Tokioko kopurua gainditzea espero da

Oraingoz zortzi dira Parisko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea ziurtatua duten euskal kirolariak. Sailkapen proben, deialdien eta munduko zerrenden itxieraren zain, Tokion baino gehiago izatea espero da. 30 izan ziren orduan.

OLINPIAR JOKOAK - MAIALEN CHOURRAUT
Maialen Chourraut piraguista, Tokioko jokoetan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko maiatzaren 2a
20:00
Entzun

Uztailaren 26an hasiko dira Parisko Olinpiar Jokoak. Olinpiar suziria Frantziako hiribururako bidean da, eta pixkanaka ari da osatzen bertan lehiatuko diren kirolarien zerrenda. Tokion Euskal Herriko 30 kirolari aritu ziren lehian, eta, ezusterik ezean, Parisen gehiago izango dira. Zortzik dagoeneko ziurtatua dute sailkatuko direla; beste batzuek maiatza eta uztaila artean izango dituzte sailkapen probak; eta badira azken ordura arte zain egon beharko dutenak, hautatzaileen zerrendak jakin edo munduko zerrendak itxi arte.

Sailkatuta daudenak

Kirolari batzuek dagoeneko badakite Parisen izango direla. Haien artean dago Maialen Chourraut piraguista. Azken hiru Olinpiar Jokoetan domina lortu ostean, K1 eslalomean eta kayak krosean lehiatuko da. 41 urte ditu, eta, beraz, zail dirudi hurrengo Olinpiar Jokoetara iristea. Ohikoa duen izaera lehiakorrarekin, laugarren domina lortzen ahaleginduko da. Kirol berean, estreinakoz parte hartuko dute Pau Etxanizek eta Miren Lazkanok. Lehena, Chourrauten antzera, K1ean eta kayak krosean lehiatuko da; Lazkano, berriz, C1ean eta kayak krosean.

Oparoa izan zen azken Munduko Txapelketa Euskal Herriko surflarientzat. Puerto Ricon jokatu zen, eta guztira lau surflarik lortu zuten Jokoetan egoteko sailkatzea: Nadia Erostarbek, Janire Gonzalez Etxabarrik, Andi Crierek eta Joan Duruk. Tokia ziurtatuta, datozen bi hilabeteak prestakuntza fintzeko baliatu ahal izango dituzte.

Sailkatua dagoen bestea Majida Maayuf maratoilaria da. Abenduan lortu zuen horretarako gutxieneko marka, Valentziako maratoian. 2.21.27ko denbora egin zuen. Hala, bost minutu hobetu zuen Espainiako marka.

Deialdiak eta munduko zerrendak ixteko zain

Badira beste kirolari batzuk aukera asko dituztenak Parisen egoteko, baina zain egon behar dutenak hautatzaileen deialdien berri izan arte eta munduko zerrendak itxi arte. Horrela dago Salma Solaun gimnasta; azken txapelketa nagusietako deialdietan izan da, tartean Munduko Txapelketakoa. 1996an Atlantako Olinpiar Jokoetan domina lortu zutenen lekukoa hartuko luke 19 urteko gazteak: Almudena Cid, Lorena Gurendez eta Estibalitz Fernandezena. 

Belar hockeyan, Tokiokoetan egon ostean, Jose Maria Basterra Chefo-k aukera asko ditu berriz Joko batzuetan parte hartzeko. Zailagoa du Maialen Garciak. Izan ere, azken deialdietan ez da egon.

Espainiako emakumezkoen selekzioa estreinakoz izango da Olinpiar Jokoetan, Nazioen Liga irabazi ostean. Montse Tome hautatzailearen zerrendan ohikoak dira Irene Paredes, Oihane Hernandez, Elene Lete eta Maite Oroz. Gizonezkoetan, 21 urtez azpiko selekzioak dira Jokoetan lehiatzen direnak. Azken deialdian Unai Gomez eta Beñat Turrientes sartu ziren. Ander Barrenetxea ere finkoa da, baina min hartuta zegoen. Aukera asko dituzte Aimar Orozek eta Jon Pachecok ere.

Eskubaloian, ekainean jakingo dira deialdiak. Ambros Martin Espainiako hautatzailearentzat funtsezko jokalariak dira Maitane Etxeberria eta Lyza Tchaptchet, eta azken deialdian egotea espero da. Biek lehen aldia izango lukete Olinpiar Jokoetan. Imanol Gartziandia, Kauldi Odriozola eta Sergei Hernandez ere Parisen egotea espero da.

Alberto Munarriz waterpoloko jokalariak eskarmentua du Olinpiar Jokoetan, dagoeneko bitan izan baita: Rion eta Tokion. Hirugarrena gertu du. Urte paregabea darama, urtarrilean urrezko domina eskuratu baitzuen Europako Txapelketan, eta otsailean, brontzezkoa Munduko Txapelketan.

Tourra amaitu eta gero erabakitzen da zer txirrindularik hartuko duten parte bai errepideko proban eta bai erlojupekoan. Euskal txirrindulariek ia ez dute abagunerik azken horretan; bai, ordea, errepidekoan: ibilbidea ikusita, gizonezkoetan, Alex Aranburuk eta Oier Lazkanok dute aukera gehien; emakumezkoetan, berriz, Ane Santestebanek. Maria Eranutzetamurgil eta Irati Etxarri saskibaloi jokalariak ere Parisen egoteko lehian daude.

Asier Martinez
Asier Martinez hesi jauzilaria. ADAM VAUGHAN / EFE

Beste kirolari batzuk munduko zerrendak itxi zain daude; atletak, esaterako. Jokoak hasi baino hiru aste lehenago arte itxaron beharko dute. Orain, Parisen izatetik gertuen dauden atletak hauek dira: Tessy Ebosele (luzera jauzia), Carlos Tobalina (pisua), John Cabang (60 metroko hesiduna) eta Asier Martinez (110 metroko hesiduna).

Antzera daude Jon Rahm eta Carlota Ziganda golf jokalariak ere. Orain, biak sailkatuta daude. Gizonezkoen zerrenda ekainaren 17an itxiko dute, eta emakumezkoena, 24an. Azkenean sailkatzen badira, Ziganda hirugarrenez lehiatuko da Olinpiar Jokoetan, eta Rahm, bigarren aldiz.

Judoan oraindik puntuak lortzeko probak dituzte, eta munduko zerrenda ekainaren 22an itxiko dute. Orain, 52 kiloz azpiko kategorian, barruan egongo litzateke Ariane Toro. Beren kategorietan puntuak behar dituzte Jose Maria Mendiolak eta Jaione Ekisoainek, kanpoan baitaude orain. 

Nahia Laso
NaIa Laso skaterra proba batean. ALI HAIDER / EFE

Sailkapen probak eta txapelketak jokatu beharrean

Kirolari batzuek hurrengo asteetan izango dituzte Parisen egoteko sailkapen probak. Skatean, adibidez, sailkatzeko azken bi probak maiatzean jokatuko dira, eta litekeena da Naia Laso egotea Jokoetan parte hartzeko lehian. Saskibaloian, uztailaren 2tik 7ra izango da sailkapen txapelketa, eta Dario Brizuela eta Xabi Lopez Arostegi bertan izatea espero da. Begoña Lazkano (piraguismoa, esprint modalitatea), Virginia Diaz (arrauna) eta Kevin Peponet (bela) sailkatze probetan murgilduta daude bete-betean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.