Titin III.ak mendeku txikia hartu du

Triciokoak eta Goñi III.ak Olaizola II.a eta Otxandorenari irabazi diete, Naturgas Torneoan (22-17)

Imanol Magro Eizmendi.
2008ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Titin eta Olaizola II.a elkarren aurka jokaturikoak ziren binakako finalaz geroztik. Atzo egin zuten topo, Balmasedan, Naturgas Torneoko lehen finalerdian, eta Triciokoak mendeku txikia hartu zuen (22-17). Aurrelarien areko demak ikusmina sortu zuen, baina atzelariek egin zuten lan txukunena. Lehia gogorra izan zen, piloteo askokoa, torneokoa baino txapelketa partida zirudien.

Balmasedako frontoia luzea da, eta halakoetan, pilotekin asmatu ezean, zaila da partida ikusgarririk jokatzea. Atzo, ez zuten asmatu, eta ordu eta laurdenez aritu ziren. Partida gogorrak Goñi III.aren lurraldea dira, eta Zubirikoa nabarmendu zen. Otxandorenak ere lan txukuna egin zuen, baina ez zuen hainbeste gozatu. Atzeko koadroetan nagusi izan arren, Asegarcekoek ziren aurretik hasieran (15-10).

Azken txanpan, baina, Titinek gora egin zuen Goñiren eskutik. Lehenbizi partida berdindu zuten (16-16), eta gero erabakita utzi (17-21). Lau pilotariek leher eginda bukatu zuten, partida gogorregia izan zen torneo baterako. Beste finalerdia ostiralean jokatuko da, Oiartzunen, Irujo-Eulate eta Berasaluze VIII.a-Beginoren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.