Txapel handiena jantzi du

Aimar Olaizolak azkeneko partida jokatu du jaioterrian, Goizuetan, eta bere 42. urtebetetze egunean. Sekulako giroa eta sentimendu festa egon da frontoian. Eguna biribiltzeko, irabazita esan du agur. Oso eskertuta azaldu da.

Aimar Olaizola irribarrez, emaztearekin eta lau seme-alabekin, atzo, bere kirol ibilbideko azken partida jokatu eta gero. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
Goizueta
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun

Eskerrak emanez agurtu zen atzo Aimar Olaizola, etxean, etxekoen aurrean, eta 42. urtebetetze egunean. Goizuetako (Nafarroa) pilotariak azken partida jokatu zuen, eta hura amaitutakoan erantzi zituen galtza zuriak betirako. Arrasto sakona utzita erantzi ditu: 23 urte pasatxo egin ditu profesionaletan, 1.321 partida jokatu, 27 final, eta hamabost txapel irabazi. Haren izena letra larriz azalduko da pilotaren historian.Badoa, eta txapelik handiena jasota doa: jendearen maitasuna. Olaizolak aitortu du duela bi hilabete erretiratuko zela jakinarazi zuenetik ez dela egon egun bakar bat ez diotenik egin maitasun keinuren bat. Ez zuen halakorik espero, eta oso zoriontsu egin du.

[YouTube]https://www.youtube.com/watch?v=XMr7WI7r7OM[/YouTube]

Eta horrek guztiak goia jo zuen atzo, etxean, etxekoen aurrean. Maitasun festa izan zen. Argi zuen Olaizolak, baina atzo are eta argiago geratu zitzaion ez dagoela etxekoen maitasuna jasotzearen pareko txapelik. Eta hori jaso eta sentitu zuen atzo. Ametsetako agurra izan zuen. Ez du inoiz ahaztuko.

Olaizolak berak hala eskatuta, espresuki etxekoentzat antolatutakoa zen haren agurreko jaialdia. Horrela eskertu nahi izan die herrikideei pilotari ibilbidean eman dioten babesa. 17:15ean zen ordua, Andres Narbarte Xalto eskolako pilotalekuan. Beste bat da Goizuetako ohiko frontoia, baina jende gutxi sar daiteke, eta oso txiki geratuko zen. Jendetza espero zen. Hala, auzolanean, atondu zuten. Itxura ederra zuen.

Jaialdiko lehen partida hasten denerako jendea egon ohi da pilotalekura iritsi gabe. Atzo, ez. Denek nahi zuten tokirik onena. Hala, jaialdia hasi baino ordu erdi lehenago jada jendea zegoen ilara egiten. Tartean ziren Baikoko pilotari gehienak. Baita zenbait pilotari eta pilotari ohi ere. Horien artean, Juan Martinez de Irujo, Olaizolaren areriorik handiena. Lehia ikusgarria izan zuten biek, baina beti esan dute biek harreman ona dutela. Atzo geratu zen agerian.

Ilaran zegoen Amaia Uitzi goizuetarra ere. «Guretzat jainkoa da Aimar. Izugarri maite dugu, eta oso harro gaude berataz. Asko eskertzen diogu azken partida herrian jokatu nahi izatea. Lana izan dugu dena antolatzen, baina gustura egin dugu. Merezi du».

Lehen partida hasi orduko, beteta zegoen pilotalekua: ia 800 ikusle; Goizueta osoa baino gehiago. Herriko beste pilotari profesionalak, Iker Salaberriak, jaialdiko lehen neurketa jokatuko zuen, eta hori ere amu polita zen. Harentzat izan ziren txalo gehienak. Gainera, hark eta Jon Erasunek 18-10 irabazi zieten Iraitz Zubizarretari III.ari eta Iker Elizegiri.

Partida amaitu bezain laster hasi zen burrunba, eta goia jo zuen Olaizola kantxara irten zenean. Ander Imaz izan zuen bikotekide, eta Erik Jaka eta Andoni Aretxabaleta aurkari. «Emozionatuta» zegoen Imaz. «Sekulako poza hartu nuen jakin nuenean Aimarren bikotekide izango nintzela haren agurrean. Niretzat, handiena izan da. Ohorea da hemen egotea».

Hasteko, 'Zorionak zuri'

Jokatzen hasi baino lehen egin zioten lehen maitasun keinua Olaizolari. Pilotalekuan bildutakoek Zorionak zuri kantatu zioten. Jarraian hasi zen partida. Goizuetarrak lehiakor izanda utzi nahi zuen, eta atzo ere oso ondo aritu zen. Makina bat tanto lortu zituen, eta guztien ondoren sekulako burrunba sortu zen. Inoiz ez zuen jokatuko halako babesarekin. Eta dena biribiltzeko, irabazi egin zuen: 22-14. Ikusgarria izan zen nola jarraitu zuen ikusle guztiek azkeneko tantoa, zutik. Eta Olaizolak erremate ederra jarri zion guztiari, ezker gantxoz tantoa lortuta. Jokaldi klasikoa eginda esan zuen agur. Ibilbide bikain batek merezi zuen amaiera izan zen.

Handik gutxira hasi zen omenaldia. Lehenbizi, agurra kantatu eta dantzatu zioten. Jarraian, Iturengo eta Zubietako joaldunak sartu ziren, eta haiek ere dantzatu zioten. Baita ondoren sartu ziren herritarrek ere. Zahagi dantza egin zioten, eta Olaizola bera animatu zen dantzatzera. Hamaika oroigarri eta opari eman zizkioten segidan. Unai Miranda Goizuetako alkateak Olaizolaren ibilbidea goratu zuen, eta eskertu egin zion azken partida herrian jokatu izana. Ondoren, pantaila erraldoi baten laguntzaz, Manolo Arozena osabak ilobari eskainitako bertsoak kantatu zituzten. Pantaila berean eman zituzten segidan Olaizolaren bizitzaren irudi mordoa. Gontzal Mendibilek Olaizolaren gustuko kanta bat abestu zuen segidan, eta kantaren erdian azaldu ziren haren emaztea eta lau seme-alabak. Txapela jarri zioten, eta elkarrekin entzun zuten kanta. Azkenean, Olaizolak hartu zuen hitza, eta eskerrak eman zien guztiei, eta, bereziki, Josu Apezetxea pilotari zenaren familiari. «Eskerrik asko hemen zaudeten guztioi hau posible egiteagatik. Lehen zuekin zorretan banengoen, orain are gehiago». Halaxe agurtu zen, txalo artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.