Trulliren beste irakaspen bat

Renault etxeko gidari italiarrak lortu du Belgikako Sari Nagusiako 'pole'-a, pistan euria ari zuela

Laurentzi Garmendia
2004ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Renault etxeko Jarno Trulli gidari italiarrak pole position ederra lortu zuen atzo, Belgikako Sari Nagusiko entrenamenduetan. Herenegun zirkuitua lehor izan bazuten ere, atzokoan gris esnatu zen eguna eta euriak saio guztietan egin zuen agerraldia, gidarien jardunean nabarmen eraginez. Hori guztia ondoen Jarno Trullik kontrolatu zuen, Schumacher eta Alonsoren aurretik.

Trullik oraindik ez du argitu nora joango den hurrengo urtean, baina Toyotan amaituko du ziurrenik. Alemaniako Sari Nagusiaren bezperan esan zuen Renaulten ez duela jarrituko, eta ordudanik bere emaitzek behera egin dute. Talde aldaketaren ondorioak dagoeneko pairatzen hasi da, zoritxarrez. Renault ez da jabe pribatua duen talde horietakoa Jordan, Sauber edo Minardiren antzera, eta, hortaz, garbi jokatzen du. Baina batez ere frantziarrek autogileen bigarren postua dute helburu, eta, horretarako, bi gidariek erregularki puntuak lortzea behar dute. Ondorioz, ez luke logikarik Trulliri gauzak zailtzea.Logika hori hankaz gora jartzen duena Flavio Briatore da. Haren taktikak, emaitza onekoak badira ere, garbi izatetik urrun daude. Gidariak alde dituen bitartean, eta batez ere bere kontrolpean, postu ona bilatzen die. Baina Briatorek beti izan du inguruan mafioso usain hori, eta horrek zer pentsa ematen du, baita Renaulti buruz ere. Kosta ahala kosta gora iritsi nahi zuten, bitartekoak zeintzuk ziren askorik axola gabe. Trullik Renault uztearekin batera, Briatoreren managertza ere utzi du, eta horrek eragina du, seguru. Hala ere, atzo pole-a lortu ondoren argazkietarako ederki besarkatu zuen Briatorek Trulli. Badaezpada ere, beste besoarekin Alonso hartzen zuen, bere kutuna.Trullik bazihoala aurreratu zuenetik, bere emaitzek behera egin dute nabarmen, denboraldi hasierako prestazio bikainei kontrajarriz. Gidariaren motibazioa punturik gorenean ez badago ere, mikrofonoetatik kanpo aipatu du taldean erabaki interesatuak hartu dituztela eta berari emaniko materiala ez zegoela egoera onenean.

Meritu handiko 'pole'-a

Horregatik guztiagatik, eta pista zegoen moduan egonda, asko balio du atzo Trullik lorturiko denborak. Euria etengabe ari bazuen ere, azken minutuetan indartsuago bota zuen, eta horrek lagundu egin zion italiarrari, Schumacher orduan aritu baitzen lanean. Gidari alemaniarrak ahalegin itzela egin zuen denbora hobetzeko, autoari eskatzen zizkion gehiegikeriak behin eta berriro zuzenduz, baina oso gutxigatik bigarren amaitu zuen.

Horrek guztiak lasterketa ederra izango dela adierazten du. Gaurko eguraldi berbera iragarri dutenez, urtean lehen aldiz lasterketa euripean joka daiteke. Ferrari autoa eta Bridgestone pneumatikoak euripean nagusi badira ere, horrek mesede galanta egingo lioke Renault taldeari, motorrez justu baitabiltza, baina txasisez gainezka. Horrek argitzen du neurri batean atzo lortutako postu onak, ostiralean lehorrean lehen postuetatik urrun baitziren.Lehen postuetan euripeko artistak sailkatu ziren, nahiz eta batzuk euriaren intentsitate aldaketen biktima izan eta atzerago gelditu ziren. Coulthardek lan ona egin zuen, Fisichellak bezala. Raikkonen hamargarren izan zen, hiru segundo eta erdira. Button-ek eta Satok oso itxura txarra eman zuten, baina euriak guztia alda dezake une batetik bestera. Urteko zirkuiturik ederrenak ikuskizun polita eman zuen atzo, gaurko lasterketaren zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.