Odei Jainaga

Tokiora, Berlindik

Hogei urte ditu, baina Odei Jainagak 80 metrotik gora jaurtiki du xabalina. Badaki aurtengo Europako Txapelketetan arituko dela, baina bere anbizioak urrunago begiratzeko esaten dio.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Garaia da Odei Jainaga. «Iaz utzi nion hazteari, 1,95 metro luze naiz. Orain, zabaltzen hasteko garaia da». Ez da harritzekoa, 20 urte baino ez ditu, eta berandu hasi zen hazten. Hala ere, txikia da jaurtitzen duen 1.100 euroko karbonozko xabalinaren alboan, hura 260 zentimetro luze baita. Luzea da, bai, eta argala, 85 kilo baino ez ditu eibartarrak. Gazteagoa zenean bazuen kilo falta, baina ari da apurka hartzen, eta orain ez du horrek arduratzen. «Ez dut xabalina mugitzeko arazorik», dio. Halere, harena bezalako aldamioa duten munduko jaurtitzaile handiak 100 kilo inguruan ibiltzen dira.

Ez du xabalina mugitzeko arazorik, ezta jaurtitzeko ere. Duela bi aste, Castellon (Herrialde Katalanak), 80,74ko jaurtiketa ikusgarria egin zuen. Espainiako marka hobetu, eta Europako txapelketarako sailkatu zen —abuztuan da—. «Luxu bat da denboraldia hain ondo hasi izana. Sailkatzea motibazio handia da; orain, sasoiko nire helburua Berlinen ondo aritzea da». Hala ere, urteari ere beste zerbait eskatzen dio: «Aurten, oraindik pare bat metro gehiago jaurtitzea espero dut, 83 metroetara gerturatzea».

2018an 80 metroak igaroko zituela sinetsita zegoen Jainaga. «Jaurtiketa dezente ari nintzen egiten 71 eta 72 metro artean. Horiek, teknika kaskarrarekin, eta teknika onarekin 77,95 jaurti nuen. 80 metroak lehentasuna ziren, baina banekien laster edo geroago lortuko nuela». Beste pauso bat da jaurtitzailearen bilakaera ikusgarrian. Izan ere, gazte garaian bi urtez egon zen geldirik gerriko eta ukondoko arazoengatik, hurrenez hurren, eta, haiek sendatzean, gorakada ikusgarria egin zuen. «Bilakaera fisiko kontua izan da. Hori gabe ezingo nuke jaurti. Teknika findu dut, eta gorputza hartzean egin dut gora». Baina hainbesterako da? Bai. 17 urterekin, 57,52 jaurtiki zuen; 18rekin, 69,27; eta 19rekin, 77,66 (Euskal Herriko marka). Ia hamar metroko hobekuntza urte batetik bestera.

Castellokoa izan zen Jainagak 80 metroak pasatu zituen lehen aldia. Entrenamenduetan ere ez zuen lortu, baina badu azalpena: «Entrenamenduetan, asko jota, ahalaren %80an jaurtitzen dut. Jaurtiketa onak txapelketarako gorde behar dira». Izan ere, txapelketek gorputza «birrindu» egiten diote Jainagari. Xabalinan asko behartzen da gorputz osoa: sorbalda, besoa, enborra, oinak... «Esaterako, jaurtitzen duzunean, ezker oinaren gainean kolpetik gelditzen zara, eta eskuin hankaren indarrarekin zoaz. Gorputz osoa blokeatzen duzu jaurtitzeko. Orkatilek asko sufritzen dute». Eta Jainagak gorputzean sumatzen du: «Giharrak indartzeko lan handia egiten dut. Teknika beti findu daiteke, baina hurrengo pausoak gorputza indartuta etorriko dira».

Goizean irakasle ikasketak egiten ditu, Gasteizen, eta arratsaldean entrenatzen da, Fadurako kirol zentroan. Astean sei egunez trebatzen da, Jose Antonio Garcia Feijooren aginduetara. Gustura dago han, eta ez du bere burua Madrilgo eta Bartzelonako goi mailako zentroetan ikusten. «Entrenatzeko bere modua oso ondo egokitzen da nire gorputzera. Kanpoan ez dakit zer hobetu dezakedan». Eta atzerrira? Finlandia, Txekiar Errepublika, Alemania... Horiek dira potentzia handiak xabalinan. «Erakarri izan nau, baina kontu bera da. Hemen nagoen moduan, ondo nago, eta hobetzen ari naiz. Ez dakit, agian beste jauzi handi bat emango banu, 85 metro edo, pentsa nezake, baina oraingoz, ez».

83 metro, 85 metro... hitz handiak dira horiek, 83 metro izan baitira, orain arte, Munduko Txapelketako eta Olinpiar Jokoetako ateak irekitzen zituzten markak. Orain, dena den, sailkatze sistema aldatu da. Qatarko Munduko Txapelketarako (2019) eta Tokioko Olinpiar Jokoetarako (2020) sailkatzeko, puntuak pilatu behar dira nazioarteko probetan, ez da aski izango nazio mailako txapelketa batean jaurtiketa on bat egin eta gutxieneko marka lortzearekin.

Sistema zailagoa da, baina horrek ez du itzali Jainagaren ilusioa. «Ez zait gustatzen promesik egitea, baina Olinpiar Jokoetan egoteko borrokatuko naiz». Eta beharrezko diren ahalegin guztiek egiteko prest dago. «Ni joango naiz txapelketa horietara, eta jaurtiko dut behar dena. Orain balira Jokoak, ezingo nintzatekeen joan, baina bi urte dauzkat aurretik. Nik, gainera, Joko hauek nahi ditut. Ez banaiz sailkatzen, ez da ezer pasatzen, baina horretarako joaten naiz egunero entrenatzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.