Aurtengo sorpresak bi dira. Bata, Ferrari, gutxik uste baitzuten halako saltoa eman eta denboraldia goitik behera menderatuko zuenik. Eta, bestea, BAR, oraindik gutxiago baitziren taldearen neguko probetako emaitza onak lasterketan gauzatuko zirela uste zutenak. Jenson Buttonek bi aste lehenago Imolan postu dotorea lortu zuen, pole-az gain, baina atzo huts egin zuen. Haren ordez, Takuma Satok historia egin zuen, inoiz japoniar gidari baten sailkapen onena lortuz, Schumacherren eta Montoyaren atzetik.
Goizean goiz gogotsu aritu zen Sato txikia, saio libreetako denbora onena sinatuz. Hala ere, garrantzitsuena eguneko azken saioa zen, eta orduan ez dute trikimailuek balio. Lehen marka esanguratsua Barrichellok ezarri zuen, baina gizon garrantzitsuenak falta ziren artean. Buttonen txanda iritsi zenean, hark erregistro guztiak txikitu zituen lehen erreferentzia puntuan, baina 9. bihurgunean autoak ihes egin zion eta baita bigarren pole baten itxaropenak ere. Orduan atera zen Takuma Sato, eta denbora onena egin zuen: Barrichelloren denbora segundo erdian hobetu zuen.Gutxi iraun zuen samurai txikiaren pole-ak, Schumacherrek bere nagusitasuna inposatu baitzuen, denbora izugarri on batekin. Inor ez zen gai izan handik aurrera denbora horretara gerturatzeko. Gidariek euren txandan denbora markatzen zuten banan-banan, baina ez ziren gauza Takuma bigarren postutik kentzeko. Japoniarrak beti izan dira erreferente automobilismo munduan, baina autogile bezala gehienetan. Talentuzko gidariak falta izan dituzte, eta 1 Formulara iritsi izan direnak inposatutakoak izan dira. Satoru Nakajima, Aguri Suzuki, Ukyo KatayamaÉ Guztiak gidari sutsuegiak.
Eta Montoya azaldu zen
Gezurra badirudi ere, urteko lehen lau lasterketetan ez da Williams autorik izan irteerako lehen lerroan. Teorian horren mutur iraultzaile eta eraginkorraduen autoak ez zuen lehen bi postuetan sailkatzerik lortu. Eta herenegun autoak ez zirudien joera hori hausteko moduan, baina atzo goizean konfigurazio aldeketekin asmatu eta Juan Pablo Montoyak konfiantza hartu zuen autoarekin. Azkena irten zen pistara, eta Schumacherren denboratik urrun geratu bazen ere, haren atzetik amaitzea lortu zuen, bigarren postuan.
Irteera panorama ederra da, bi gidariok ez baitira elkarri kafe bat ere oparitzen diotenak. Gainera, Schumacher, duen puntu abantailarekin, gehiago arriskatzeko moduan dago, eta Montoyari ez zaio axola nola dagoen sailkapena buruz burukoan, ezertxo ere ez baita kikiltzen. Biok lehen lerroan topatzea saria da ikusleontzat.
Zaila izango da kolonbiarrak aurrea hartzea irteeran, pistaren alde zikinetik aterako baita eta Ferrarik maila hobea baitu arrankatzeko orduan. Schumacherrek lehen bihurgunea buruan ematen badu, garaipenerako bidea hartua izango du. Alderantziz, Montoya sartzen bazaio, lasterketak ezezagun asko izango ditu, eta amaiera argiezina. Buttonek, 14. postutik aterata ere, aurrera egiteko autoa du, eta puntuetan sartzeko egingo duen borrokak ikustea merezi du. Badaezpada ere, BAR-ek badu bere ordezkaria aurrean, eta lehen bihurgunean gertatuko dena ikusteko toki ezin hobea du Satok. Eta argi dauka zer egin behar duen: tora, tora, tora! Eraso!
Tora! Tora! Tora!
Schumacher nagusi izan da entrenamenduetan, eta Satok inoiz japoniar batek lortu duen sailkapen onena lortu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu