Imanol Agirretxe

Tunelaren amaiera ilun ageri zaio

Ia hamalau hilabete badira Imanol Agirretxek min hartu zuela, eta inork ez daki osatuko den ere. Infiltrazio prozesu bat abiatu berri du, baina oso zail du sasoi honetan jokatzea. 30 urte betetzear, airean du geroa.

jon eskudero
Donostia
2017ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Erabat osatuta daukat ezker hankako orkatila, eta jokatzen hasteko ez dut inolako arazorik». Duela hiru hilabete egin zituen adierazpenok Imanol Agirretxek, senda-agiria jaso eta taldekideekin entrenatzen hasi berritan. Ordea, kontuak bere hartan jarraitzen du, eta tunelaren amaiera gero eta ilunago bilakatzen ari zaio aurrelariari. Urtebete eta ia bi hilabete igaro dira min hartu zuenetik, eta, ordutik, hogei minutu eskas besterik ez du jokatu. Bitan egin diote ebakuntza, baina hobekuntzarik ez, eta infiltrazio prozesu bat hasi berri du, hilabete eta erdi iraungo duena. Hortaz, ia ezinekoa izango du denboraldi honetan jokatzea, eta etorkizun zaila aurreikus dakioke.

Zehazki, 2015eko abenduaren 30ean hartu zuen min Agirretxek, Keylor Navas Real Madrileko atezainaren sarrera gogor bat jasan ostean. «Navasen barkamenik ez dut jaso, baina berdin dio», aitortu izan du. Hasieran, Realeko medikuek uste izan zuten hiruzpalau aste beharko zituela osatzeko. «Azkar osatu zitzaidan bihurritua, baina orkatilan mina sentitzen jarraitzen nuen, eta orduan hasi nintzen kezkatzen». Orkatiletan aditu diren hainbat medikurengana jo zuen berehala, gerorako lanik utzi gabe. «Garbi nuen nire esku zegoen guztia egin behar nuela osatzeko, eta kontzientzia ongi daukat alde horretatik». Mediku guztiek aholkatu zioten ebakuntza saihesteko, bestela bizpahiru hilabetez geldirik egon beharko zuelako.

Ondorioz, tratamendu bat abiatu zuen. Eta itzuli ere itzuli zen lehiara. Iazko otsailaren 27an jokatu zuen Anoetan, Malagaren aurka. 73. minutuan zelairatu, eta banakoa egin zuen, gainera. Okerra izan ote zen jokatu izana? «Orkatila indartsu eta egonkor zegoen, eta medikuek esan zidaten minari eusten banion joka nezakeela. Izugarrizko mina sentitzen nuen, bi pauso jarraian ere ezin nituen eman, baina jokatu egin nuen». Lehen taldeko hamabi jokalari soilik zeuden deialdian, eta ez zuten Agirretxeri jokatzeko aukera emateko asmorik, baina, azkenean, beste aukerarik ez zuen izan Eusebio Sacristanek. «Beldurtu nintzen zelairatu nintzenean, eta gola ere egin nuen. Baina partida amaitzean aitortu nuen orkatilak min ematen zidala eta ez nengoela osatuta».

Horregatik, zezenari adarretatik eutsi, eta, min hartu eta hiru hilabete eta erdira, lehen ebakuntza egin zion Manuel Monteagudo doktoreak, Madrilen. «Konfiantza osoarekin sartu nintzen ebakuntza gelan, banekielako esku onetan nengoela. Doktore hark lehenago ere beste hainbat jokalariri ebakuntza egina zien; emaitza onekin, gainera». Ez zen izan Agirretxeren kasua. Lesioak ez zuen hobera egin, eta bigarren ebakuntza egin zioten, berriro ere Madrilen, baina Niek Van Dijk doktoreak. Iazko irailaren 16a zen. «Guztia bukatzeko ilusioarekin sartu nintzen ebakuntza gelan. Munduko doktore onenetako baten eskuetan nengoen, eta, zorionez, ondo joan zen dena». Bi hilabete baino lehenago jaso zuen medikuen senda-agiria.

Berriro, hutsetik hastera

Eta, bai, bazirudien ondo joan zela dena azkenean, eta tunelaren ilunak topatu zuela argia. Minak desagertu ziren, jokatzeko prest zegoen Agirretxe, baina ez zen deialdi bakar batean ere ageri. Hots, hasi eta buka, Zubietan ez zuen entrenamendu bat osatu taldekideen ondoan. Ariketa batzuetan parte hartu arren, sarritan bakarkako lasterkaldiak egiten aritu behar izaten zuen. Geroago, zelaira igo ere ez zen egiten jokalaria. Susmagarri bihurtu zen egoera, eta Realeko medikuek jakinarazi zuten tendinitis bat zuela. Hilabete eta erdian ez da ezer jakin aurrelariaren inguruan, eta joan den astean Realak jakinarazi zuen infiltrazioak jasotzen hasiko dela usurbildarra, mina arintzeko. Beraz, inork ez daki noiz osatuko den. Ezta osatuko den ere.

Min hartu zuenean, hamabi gol zeramatzan Agirretxek, egun Willian Josek baino hiru gehiago. Inoizko «unerik onenean» zegoen; Willian Josek baino lau partida gutxiago jokatuta, dozena bat gol sartu baitzituen. Ordea, txanponaren beste alderdia luzaro probatzen ari da. Urte eta bi hilabeteotan hainbat hegaldi hartu ditu, etxetik kanpo ere makina bat aldiz lo egin behar izan du, baina, oraingoz, ez dago emaitzarik. Buruz gogorra da usurbildarra, eta, orain hiru hilabete, baikor mintzo zen elkarrizketa batean. «Inoiz ez dut pentsatu futbola niretzat amaitu denik, eta egunerokoan gogor saiatzen naiz». Ordea, berriro hutsetik hasi beharrak gogor eragin izango dio. Airean du etorkizuna. Datorren astean, 30 urte beteko ditu; berriro zelaian egotea litzateke oparirik onena. Baina, gaur-gaurkoz, urruti dirudi egun horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.