Gauza bat, behintzat, argi asko dago: Tiran go arraun klubean ez da giro. San Miguel ligan lehiatzen ari da lau urteren ondoren, eta emaitzak txar-txarrak ez diren arren, trapu zahar guztiak astindu dituzte klubeko kideek; baina etxean astindu beharrean, kanpoan. Lau haizeetara, hortaz. Fran Gonzalez (O`Grove, Galizia, 1972) entrenatzailea ez da isildu, eta Jesus Tenorio (Moaña, Galizia, 1931) presidentea ere ez. Gonzalezen ustez, zuzendaritzak ez du lanik egiten arraunlarien egoera hobetzeko. Tenoriok, berriz, ahal den baino gehiago ematen zaiela uste du. BERRIAk biekin hitz egin du Moañan.
«Hiru urterako proiektua aurkeztu zidaten klubekoek. Ni Kantabrian nengoen Camargo entrenatzen. Dena den, interesgarria zela eta, etxera itzultzea erabaki nuen», azaldu du Gonzalezek. Halere, hiru urterako proiektu hori urte bakarrean gauzatu zuten. Izan ere, joan den denboraldian bertan San Miguel ligara igotzea lortu zuen Tiranek. Orain, ordea, «sufritzen» ari dira Tirango arraunlariak. «Bidaia asko egiten ditugu denboraldi osoan; bidaia luzeak. Dena dela, inork ez ditu arraunlariak kontuan hartzen. Inor ez da eurak saritzeaz edo ilusionatzeaz arduratzen». Gonzalezen aburuz, Kantabriako eta Euskal Herriko arraunlariek «gutxiago» sufritzen dute, «han diru gehiago dagoelako».
Hala ere, proiektua aurkeztu ziotenean,beste bat zen, antza, klubaren helburua: «Kluba indartzeko asmoa omen zuten; San Miguel ligara igo eta bertan sendotzea». Iaz, baina, bederatzi arraunlarik taldea utzi zuten, «eta horietako sei titularrak ziren». Zergatik utzi zuten, baina? Gonzalezek erantzun du: «Ba, planifikazioa eskasa delako klubean». Bilera mordoa egin dituzte, entrenatzailearen esanetan, baina Gonzalez bera aspertuta dago: «Behin eta berriro esan diet egoera argitu behar dela, baina ez dute lanik egiten. Egia esan, zuzendaritzako jendea zahar samarra da. Laguntza behar dute. Presidenteak den-dena gobernatzen du, baina zahartuta dago jada». Gonzalez «buru-belarri» dabil lanean, eta taldeari berak eta arraunlariek eusten diotela pentsatzen du. Bitartean, zain dago, baina ez du zuzendaritzan mugimendurik ikusten. «Arraunlarien bila joateko, gauzak argi eduki behar dira, eta egia esan, nik ez dakit zuzendaritzak zer nahi duen»,
Tenorio presidentearen esanetan, ordea, klubean ez dago «inolako arazorik». Sarietan lortzen dena arraunlarientzat dela dio. Areago joan da, ordea: «Zeinek ematen dio dirua klubari? Zaila da. Begira, nik 70.000 euro jarri ditut nire poltsikotik».Eta arraunlariek bidaia mordoa eta luzeak egiten dituztela eta, Tenoriori ez zaio iruditzen hainbesterainokoa denik: «Nik 77 urte dauzkat, eta nik ere egiten ditut bidaia horiek». Bere esanetan, jendeak «gehiegi» hitz egiten du. Badaki diruz «nahiko larri» dabiltzala, eta bere azalpena eman du: «Diru laguntzak urte bukaeran ematen dizkigute. Beraz...».
Etxe berean daude Tenorio eta Gonzalez, baina ezin dute elkar ulertu. Gainera, gauzak konpondu beharrean, trapu zaharrak etxetik kanpo eta indarrez astintzea erabaki dute.
Zuzendaritzak ez du lanik egiten. Zahar samarra da jada, eta laguntza behar dute»
FRAN GONZALEZ
Tirango entrenatzailea
«Nik 77 urte dauzkat,eta, arraunlariek bezala, bidaia luze horiekegiten ditut»
jesus tenorio
Tirango presidentea
Trapu zahar guztiak astindu dituzte
Tirango klubean ez da giro. Fran Gonzalez entrenatzailearen ustez, zuzendaritzak ez du lanik egiten arraunlarien egoera hobetzeko. Jesus Tenorio presidenteak, aldiz, ahal den baino gehiago ematen zaiela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu