Eskura dute
«Eskuan izan zuten», zioen Lagun Aroren atal txiki honek pasa den astean, eta «eskura dute», dio zazpi egun geroago. Estudiantesen aurka galdutako atsekabetik Bartzelona ahaltsua gainditu osteko neurririk gabeko poztasunera egin du jauzi Lagun Arok. Neurrigabekoa, donostiarren ACBko lorpen garrantzitsuenetakoa delako. Europako talde onenetakoa menderatzearekin bat, beste denboraldi bat onenekin batera lehiatzeko arrakasta ziurtatu duelako. Inork espero ez zuenean, gainera. Domen Lorbekek kazeta honi esandakoen arteko lerroburuak zioen taldea bere garaipenei esker mantenduko zela, beste emaitzen beharrik eduki gabe. Topiko tankera zeukan esaldi horrek ez zuen kazetaria konbentzitu. Irakurleak konbentzitu zituen edo ez ezin jakin zehatz-mehatz, baina litekeena da ezezkoak pisu handiagoa izatea, batez ere taldearen jardunak ez diolako aterik ireki itxaropenari. Lorbekek berak fedea, eduki, bazeukan, eta eszeptikoak ginen guztiak isilarazi ditu kolpetik. Aurrerantzean jokalarien esanekin fede handiagoa eduki beharko da! 11. garaipena lortuta, Lagun Arok ia irabazita dauka mailari eusteko erronka, %99an. Lau partida bakarrik geratzen dira, eta partida guztiak galdu beharko lituzke jaisteko postuetara bueltatzeko. Igandean Valladoliden irabazita, kito, akabo urduritasuna.
Jaikitzeko komeriak
Bilbo Basketek ez du ligako partidarik jokatu. Eurokopako Lauko Finalean zeuzkan burua, indarra eta ametsa. Amesgaizto bihurtu zen ametsa. Davalillorekin hasi, eta ur botilak eramaten dituen azken langilearekin bukatu, denek eskatu zuten zuhurtasuna: finala baino lehen finalerdia jokatu behar zela, Alba Berlin ez zela aurkari erraza. Topikoak, pentsatu genuen denok. Esateagatik esaten diren esaldi ezagunak. Egia bihurtu ziren arte. Gorputzaldi txarra utzi du porrotak Bilbon, inoiz baino errazagoa zen erronka porrot mingarri gisa gogoratuko delako, taldeak errekurtso falta larria erakutsi zuelako ondo osatu eta hornitutako talde baten aurka. Denboraldiko erronka nagusietakoa zen, eta kale egin zuen taldeak, eta, zenbaitzuen ahotan, errudunek izenak eta abizenak dituzte, dagoeneko. Alex Mumbruren zenbaki apalez mintzatzen da jendea, eta Moisori buruz, zeinak hobetu arren erdipurdi jokatzen jarraitzen duen. Kasualitatea da, baina bi horiek dira soldata handiena jasotzen duten jokalariak.
Zain
Zain dago Baskonia, liga erregularra amaitu eta zorrak kitatzen hasteko. Liga irabaztea omen arabarren asmoa. Gaur-gaurkoz urrun samar ikusten da lorpen hori, Bartzelona koska bat gorago dagoelako, baina Euroligako agurrak on egin dio Ivanovicen taldeari. Jokalariek arnasa hartu dute, indarberritu egin dira, eta liga irabazten saiatu beste erremediorik ez dute sasoia txukuntzeko. Geratzen diren lau partidak irabaztea da erronka behinena. Lau horien artean dago Real Madrilen kontrakoa, maiatzeko lehen egunean. Bigarren postua egongo da jokoan egun horretan, finalerako bidea nabarmen leundu dezakeen postua. Bartzelona finalean bakarrik topatuko lukeelako Baskoniak. Ordurako jokalari askok hobetu beharko dute euren jarduna, gaur-gaurkoz Splitter eta Teletovic bakarrik ari baitira bultzaka.