Egia bihurtutako txantxa bat. Hilabete atzera, inork ez zuen auzitan jartzen San Antonio zela denboraldiko talderik onena. Zortzi garaipenen aldea ateratzen zion NBAko bigarren sailkatuari, eta galdera zen 70 garaipeneko langara iristeko kemenik izango ote zuen. Dena zen poza Texasko ezproien taldean, dena konfiantza, dena lasaitasuna eta dena txantxa. San Antoniok Charlotte Bobcatsen aurka jokatzen zuen martxoaren 19an, eta San Antoniok lesionatutako jokalarien zerrendan sartu zuen Tim Duncan, taldeko pibota eta ikurra. Zergatia azaltzerakoan trop vieux hitza erabili zuten. Alegia, zaharregia frantsesez. Pentsatzekoa da Tony Parker taldekideak idatzi zuela. Bi aste geroago, txantxa hori egia bihurtu da, eta egia gaiztoa, gainera. San Antoniok azken bost partidak galdu ditu errenkadan, eta 70 ez, 60 garaipeneko langa gainditzeko gai izango diren edo ez dago auzitan orain, liga bukatzeko bi aste eskas eta dozena erdi partida geratzen direnean. Duncanek hiru asterako lesioa zuen —orkatila bihurritu zuen—, baina hamar egunen buruan itzuli da. 35 urte beteko ditu Duncanek; 34 Manu Ginobilik, eta 29 Parkerrek, San Antonioko hirugarren makuluak. Adinez zaharrak dira lehen biak, nekez ere bai Parker, bederatzigarren sasoia baitu dagoeneko. Eta zaharregiak direlako hartu dute indarra beste talde askok.
Staples Center-etik... Los Angeles Lakersen lehen denboraldi erdia txar samarra izan zen. Hemeretzi partida galdu zituzten All Star-a hasi aurretik, eta jakina zen bigarren zati bikaina egin beharko zutela talde onenen parera iritsi nahi bazuten. Pentsatu eta egin, Phil Jacksonen taldeak hemezortzi partida jokatu eta hamazazpi irabazi dituelako. Zortzi garaipen daramatza jarraian orain, eta Mendebaldeko bigarren postua eskuratzeaz gain, gertu ikusten du lehenengoa, 2,5 partidara baino ez. Konferentziako kanporaketa guztietan etxeko faktorea alde izatea erabakigarria izan daiteke, eta une honetan Lakers ziztu bizian doa, eta San Antonio barraskilo baten pare. Izen asko izan dira bilakaera on horren makulu, baina zazpi oineko morrosko batek dauka erru handiena: Andrew Bynumek. Pau Gasolekin batera ondo jokatzen hasten badira, geldiezinak diren morroskoak.
...United Center-era. Alegia, Chicagora. Ekialdeko talderik onena bilakatu da Chicago Bulls martxoan, eta urteak dira halakorik gertatzen ez zela. Hamahiru urte, hain zuzen ere, Chicagok 90eko hamarkadako seigarren eraztuna lortu zuenetik. Derrick Roseren jardunarekin txora-txora eginda daude windy city-an, hiri haizetsuan, eta Rose bera Michael Jordanekin konparatu duenik ere egon da. Chicago, ordea, Rose baino askoz gehiago da. Tom Thibodeau da, urtetan Boston Celticseko defentsa zorrotza prestatzen zuen aztia eta Chicagoko entrenatzaile nagusia egun. NBAko bigarren defentsarik onena da Chicagorena (91,4 puntu partidako), eta talde handien aurka daukaten estatistika beldurtzeko modukoa da: 10-5. Abenduaren 3az geroztik, Chicagok Miami, Boston, Orlando, San Antonio, Lakers eta Dallasen aurka jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu, eta Orlando bakarrik izan da gai Chicagon garaipena lortzeko.
Aldaketen balantzea. Hilabete pasatu da aldaketak egiteko data muga pasatu zela, eta lehen balantzea egiteko une aproposa da. Batzuek kolpe handia hartu dutelako, eta besteek, hartutako arriskuaren pareko saria bereganatu. Gehien kaltetutakoen artean dago New York Knicks, titulua lortzeko kanporaketetatik at geratzeko arriskuan. Izar bat dutelako, Carmelo Anthony, baina horrek beste izarra haserretu duelako: Amar'e Stoudemire. Anthonyren truke talde erdia bidali zuten Denverrera, eta New York hautsita dagoen taldea da. Denverrek, aldiz, sekulako indarra hartu du, eta Mendebaldeko bosgarren posturaino igo. Anthonyren itzalean zeuden jokalariei esker, Ty Lawson eta Nene Hilariori esker, besteak beste. Bostonek ere apustu arriskutsua egin zuen, baina, oraingoz, ez dute espero zuen errendimendurik lortu.
Bosgarren Hiribidetik
'Trop vieux'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu