Kirola

Tibeten aldeko protestak tarteko, itzalita eta autobusean egin du olinpiar suziak ibilbidearen zati bat Parisen

Azken erreleboak bertan behera utzi dituzte, eta autobusean iritsiko da Charlety estadiora. Eiffel dorretik abiatu denean, Txinaren kontrako eta Tibeten aldeko ehunka manifestarik inguratu dute. Hiru mila polizia ari dira Parisen suzia zaintzen. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak Txinari Tibeteko arazoa "modu baketsuan" konpontzeko eskatu dio.

2008ko apirilaren 7a
17:21
Entzun
Ibilbidearen azken zatia bertan behera utzi, eta Charlety estadiora olinpiar suzia autobusean eramatea erabaki dute Parisko ibilbidearen antolataileek, Tibeten aldeko protestak tarteko aldian-aldian sortu diren liskarren ondorioz. Azken zati horretan ez ezik, itzalita eta autobusean egi ditu olinpiar suziak Parisen egin beharreko 28 kilometroetatik asko.

Eiffel dorrean abiatu du Olinpiar suziak Parisen barrena egin beharreko ibilbidea. 12:35ean. Stéphane Diagana, 400 metrotako munduko txapeldun izan zen atletak, hartu du. Segituan Txinaren kontrako eta Tibeten aldeko ehunka manifestarik inguratu dute, Sylvain Garel Parisko kontseiluko hautetsi berdeen bozeramailea buru dela. Tentsio une handiak bizi izan dira, eta zenbait iturriren arabera, Poliziak lau lagun atxilotu ditu.

Manifestarien kopurua eta liskarren gogortasuna areagotzen zihoala eta, une batzuetan suzia itzali eta ibilbidearen hainbat zati autobusean egitea erabaki dute antolatzaileek. Arestian aipatu bezala, azken erreleboak bertan behera utzi dituzte, eta Parisen helmuga duen Charlety estadiora ere autobusean iritsiko da.

Nolanahi ere, Frantziako Gobernuak eta Poliziak segurtasun neurri handiak hartu dituzte suzia babesteko eta atzo Londresen izan ziren tankera bereko liskarrik gerta ez dadin -bi lagunek suzia hartu nahi izan zuten Tibeteko egoera salatzeko-. Hiru mila polizia ari dira segurtasun lanetan: motoetan, helikopteroetan, ontzietan, autoetan, oinez...

Parisen hainbat elkartek egin dituzte manifestazio eta protestarako deiak, Tibeteko kontuagatik edota Txinak giza eskubideen kontra egiten dituen urraketengatik. François Bayrou Modem alderdiko buruzagiak, esaterako, suzia pasatzen den unean 'Tibet' oihu egiteko dei egin die paristarrei.

80 lagunek eraman behar zuten gaur suzia Parisen, 28 kilometroko ibilbidean.

Abuztuan hasiko dira Olinpiar Jokoak Pekinen, eta martxoaren 10etik liskarrak izan dira Tibeten. Txinak 1951ean hartu zuen Tibet menpean.

Gaur Jacques Rogge Nazioarteko Olinpiar Batzordeko (NBO) presidenteak Txinari Tibeteko arazoa "modu baketsuan" konpontzeko eskatu dio.

Abuztura bitartean Australiatik ere pasatuko da olinpiar suzia -apirilean, Camberratik-, eta hango gobernuak aldatu egin du ibilbidea, segurtasunagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.