Arrauna

Tostartean dira aurkariak

Edith eta Mireia Uranga ahizpa oriotarrak arraun denboraldi «berezia eta polita» bizitzen ari dira. Euskotren ligan orain arte jokoan izan diren bandera guztiak eraman dituzte etxera. Lehenak aurten egin du debuta Orion, eta bigarrena, berriz, Donostiarrak taldean dabil orain dela bi urtetik.

Edith eta Mireia Uranga ahizpak, Oria ibaiaz bestalde, Orioko arraun elkartea dutela. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Orio
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Arraun munduan ahizpa gutxi egongo dira talde ezberdinetan arraun egiten dutenak. Eli eta Ane Pescador ahizpen izenak bota ditu boteprontoan Mireia Urangak (Orio, Gipuzkoa, 1997). «Bere garaian, nola ibiliko ziren etxean? Bata Hibaikan [Eli], eta bestea San Juanen [Ane]. Aurten guri tokatu zaigu egoera hori». Hain zuzen, Mireia Donostiarrak taldean dabil arraunean, eta haren ahizpa gazteena, Edith Uranga (Orio, Gipuzkoa, 2001), Orion.

Biek diote «zerbait berezia» dela. «Gogorra eta polita», zehaztu du Mireiak. «Orioko klubean jende asko ezagutzen baitut. Banoa ohituz pixkanaka». Bakoitzak bere bizipenak besteari kontatzen dizkio, eta, dagoeneko, argi dute zein duten ametsa: «Arrauna utzi aurretik biok talde berean arraun egitea». Hori bai, «ahal bada», herriko ontzian.

Aurten egin du senior mailara jauzia ahizpetan gazteenak, eta denbora gutxi behar izan du Txiki ontzian debuta egiteko. Euskotren ligako lehen jardunaldia izan zen, Coruñan (Galizia). Estreinaldian lortutako garaipena luzaroan geratuko zaio iltzatuta Edithi. «Xantik [Zabaleta entrenatzaileak] eman zidan aukera oso ongi aprobetxatu nuen. Ez dago hasiera hoberik». Egun hartan, Mireiak ez zuen Donostiarrako traineruan arraun egin. Lehorretik bizi izan zuen ahizparen lorpena. «Ez zen erraza izan. Urduri nengoen, Edithek lan txukuna egitea nahi nuelako. Badakit zenbat kostatu zaion maila horretara iristea. Asko poztu nintzen».

Handik astebetera iritsi zen bigarren bandera haien etxera. Oraingoan, ordea, ahizpa zaharraren aldetik. Donostiarrak maila goreneko lehendabiziko bandera irabazi zuen, eta Mireia aurrekalari lanetan joan zen Torrekuan, aurrenekoz. «Bezperan ez nuen lorik ere egin». Edithek, elastiko horia zeramala, hunkituta besarkatu zuen ahizpa zaharrena.

Orion, belaunaldiz belaunaldi transmititu den kirol bat da arrauna. Askok familiarengandik jaso dute arraunerako grina. 12 urterekin probatu zuen lehendabizikoz ahizpa zaharrenak, eskola kirolean. Ez zuen bitan pentsatu. «Lauzpabost lagun elkartu, eta gazte mailara arte guztiok jarraitu genuen». Tostartean jarraitzen du Mireiak oraindik.

Edithek, berriz, futboleko baloia utzi, eta arrauna hartu zuen eskuetan. Lehen paladak eman zituenean, ez zen damutu. «Begiak ireki zitzaizkidan». Aitortu du ahizpa zaharrenak bultzatu zuela erabaki hori hartzera. «Bizitzeko modu bakarra da. Asko ikasten duzu; bai arraunlari moduan, baita pertsona moduan ere». Edithek talde nagusian debuta egin arte Orioko emakumezkoen ontzia behetik ikusten zuen. «Traineruan bertan egotea beste mundu bat da». Harago doa Mireia: «Arrauna hitzekin ezin da deskribatu. Bizi egin behar da. Egia da oso sakrifikatua dela, baina, benetan gustatzen bazaizu, indarra leku guztietatik ateratzen zaizu».

Mireiak kemena eta adorea dituela begi bistakoa da behintzat. 2016an, urtebetez egon zen arraun egin gabe, belauneko lesio larri batengatik. Arrauna uzteko erabakia, baina, ez zitzaion «inondik ere» burutik pasatu, «arrauna ezin baita utzi». Zazpi hilabeteko errekuperazioa egin ostean, tostetara itzuli zen, Torrekua ontzira, hain zuzen. «Taldea egiteko arraunlari falta zuten, eta ondo hartu ninduten».

Lehia «polita»

Aurtengo Euskotren ligako lehen bi talde indartsuenetako arraunlariak dira biak. Oriok iazko bideari jarraitzen dio. Donostiarrak, berriz, salto nabarmena eman du aurten. Biek diote elkarren artean «lehia» polita dutela, hala uretan nola etxean. Ahizpa gazteenak hartu du hitza: «Uretan, bakoitzak bere lanari begiratzen dio. Kanpotik begiratuta, ikusgarria da bi ahizpa talde ezberdinetan egotea, aurten inoiz baino lehia handia dagoela ikusita». Arantza dute oraindik biek egun berean ez dutela estropadarik jokatu. «Gurasoek orduan izango dituzte komeriak, nor animatu», gehitu du Mireiak.

Sailkapen nagusia ikusita, badirudi Oriok liga bideratua duela. Edithek, baina, argi du ez dutela ezer irabazia. «Puntuek nahi dutena esango dute, baina gu asteburuero hutsetik hasten gara, edozer gauza gerta daiteke eta. Ikusiko dugu Zarautzen zeinek irabazten duen».

Ur trago bat eman, eta elkar agurtu dute bi ahizpek. Nor bere taldearen elastikoarekin, dagokien arraun elkarterako bidea hartu dute entrenatzera joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.