Turismorako hobea

Asteartera bitartean hiru etapa gogor dauzkate Alpeetan; ezer erabaki ez, baina min egingo dute

unai zubeldia
2007ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Irabazteko gutxi, eta galtzeko asko. Pentsamendu horrekin ekingo diote gaur txirrindulariek Alpeetako ikuskizunari. Igoera pikoak, desnibela eta amaiera bihurriak nahi adina daude, baina, ondo bidean, Alpeetako zalapartak zalaparta, Pirinioek erabakiko dute aurtengo Tourra. Colombiere, Roselend, Hauteville, Le Lac, L'Iseran, Telegraphe, Galibier... Gaurtik asteartera bitartean lehen mailako bost mendate eta maila bereziko bi igoko dituzte; maila bereziko biak asteartean, Tourreko lehen atseden egunaren biharamunean.

Astearteko etapa Alpeetako postrea izango da, ordea. Menuari begiratuta, aurretik, gaurko lehen platerak ahoko gustu gozo-gozoa utziko die txirrindulari batzuei. Gaurkoa da Alpeetako hiru etapetan errazena, baina joan den larunbatetik txirrindulari asko daude mendiko etapen zain. Gaur uztailaren 14a, Frantziako Errepublika Eguna izaki, frantziarrek gogo berezia izango dute ihes egin eta etapa garaipena lortzen saiatzeko.

Corlier eta Petits-Bois hirugarren mailako muinoak eta Peguin laugarren mailakoa igo ondoren iritsiko dira aurtengo Tourreko lehen mendate seriora. Colombierek (1.618 metro) 16,3 kilometro dauzka, %6,7ko batez bestekoarekin; aurten alderik pikoenetik igoko dute, gainera, Scionzier herritik. 1.100 metroko desnibela dauka, eta azken kilometroa da gogorrena, %10,2ko batez bestekoarekin. Dena den, bederatzigarren kilometrotik aurrera %8,5 eta %9ko malda pikoak dauzka uneoro.

Gailurretik Le-Grand Bornandeko helmugara 14,5 kilometro dauzkate, guztiak maldan behera. Ordurako ihesaldia osatuta egongo da ziurrenik, ezusterik ezean etapa hasieran osatuko baita eguneko ihesaldia, baina Colombieren gora Tourreko oilarrek lehen berotualdia hartuko dute. Gaurko etapan Tourra irabazi, inork ez du irabaziko, baina galdu, batek baino gehiagok gal dezake, beti izaten baita ezustekoren bat edo beste Tourreko mendiko lehen etapan.

Alpeetan izango duten menuko lehen platerarekin erabat goxatu gabe geratu direnentzat neurri-neurrikoa izango da biharko etapa, Le-Grand Bornand eta Tignes artekoa. 165 kilometroko etapa motza da biharkoa; tartean sei mendate, horietatik hiru pikoak. Begiratu batean, biharkoa da Alpeetako etaparik gogorrena. Lehen 70 kilometroak oso gorabeheratsuak dira, iheserako egokiak, laugarren, hirugarren eta bigarren mailako mendate banarekin; baina hortik aurrera aldapa behera baino kilometro gehiago egingo dituzte gora.



60 KILOMETRO ALDAPA GORA. Beaufort 2.000 biztanle eskaseko herria pasata, azken 90 kilometroetan ia 60 kilometro egingo dituzte maldan gora. Roselend, Hauteville eta Le Lac, lehen mailako hiru mendate, 15 kilometrotik gorakoak hirurak; azkena Tignes eski estazioan, etapa amaieran, 2.068 metrora.

Eguneko hiru mendate handietan lehena da Alpeetan igo beharreko luzeena: Roselend, 20,3 kilometro, eta %6ko batez bestekoa. Bi atseden gune txiki eta amaiera etzana dauzkan arren, bosgarren kilometroan eta 16.ean %9,6 eta 9,3ko batez besteko bi horma gaizto ere badauzka. Bourg-St-Maurice herriraino 18,5 kilometroko jaitsiera, eta, berriz ere, igoera luzea, 15 kilometro pasatxokoa: Hauteville, lehen mailakoa. Roselend baino etzanagoa da, 18,3 kilometroko igoeran %4,7ko batez bestekoa baitu, baina gainetik 30 kilometro eskas faltako dira helmugarako, eta talderen batek erritmo ito-itoa jartzen badu, min egingo du.

