Urtetik urtera ari da handitzen diru zorra, eta horri buruz ere hitz egin du Patxi Izkok BERRIArekin. Egoerarekin kezkatuta dago, baina klubak duen ondarea aintzat hartuta, Ligako klub gehienak baino egoera hobean daudela uste du.
Egoera ekonomikoa al da oraindik zure buruhausterik handiena?
Ez dakit handiena ala txikiena den, baina kezka bat da. Dena dela, ez da gure arazoa soilik. Une honetan, uste dut hamar direla salaketen erruz fitxatu ezinda dauden taldeak, eta gu ez gaude hor. Klub guztiek jasotzen dutena baino gehiago gastatzea erokeria handia da, eta egungo futbola ez da iraunkorra. Futbola ondo arautzen ez bada, behea joko dugu. Egun, zortzi talde daude konkurtso legean Lehen Mailan eta Bigarren Mailan. %20a erokeria da! Kontrol ekonomiko zorrotzak ezarri ezean, akabo futbola! Adibidez, Malaga une honetan fitxaketak egiten ikustea mingarria da, oraindik dirua zor baitigu Chengue Morales eraman zutenetik. Nola ez dute zorrak kitatzera derrigortzen lau milioi euroko fitxa duten jokalariak fitxatzen ari denean? Beste edozein esparrutan imajina ezina da, baina futbola horrelakoa da! Zorrak dituzten klubak fitxatzen jarraituz gero, maila galarazi beharko liekete.
Diru sarreren araberako aurrekontua egiten duen taldea...
[Eten egin du Izkok galdera, hitza hartuz] Ergelena da, hori egiten duena talderik ergelena da gaur egungo futbolean. Lotsagabeak saritzen ditu gaur egungo sistemak, tamalgarria da, baina benetakoa! Eta denok gara errudunak, klub guztiok egin dugu. Espainiako futbolak 5.000 milioi euro zor dizkio Ogasunari, gai larria da, eta badakit Platinik hori amaitu nahi duela. Dena dela, eta zorrak izan arren, ezarri nahi dituzten mugen gertu gaude.
59 milioi euroko zor gordina dauka Osasunak, 27 milioiko zor garbia, eta, halere, talde gehienak baino hobeto?
Ondo gaudela esan dezakegu, hori da tristea. Ondarea daukagu, eta zorrari aurre egiteko moduan gaude, horrez gain. Lehen Mailako ia talde guztiek sinatuko lukete gure egoeran egotea. Diru sarrerekin aurrekontua betetzen duen klub bakar bat ere ez dago Lehen Mailan.
Ondarea badauka Osasunak, baina egungo krisi egoeran ondare horren balioa zein den zehaztea ere zaila da.
Guk ez dugu ondarea saldu nahi zorra kitatzeko. Ondarea balio segurua da. Premiazko egoera batetan, merkatuak erabakiko du zenbat balio duen ondareak, baina ez gaude egoera horretan. Taxoaren birkalifikatu lur sailek 15 milioi euro balio zutela erabaki zuten adituek bere garaian; une honetan argi dago ez dutela 15 milioi euro balio, baina saltzen ez duzun bitartean ondareak hor jarraituko du. Estadioan ia 20.000 metro ditugu… Ondarea daukanak hobeto egingo dio aurre krisiari.
Egoera honetan elastikoan babesle nagusirik gabe jarraitzea luxua al da?
Bai noski, ikaragarria, baina orain arte jasotako eskaintzak ez zaizkigu gustatu. Akordioa gertu izan daiteke, eta sasoia amaitu aurretik babesle nagusia lotuta izatea posible da, baietz espero dut.
Telebista eskubideen jabe den Mediapro enpresak ere garai larria bizi du krisiaren eraginez. Telebista eskubideen dirua ziurtaturik al duzue?
Esatera noanak zentzugabea dirudi, baina nahiagoko nuke telebista kateen dirurik ez izatea, baina inorentzat ez! Telebista eskubideengatik diru sarrerarik izango ez balitz, Osasuna hobeto egongo litzateke. Ondoen iraungo zuen taldeetako bat izango litzateke. Ematen digutena xahutu egiten dugu denok, eta askotan dirua jaso aurretik, gainera. Zer gertatuko litzateke? Bada futbolariek egun jasotzen dutenaren erdia edo herena kobratuko luketela.
Osasuna egun duen aurrekontuaren erdiarekin imajinatzen al duzu hemendik bizpahiru urtera?
Seguru nago! Badakit guk hurrengo denboraldian aurrekontu murrizketa handia egin beharko dugula. Arauak betetzen hasten garenean, koska pare bat jaitsi beharrean izango gara gu, baina beste talde batzuek bospasei koska jaitsi beharko dituzte.
«Telebista kateen dirurik gabe hobeto egongo ginateke»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu