Geraint Thomas (Sky) da Frantziako Tourreko txirrindularirik indartsuena. Merezimendu osoz darama elastiko horia soinean, eta, txakalaldi erraldoiren bat edo zorigaitzik izan ezean, Pariseraino eramango du. Baieztapen horiek ez dira iritziak, Tourrak izan duen bilakaerak eragindako ondorio zientifikoak baizik. Lehen aste urduria, Alpeak, eta Pirinioetako bi etapa, nagusia tartean, pasatu ondoren, Thomas dago sailkapeneko buruan. Are gehiago, atzo, Porteteko helmugan, lau segundoko gainsaria lortzeko esprintatu zuen. Ibilbidearen gogortasunak tropel osoaren indarra probatu du, eta Thomasek bi minuturen alde badu hautespen naturalarengatik izan da. Thomas egokitu da hobekien ingurune gogorrera, eta biziraule peto batek bezala erantzun du.
Etapa nagusia jokatu zen atzo, 56 kilometro eta bi ordu eta hogei minutu iraun zuen antolatzaileen gutizia. Galbahea egiteko diseinaturiko etapa zen, eta benetako entresaka lehen posturako lehian egin zuen. Izan ere, Thomasek orain 1.59 ateratzen dizkio Tom Dumoulini (Sunewb). Errenta oso polita da etziko Pirinioetako azken etapara eta larunbateko Lapurdiko erlojupekora begira. Galestarrak ia erdi erabakita utzi du Tourra. 32 urterekin, askogatik bere ibilbideko lorpenik handiena ukitzen ari da hatz puntekin, eta ahulezia zantzurik txikiena eman gabe. Tour honetara arte, izan ere, 15. postutik pasatu gabea zen itzuli handi batean.
Hortik atzera, berriz, Portetek asko ireki zuen podiumerako borroka. Chris Froomek (Sky) hezur-haragizkoa dela erakutsi, eta 49 segundo galdu zituen taldekidearen aldean. Bide batez, Sky barneko debatea bukatu zuen. Orain, Dumoulin da bigarren sailkapen nagusian, eta 32 segundo ateratzen dizkio Froomeri. Hari, gainera, Roglic etorri zaio gainera, eta hamasei segundora du. Haren sasoia ikusita, Froomek dirudi ahulena. Hordagoa jo zuen Giro eta Tourra irabazteko asmoarekin, baina, beste behin, badirudi apustu hori handiegia dela.
Nairo Quintana atzerago dago, Roglicengandik 43 segundora. Porteten tropeleko igotzaile peto onenetarikoa dela gogorarazi zien zale guztiei, eta igoera erregular baten ondoren altxatu zituen besoak helmugan. Elastiko horiaren bila abiatu zen Tourrera, eta etapa batekin konformatu behar. Sari txikia da harentzat. Quintanak helmugatik 14 kilometrora jo zuen, eta harena izan zen sailkapen nagusiko izen handien arteko lehen mugimendua. Ordura arte, lehen bi mendateetan —Peyragudes eta Val Louronen— Skyren makineriak lotuta eraman zuen indartsuenen borondatea.
Ihesaldia egon zen, hala ere. Tanel Kangert (Astana) izan zen alde egiten aurrenekoa, eta haren atzetik beste hogei bat txirrindulari mugitu ziren arren —tartean lau euskal txirrindulari: Izagirretarrak (Bahrain), Omar Fraile (Astana) eta Romain Sicard (Direct)—, estoniarra izan zen amore eman zuen azkena. Helmugatik 8,5 kilometrora pasatu zuen Quintanak, eta, hala ere, hogeigarren bukatu zuen Kangertek.
Suak neurtzen du urrearen kalitatea, eta Tourrean Portet zen txirrindularien kilate kopurua neurtu behar zuen igoera. 2.215 metroko mendatetzarra da, 16 kilometroko ibilbidearekin eta %8,7ko batez besteko pendizarekin. Atzo igo zuten aurrenekoz Tourmalet berria, baina ziurtzat jo daiteke ez dela azkena izango. Esan bezala,Quintana izan zen lasaitasuna hautsi zuen aurrenekoa,baina Sky ez zen irten haren atzetik. 4.23ra zegoen sailkapenean, eta ez zen mehatxua.
Kolonbiarrak berehala lortu zuen minutu baten aldea, eta, igoera oso erregularra egin zuenez, helmugara arte eutsi zion. Atzean, Sky nagusi zen. Roglicek erasoa jo zuen helmugatik 13,3 kilometrora, eta orduantxe Skyko sei kide zeuden aurreko multzoan. Froomek erantzun zion esloveniarrari, baina ez zuen gaitasunik izan bidea egiteko. Handik kilometro batera berriz ere elkarrekin ziren faborito guztiak, Skyko lau kiderekin.
Igoeraren poderioz, oilarren multzoa murriztuz joan zen, eta helmugatik zortzi kilometrora bederatzikoa zen: lau Sky: Thomas, Froome, Poels eta Bernal; bi Lotto-Jumbo: Roglic eta Kruijswijk, Dumoulin, Bardet (Ag2r) eta Landa (Movistar). Skyren aginteak ez du izenik. Froome, baina, atzean zen, Landarekin, eta ahulezia zantzu txiki horiek Roglicen gosea areagotu zuten. Aurretik egin bezala, helmugatik 2,5era estualdi indartsua jo zuen. Esloveniarrak odola usaindu du, eta podiumean bukatu nahi du. Eta orduan bai, orduan egin zuen triskantza. Dumoulin eta Thomas irten ziren haren gurpilera, eta galestarra izan zen bizkorrena, esprinta jo baitzuen. Froome herio batean igo zen, eta Landa, harekin. Zazpigarren da orain, 4.34ra.
Frantziako Tourra
Thomas, hautespen naturalez
Liderra izan da faboritoen multzoko indartsuena Porteten gora, eta Tourra erdi erabakita utzi du. Dumoulinek Froome pasatu du, eta Roglic gainera etorri zaio. Quintanak irabazi du etapa nagusia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu