Trulliren lehen 'pole'-a, Monakon

Renault taldeko gidariak sasoiko dagoela berretsi du; Schumacher laugarren lekuan aterako da

Laurentzi Garmendia
2004ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Iaz garai honetan Fernando Alonso zen Renaulteko gidari izarra, eta emaitzak eskuan hartuta, merezita iritsi zen halako ezagutza jasotzera. Jarno Trulli taldekidearentzat denboraldi grisa izan zen; Alonsoren itzalean ibili behar izan zuen, haren distira estali ezinik. Aurten, berriz, azken lasterketetan erabateko aldaketa gertatu da, eta italiarra da orain Renaulten arma nagusia. Bera da Schumacherri seigarren garaipena ken diezaiokeen gizona.

Monakoren ezaugarriak ez dira sekretu. Auto ona izateak beti laguntzen badu ere, kaleetako errepide kaskarrak eta benetako bihurgunerik ez izateak Ðez behintzat zirkuitu batean topa daitezkeen modukoak gidariaren trebeziari balioa ematen dio. Araudia dagoen bezala, baina, estrategia maisuek errazago dute Monakon gailentzea, eta hortaz, faktore bakoitza neurri egokian nahasten duenak irabazten du. Aurreratzea kasik ezinezkoa da Monakon egia esan, gainerako pistetan ere gero eta zailagoa da.

Renault autoa primeran moldatzen da Monakora. Zirkuitu mantsoa da, baina ez hori bakarrik; norabide aldaketa asko ditu, eta beharrezkoa da autoaren direkzioak azkar erantzutea. Horretarako hobeak dira auto laburrak, eta 1 Formulan luzera ez beste neurri guztiak finkatuta daudenez, arlo horretan diferentziak daude autoen artean. Luzerak baino gehiago, gurpilen arteko tarteak markatzen du auto baten jarrera, eta talde batzuek bertsio berezia ateratzen dute Monakorako.

Schumacherren seigarrena?

Katalunian lortu zuen garaipenarekin, Michael Schumacherrek Mansellek 92an jarritako marka berdindu zuen; urte hasieratik bost lasterketa jarraian irabaztea, hain zuzen. Alemaniarraren zoritxarrerako, ez zaio zirkuiturik egokiena egokitu errekorra lortzeko bidean. Dagoeneko bost aldiz irabazi badu ere, gaur laugarren postutik irtengo da, eta aurretik hiru gidari izango ditu garaipen gosez. Ralf Schumacherrek bigarren denbora onena egin bazuen ere, ostegunean motorra aldatu behar izan zuen, eta zigor bezala, hamar postu atzerago irtengo da.

Schumacherrek Raikkonen izango du atzean (badirudi McLaren taldea berrindartzenari dela). Finlandiarraren autoak Monakon beste zirkuituetan baino hobeto ari behar luke, baina nekez izan da gauza lehen postuetan sailkatzeko. Montoya, iazko garailea, pattal aritu zen, eta sailkatze itzulian eginiko bi hutsek agerian utzi zuten autoa behar bezala ez duela prestatu. Gehiegi nahi izateagatik, denbora galdu zuen azkenean.Minardi taldea aurten lotsagarri ari da, batez ere maila eskaseko gidariak dituelako aspaldiko partez. Aurrekontu murritza baina gidari iaioak izan ditu orain artean; aurten ezta hori ere. Sei segundora amaitu zuten biek, Brunik eta Baumgartner-ek. Hala ere, lasterketan paper garrantzitsua izango dute, gutxienez hiru itzuli galduko baitituzte, eta garaipenerako lehian horrek eragina izango du. Trullik lasterketa bat irabazteko gauza dela erakutsi nahiko du, eta gaur du aukera onena. Faboritoa, oraingoan bederen, bera da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.