Bederatzi kilometroko jaitsieraren ostean hasiko dira eguneko azken mendatean gora, Tignesko eski estaziora bidean. 17,9 kilometroko igoera da, %5,5eko batez bestekoa duena. Gogor-gogorra izan gabe, 10. kilometrotik 14.era arte %7tik gorako batez bestekoa du, eta, jaitsiera txiki baten ostean, Les Boissesera iritsi baino lehen, 13. kilometroan, %12,5eko pareta ere bai. Azken kilometroa %8,4ko batez bestekoarekin egingo dute, eta gainetik helmugara bi kilometro dauzkaten arren, bi kilometro horietan aldea jateko tarterik ez da egongo. Pendizen batez bestekoak aztertuta mendate gogor-gogorrak ez badira ere, hurrengo egunean atseden eguna daukatenez, oilarrak egurrean ariko dira azken 100 kilometroetan, eta, nahi izanez gero, sarraski handi samarra egiteko nahikoa aldapa badago.



ATSEDEN EGUNA ETA INFERNUA. Uztailaren 16an, Karmen Egunean, atseden eguna izango du tropelak. Eta har dezatela atseden, berreskura ditzatela indarrak, hurrengo eguneko etapari begira jartze hutsak beldurra ematen baitu. Hiru mendate ageri dira, baina bi erraldoi-erraldoiak; urtea joan, urtea etorri, min handia egiten dutenak. Val d'Isere eta Briancon artean 161 kilometroko etapa izango dute, eta tartean Iseran (2.770 metro) eta Galibier (2.645 metro) handiak. Etziko atseden eguna pasa, Alpeetako azken etapari ekin, eta lehen 15 kilometroak aldapa gora. 1.885 metrotan ekingo diote, gainera, etapari, Val d'Iseren; hauspoa berotzeko aldapa polita izango da. 15 kilometro pasatxoko igoera da, %6ko batez bestekoarekin, eta egia da aldapa gogor-gogorrik ez daukala -%5-6ko maldak dauzka uneoro-, baina etapa hastearekin batera 2.000 metrotik gora ibiliko direla kontuan hartuta, min handia egingo du Alpeetako azken etapak. Iseran da aurtengo Tourreko mendaterik garaiena, eta Tourmalet eta Galibierrekin batera, Tourreko aldaparik sonatuenetako bat da -1996an, esaterako, elurra tarteko, etapa moztu egin behar izan zuten-.

Iserango gainetik St-Michel de Maurienne herriraino ia 70 kilometro egingo dituzte maldan behera eta ordekan, eta hortxe hasiko dira eguneko malda erraldoienak igotzen. Bi erraldoi batean. Izan ere, Galibierrera bidean Telegraphe, lehen mailako mendatea igoko dute. 12 kilometro eta %6 pasatxoko batez bestekoa dauka Telegraphek, eta gogor-gogorra izan gabe, Galibierrera bidean sufritzen hasiko da bat baino gehiago. Gainera iritsi eta ia bost kilometroko jaitsieraren ondoren ekingo diote Galibier erraldoiari, Europako mendaterik gaiztoenetako bati.

Hasieran horma bat eta amaieran zortzi kilometroko ahalegin betea egingo dute Galibierren gora. Aldapa pikoen zailtasuna baino okerragoa da aldapen iraunkortasuna eta altuera. 2.645 metro dauzka Galibierrek, eta azken zortzi kilometroak 2.000 metrotik gora egingo dituzte. Egun horretako etaparen desnibela kontuan hartuta, altuera horretan faborito bat baino gehiago lehertuko da. Galibierretik helmugaraino 40 kilometro dauzkate txirrindulariek, baina Galibier lehertuta igarotzen duenak jai izango du.

Hiru etapa, bi gaiztoak, eta Tourreko lehen alde nabarmenak. Parajeak, zoragarriak, baina bizikleta etxean utzita, turismorako.

 

Astana kezkatuta dago Vinokurov eta Klodenen lesioekin



Marc Biver Astana taldeko managerraren esanetan, Alexandr Vinokurovek eta Andreas Klodenek asko sufrituko dute gaurtik aurrera mendiko etapetan. Astanako bi taldeburuak erori egin ziren herenegun, eta atzo irteeran izan ziren arren, gaur ikusiko da benetan lesioen larritasuna zenbatekoa den.



 

Matthias Kessler eta Michele Scarponi zigortu egin dituzte



Matthias Kessler Astana taldeko alemaniarrak positibo eman zuen apirilaren 24an, eta kontraanalisiak positiboa berretsi duenez, Astanak taldetik kanporatu egin du. Bestalde, CONI Italiako Olinpiar Batzordeko dopinaren aurkako Fiskaltzak 18 hilabeteko zigorra jarri dio Michele Scarponiri.



 

Ina Teutenbergek bigarren garaipena lortu du Italiako Giroan



Ina Teutenberg alemaniarrak irabazi zuen atzo Giroko zazpigarren etapa, esprintean. Misini-Lazzate eta Ceriano Laglheto artean 124,6 kilometro egin zituzten txirrindulariek, eta Teutenbergek bigarren etapa irabazi zuen, asteartean ere berak irabazi baitzuen. Pucinskaitek jarraitzen du lider.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.