Gaizki hasi du Itxakok EHF Kopako final-zortzirenetako kanporaketa: 37-24 galdu zuen atzo joaneko partida, Turkiako Cankaya Bel Ankara taldearen aurka. Itzulikoa gaur bertan jokatuko du Lizarrako taldeak (15:00). Aurkariaren pistan ariko dira nafarrak, berriz ere. Itxakoren egoera ekonomikoak behartuta antolatu dute horrela kanporaketa, baina bidaiak, oraingoz, ez dio batere mesederik egin Chema Vivesen taldeari. Turkiara ailegatu, eta galdu egin da Itxako.
Partida gogorra izan zen atzokoa nafarrentzat. Defentsan sendo aritu ziren etxeko jokalariak. Benetako harresia eraiki zuten beren atezainaren inguruan, eta hura gainditzeko ahaleginetan ezinean aritu ziren Lizarrakoak. Kosta egin zitzaien azken asteotan erakutsi duten bidetik aritzea. Turkiarrek beren erritmoa eta jokoa ezarri zituzten, eta egoera horri aurre egiteko lanaren ardura gehiegizkoa izan zen Itxakoko jokalarientzat.
Lehendabiziko zatian maldan gora jarri zitzaion norgehiagoka Lizarrako taldeari: 15-9 bukatu zen, etxekoen alde. Bigarrenean, gauzak ez ziren askorik aldatu, eta turkiarrek hasieratik erakutsitako nagusitasunari eutsi zioten. Nafarrek ezin izan zuten euren jokoa egin. Hamahiru golen aldea lortu zuen Cankaya Bel Ankarak. Erronka handiegia izan zen Vivesen taldearentzat.
Gaur izanen du Itxakok kanporaketari buelta emateko aukera. 15:00etan jokatuko dute turkiarrek eta nafarrek final-zortzirenetako itzuliko partida. Etxekoek markagailuan ezarritako aldea bertan behera uztea ez da lan erraza izanen Lizarrakoentzat. Atzoko ahalegina sumatuko dute, zalantzarik gabe, pistan, eta zaleen etxekoen aldeko presioa ere bai. Indarrak neurtzeko beharra du, gainera, Itxakok, datorren astean Bera Bera eta Castelldefels izanen baititu aurkari ABF Ligan.
Partida zaila Bera Berarentzat
Europako Errekopako final-zortzirenetako itzuliko partida jokatuko du gaur Bera Berak (12:30), bere pistan, Poloniako Vistal Lcazpol Gdyniaren aurka. Ez du lan erraza izanen Reyes Karrereren taldeak, joanekoan 32-20 galdu baitzuten donostiarrek poloniarren pistan.
Karrerek argi utzi du nola eginen dion aurre gaurko norgehiagokari: «Lehendabiziko helburua irabaztea da; hortik aurrera, ikusiko dugu». Gakoa jokalariek eta taldeak guztia ematea izanen dela erantsi du Bera Berako entrenatzaileak. Veronica Cuña izan ezik, jokalari guztiak izanen dira pistara ateratzeko prest. Zaleak ere ondoan nahi ditu Karrerek, eta kiroldegian izateko eskatu die.
Turkian galdu da Itxako
Cankayak 37-24 hartu du mendean Lizarrako taldea, EHF Kopako final-zortzirenetako joaneko partidan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu