Iker Vicente. Aizkolaria

«Txapel hau berriz eskuratzeak gorenean jarri nau»

Euskal Herriko aizkolari txapelketa irabazi du Vicentek, eta urteko helburua bete du hala. Haatik, ez du bertan gozo geratu nahi. Nafarroako finala du hurrengo erronka garrantzitsua.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Iker Vicente (Otsagabia, Nafarroa, 1997) gailurrean da berriz ere. Euskal Herriko aizkolari txapelduna da bigarren aldiz, federazioaren lehia nagusira itzuli eta gero. Garaipena eskuratu eta biharamunean, pozik bezain akituta azaldu da.

Giharrak ondo al daude?

Dezenteko minarekin. Lan handia izaten da finalekoa, eta jipoia ere bai. Gorputza minberatua dut, eta, atzoko [herenegun] egurrak halako eutsiak izanda, kolpez kolpe tira behar zaio gorputzarekin, eta hustu egiten da.

Txapelduna zara berriz ere. Zer sentipen dituzu?

Politak. Horixe nahi nuen; ematen du berriz ere normaltasunera bueltatzen ari dela dena, eta txapel hau berriz eskuratzeak gorenean jartzen nau. Hor egoteko gogoa nuen, eta gustura nago.

Arantza bat atera al duzu?

Bai. Iaz [maila nagusiko] txapelketa jokatu gabe geratu nintzen; ez bat, eta ez bestea. Iaz Bigarren eta Hirugarren mailetatik igarota, aurten, behintzat, Lehen Mailan nengoen berriz. Arantza hori atera dut, eta ea aurrerantzean bide luze bat dudan gozatzeko.

2019an gailendu zinen lehenengoz; eta, orain, berriz. Tarteko urteetan gehiago ez lortzearen pena duzu?

Azkenean, gauzak zerbaitegatik gertatzen dira. Ez naiz asko jarri atzera begira; nik uste dut gauzak zerbaitegatik egin zirela, eta, berriz ere egoera hartan egonez gero, ziurrenik berdin egingo nuke. Ez naiz damutzen. Sherpako bi txapel ditut, eta bizi guztian eramango ditut nirekin. Atzokoaren balio bera dute; bi txapelketa gogor izan ziren haiek, onenen aurka.

Nolakoa izan zen lehia?

Beroketarako, ohartu nintzen egurrak eutsiak eta gogorrak izango zirela. Eroabezala ez hastea erabaki nuen. Hasieratik saiatu nintzen ahalik eta kolperik handienak ematen, eta ikusi nuen abantaila nire alde hasi zela. Horri eutsi, eta ahal nuenean gehiago atera nuen. Oinbikoak [72 ontzakoak] gogorrak izanik, alde handiagoa atera nuen. Bukaerara arte aiseago aritu nintzen.

Amaiera aldera, lasai igaro zinen egur batetik bestera. Egoera kontrolpean zenuelako izan zen?

Ikusi nuen egur horiekin ezinezkoa izango zela marka on bat egitea. Hortaz, txapela ziurtatzea hartu nuen helburu. [Hodei Ezpeleta] Bihurri kontrolatu nuenean, horri eustea izan zen nire taktika. Beti egokitu daiteke egur txar bat, eta ez nuen erotu nahi.

Zuk 41 minutu eta 11 segundoan osatu zenituen lanak. Zer iritzi?

Gure kirolak gauza bat du txarra:ez dela erlojuarekin konparatzekoa. Materialarekin jokatzen da: horrek markatzen du askotan denbora. Egurrak markatzen du, eta beroketarako pentsatu nuen hala izango zela.

Hasieran presio pixka bat sentitu al zenuen?

Urduri nengoen. Azken urteetako gorabeherekin ere, atzo irabazteko obligazio hori sentitu nuen. Faborito gisa jartzen zaituztenean, beti sentitzen da presio puntu hori. Burua nahiko hotz izan nuen, banekielako lan handia egongo zela. Ikusi nuen pixkanaka abantaila pixka bat lortu nuela.

Zer moduzko giroa izan zen Nafarroa Arenan?

Sekulakoa. Jende asko bildu zen animatzera, eta hango berotasuna izugarria izan zen. Gero, bazkaldu egin genuen, eta jende asko etorri zen. Sekulako festa izan zen. Ingurukoen maitasuna da niretzat gehien balio duena.

Mikel Mindegia omendu zuten finalaren atarian. Berezia, ezta?

Oso berezia. Mindegia nafarra izanik, eta historiako onena izanik, egun aproposa zen horretarako. Nik txikitatik ezagutzen dut, nire aita harekin hasi baitzen. Sekulako estimuan dut, eta niretzat ohorea izan zen harekin argazkia ateratzea.

2006an, Olasagastiren aurkako apustuaren ostean, argazki bat eskatu zizun: «Hau izango da etorkizuneko txapelduna». Oraingoan ere hark eskatu al zizun?

Ez, oraingoan nik. Eduki nahi nuen. Orduko hartan, 24 kana-erdikoren apustuan, txikia nintzen, eta aitarekin joan nintzen ikustera. Hori esan zidan, eta grabatua geratu zitzaidan. Pena dut argazki hori ez dudala jasoa.

Sherpa Ai txapelketa nagusiko kanporaketa da bihar, baina zu ez zara ariko aurten ere.

Aukera eman didate jokatzeko, baina Bigarren Mailatik hasi behar nuen. Ez nuen aukera hori ikusten; iaz bueltaka ibili nintzen, bolada txar batetik nator, eta hori igarotzat neukan. Aurten ez ateratzea erabaki dut. Datorren urtera begira, ikusiko da; [Ezpal] elkartean segitzen dut, eta ea nola den kontua. Nik onena opa diet. Txapelketa polita da, segi dezatela egiten, eta ea aurrerago ateratzen naizen.

Puntako aizkolarien aurka ez lehiatzearen pena omen duzu. Nola egin daiteke hori?

Bai. Agian, Sherpako bi txapel haiek ez dira jendearentzat ofizialak izango, oraingoa bai, baina niretzat, pertsonalki, haiek balio handiagoa dute. [Mikel] Larrañaga sendo bati justuan irabazitakoak dira, askoz final gogorragoetan. Txapel haiek ere oso garrantzitsuak izango dira niretzat. Haiekin [puntakoekin] neurtzeko erak badaude, eta ea suertatzen den.

Ba al duzu zerbait gogoan?

Beti izaten dugu zerbait buruan. Ez gara geldirik egotekoak: zezen plazak ere gustuko ditugu, eta ea zerbait prestatzen dugun.

Hortaz, urte amaierara artean zer? Urrezko Aizkolarien Kopa?

Bai. Orain kanporaketak izango ditugu. Gainera, hilaren 17an Nafarroako Lehen Mailako finala dugu Donezteben. Saiatuko naiz bederatzigarren txapela eskuratzen. Gero, Kopan zentratuko naiz, eta saiatuko naiz ahalik eta lanik txukunena egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.