Zaharrak ahal duena, eta gazteak nahi duena. Hala dio euskal esaera zahar batek, baina esaerak ez dira beti betetzen. Giroak tropeleko bi txirrindulari zaharrenetakoak saritu zituen atzo. Leonardo Piepoli da bat. Saunier Duval taldekoak irabazi zuen Nostra Signora della Guardan bukatu zen etapa. 36 urte beteko ditu aurten italiar txikiak, eta urteen joan-etorrian ugazabarentzat morroi lanean jarduten ikasi badu ere, garaile, etapa ehiztari senari eutsi dio. Bi etapa irabazi zituen iazko Giroan, eta lehenengoa aurten. Gilberto Simoni eta Riccardo Ricco dira Saunierreko buruak, baina haiek, Simoni batez ere, konturatu dira hanketan sua daukanari ez berotzeko eskatzea, sokarekin lotzea, alferrikakoa dela.
Piepoli bezala, Andrea Noek ere badu pozarren egoteko motiborik. Noe da tropeleko txirrindulari zaharrena. 38 urte ditu, eta 15. denboraldia du profesionaletan. Besteen mesedean aritu da lanean sarri, baina bitan bukatu du Giroa laugarren postuan, eta beste behin seigarrenean. Bi garaipen lortu ditu, baina maglia arrosa janztea kirol ibilbide on bat biribiltzeko sari ezin aproposagoa da.
Noek jantzi zuen maillota nahi zuen Patxi Vilak, baina ezin izan zuen lortu. Berakoa helmugatik bi kilometrora geratu zen, eta minutu pasatxoa galdu onenekiko. Vila tropel buruan ibili zen etapako azken kilometroetan. Lana beste taldekide batzuek egin zuten, baina pentsatzekoa da Vilak agian xahutu behar ez zuen indarra xahutu zuela azken mendatea baino lehen. Vilaren benetako lekua oilarrengandik minutu batera helmugaratzea dela pentsatzea ere logikoa da. Vila sailkapen nagusiko laugarren postuan dago orain. Maglia arrosa urrunago du, eta Giroa irabazteko hautagaiak, Di Luca batez ere, gertuago.
EGUN TXARRA LAMPRERENTZAT. 10. etapa egun txarra izan zen Lamprerentzat. Vilak ez zuen maglia arrosarik lortu, eta Damiano Cunego ere ez zen fin-fin ibili. Hautagaien artean, bera izan zen larrien ibili zena, eta ez zuen sentsazio on-onik erakutsi. Nekea, erritmoa jarraitzeko zailtasuna sumatzen zen Cunegoren aurpegi zimurtuan. Kontrakoa gertatu zen Danilo Di Lucarekin. Liquigas taldekoak taberna atari batean freskagarri bat edo garagardo bat hartzen ari denaren patxada berarekin igo zituen lehen maldak, barrezka. Aurkariekin jolasean ibili zen, eta haiek atzean utzi aise. Zain geratu zen, halere, eta Piepoliri hanka egiten utzi zion. Haren bila abiatu zenerako berandu zen, Piepoli igotzaile bikaina delako. Andy Schleck eta Gilberto Simoni bezala. Batzuen erosotasuna eta besteen komeriak erakutsi zituen etapak, baina Giroa guztiz irekita dago oraindik.
SaILKaPenaK
HAMARGARREN ETAPA
1. Leonardo Piepoli (Saunier) 6.19.08
2. Danilo Di Luca (Liquigas) 18ra
3. Andy Schleck (CSC) 27ra
4. Gilberto Simoni (Saunier) 32ra
5. Riccardo Ricco (Saunier) 41era
6. Paolo Savoldelli (Astana) d. b.
7. Damiano Cunego (Lampre) 43ra
8. Franco Pellizotti (Liquigas) 45era
9. Iaroslav Popovitx (Discovery) 52ra
10. Andrea Noe (Liquigas) d. b.
15. Iban Mayo (Saunier) 1.41era
16. Patxi Vila (Lampre) 1.48ra
SAILKAPEN NAGUSIA
1. Andrea Noe (Liquigas) 46.06.09
2. Marzio Bruseghin (Lampre) 1.08ra
3. David Arroyo (C. d'Epargne) 1.15era
4. Patxi Vila (Lampre) 1.38ra
8. Danilo Di Luca (Liquigas) 2.58ra
13. Damiano Cunego (Lampre) 4.29ra
15. Paolo Savoldelli (Astana) 4.40ra
18. Gilberto Simoni (Saunier) 5.24ra
Tropeleko aitonen kemena
Piepolik irabazi du etapa, eta Noe jarri da lider; maglia arrosa gabe geratu da Vila, eta Cunego ere larri ibili da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu