzaidan. Orain ez diot horri hainbeste erreparatzen, eta igotzea lortu dut».

Aste honetan Frantziako Top 16 Liga jokatuko du Chalonsekin, eta goi mailako partidak izango ditu. Horren ostean, ekainean, partida bizkor eta erdibizkorretako Frantziako Txapelketetan hartuko du parte. Jokalari gazteak ere entrenatzen ditu, Frantziako Federazioarekin elkarlanean. «Bitxia bada ere, aurten ez dut denborarik izan nahi nukeen moduan lan egiteko». Etorkizunari buruz galdetuta, berehala erantzun du: «Alde batetatik, hobeto jokatu nahi dut, eta, beste alde batetik, eskaintzen ditudan zerbitzuetan urrats bat egin. Ez da oso originala, baina egiten dudana maite dut. Hori da garrantzitsuena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.