Tituluak behar ditu Miarritzek. Txapelik gabe, Lapurdiko kostako taldea ez da berdina. Joan zen denboraldian, Top 14ko finalerdietara eta Heineken Kopako final-laurdenetara iritsi zen Miarritze. Hala ere, emaitza horiek ez zituen ontzat eman taldeko zuzendaritzak, eta denen ahotan huts egindako sasoia izan zen. «Top 14ean laugarren txapela jarraian janzteko aukera galdu genuen. Heineken Kopan, berriz, bigarren aldiz jarraian finala jokatu nahi genuen. Egia da zerbaitetan huts egin genuela», aitortu du Patrice Lagisquet Miarritzeko entrenatzaileak.
Sasoi honetan, iragan denboraldiko zoritxarrak ahazteko, taldearen bizkarrezurrari eustearen alde egin du Miarritzek. Joandako jokalari garrantzitsuei ordezkoak atzematen saiatu da lehenik. Horrela, Vahafolau tongarrak, Akizera joandako Thomas Lievremonten lekua hartuko du. Coetzee hegoafrikarrak, berriz, Lealamanu´a samoarraren hutsunea beteko dulehen lerroan.
Gainerakoan, iragan sasoian ekarritako jokalarien alde egitea hautatu du Miarritzek, eta hurrengo urteei begira, taldera pixkanaka sartuko diren jokalari gazteak ekarri ditu. Iragan ekainean Lagisquetek, dena zalantza ez zutela emanen erran zuen Bordelen, Top 14ko finalerdia galdu ondoren. Honakoa hau adierazi zuen: «Jokalari berriek, askotan beraien bigarren urtetik aitzina ematen dute daukaten guztia. Hurrengo urterako, sasoi honetan [aurreko sasoian] ekarritako jokalariengan sinesten dut». Denboraldi honetan, beraz, iaz iritsitako Masi, Bosch, Dellape edo Dridik aurreko sasoian baino zeregin garrantzitsuagoa bete beharko dute.
AGILERA BERRIA. Iragan sasoiko gertaerek, ez dute taldearen lana zalantzan jarri, eta azken urteetan diseinatutako lan ildoekin segitu nahi du Miarritzek. Erraterako, handitzen segitu nahi du. Azken urteetan azpiegituren arloan lan handia eraman du Miarritzek. Oraingoan, epe ertain-luzeari begirako proiektua osatu du. Izan ere, Agilerari 18.000 ikusleko lekua emateko proiektua aurkeztu duuda honetan. Horrez gain, gaur egungo Agilera inguruko eremu guztia osoki eraldatu nahi du, besteak beste, igerilekua, hotelak, jatetxeak, upategiak... eta beste hainbat eraikin komertzial eginez.
Bere indarretaz segur dago Miarritze. Gisa horretako proiektu batek zentzua ukateko, epe luzean zuri-gorriak kirol mailan goiko taldeekin borrokan egotea behar-beharrezkoa baitu. Miarritzek ez du asmorik, azken urteetan irabazitako protagonismoa galtzeko, eta luzaroan goiko partean egotean oinarritzen du kirol proiektua.
Epe luzeko talde handia bihurtzeko bidean, Heineken Kopa irabaztea da igotzeke gelditzen zaion gailur bakarra. Iragan sasoian, hori zen helburu nagusia. Denboraldi honetan, Top 14an ere txapelaren bila joateko asmoa badu ere, Heineken Kopa ukanen du jomugan Patrice Lagisqueten taldeak. Nahiz eta egia den Miarritze Europa mailan arerio ezagutu eta errespetatua dela, Europa mailako talde handien artean sartzeko, azken trofeo hori eskas du. Final-laurdenetarako bidean, iragan sasoian bezala, haren eskura dauden taldeekin batera jokatuko du sailkapen fasean. Miarritze laugarren multzoan ariko da. Harekin batera, Ingalaterrako Saracens, Eskoziako Glasgow eta Italiako Viadana ariko dira. Heineken Kopa irabazteko bidean, azken urteetan egin duen bezala, final-laurdenak Anoetan jokatu nahiko ditu. Horretarako, sailkapeneko lehen postuan bukatzea ez da aski izanen. Sei multzoetan sailkatutakoen artean puntu gehien lortutako lehen lau zerrendaburuetan sailkatu beharko du. Horrela lortuko du final-laurdenak etxean, Donostian jokatzea.
Titulu gosez
Iragan sasoiko helburuak huts egin ondoren, errebantxa hartzeko gogoz dago Miarritze. Top 14ean berriz nagusi izan nahi du, eta oraindik irabazterik izan ez duen Heineken Kopa irabazi. eneritz zabaletA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu