ARRAUNA

Txapela, erakustaldia emanda

Urdaibaik aise irabazi du Euskadiko Txapelketa, Lekeition, eta, Hondarribiak eta San Pedrok adina garaipen ditu orain: zazpi. Oriok zilarrezko domina eskuratu du, eta Donostiarrak brontzezkoa.

Urdaibaiko patroi Gorka Aranberri, Euskadiko Txapelketako banderarekin, arraunak goran dituztela, Leketion. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 25a
18:26
Entzun

Urdaibaiko jarraitzaileek edota bihotzean beste kolore bat daramatzaten arraunzaleek bi begiak behin baino gehiagotan igurtzi behar izan dituzte Lekeitioko (Bizkaia) uretan gertatutakoa xehe-xehe barneratzeko. Bou Bizkaia traineruko entrenatzaile Iker Zabalak ere lanak izango ditu haren kuadrillak egindako lanari baina bat jartzeko. Urdaibaik txapela kentzeko moduko erakustaldia emanda irabazi du Euskadiko Txapelketa, klubaren historian zazpigarrenez. Gisa horretara, Hondarribiarekin eta San Pedrorekin berdinduta daude orain, txapelketa ofizialeko garaipenak kontuan hartuta.

Goren mailako zortzi euskal taldeek larunbataz geroztik hirugarren estropada segidan jokatu behar zutela eta, prestatzaile batzuek eskifaian aldaketak egiteko hautua egin dute; besteek, berriz, zaldi onenak atera dituzte; horietako bat izan zen Urdaibai. Gainera, Eusko Label ligan ez bezala, txapelketetan, eskifaian gutxieneko harrobi kopurua ateratzeko araurik ez dagoenez, Zabalak buruan marraztuta zuen kuadrilla ezarri du Bou Bizkaia ontziko tostartean.

Naturaren aldagaiek asko baldintzatzen duten estropada eremua izan ohi da Lekeitiokoa; gaurkoan, esaterako, ipar-mendebaleko haizea eta itsasoa izan dira protagonistak. Zoriak hala erabakita, bi ertzetako kaleetatik joan dira Urdaibai eta Hondarribia; Bizkaiko txapelduna lehendabizikoan eta Gipuzkoakoa laugarrenean; bigarrenetik Donostiarra aritu da; eta Zierbena hirugarrenetik. Modu tradizionalean eman diote hasiera estropadari; itsasoko epaileak bandera gorria jaitsi orduko, lau ontziek lehen arraun kolpeak eman dituzte. Oriok lehen txandatik egindako denbora zuten une oro begiz jota; lan oso txukuna egin baitu Jon Salsamendiren taldeak.

Urdaibaik eta Donostiarrak ondo baino hobeto baliatu dituzte euren kaleak, Santa Katalina itsasargiaren babespean; ipar-mendebaleko haizeak gutxiago jotzen baitzieten; Hondarribia eta Zierbena, aldiz, biluziago zihoazen. Hain zuzen, luze erdirako estropada bitan hautsi da: Bou Bizkaia eta Torrekua aurretik, eta Zierbena eta Hondarribia atzetik. Bi talde horiek gogotik sufritu dute. Urdaibai izan da lehen ziabogara aurrena heldu zen taldea, Donostiarrarekin batera. Biek ala biek Orioren denbora hiru segundoan hobetu dute. Hondarribiari hamahiru segundo atera dizkio, eta hamasei Zierbenari.

Maniobraren ostean hasi da festa. Urdaibaik eta Donostiarrak arraunkadak gehiago sarritu dituzte olatuei ahalik eta zukurik gehien ateratzeko. Torrekua, une batez, Bou Bizkaia-ri bi segundora hurbildu zaio, baita Orio ere. Gehiago ez, ordea; izan ere, Bermeoko traineruko patroi Gorka Aranberrik olatu eder bat hartu du, eta ez du askatu. Metro dezente airean joan ostean, zuloan geratu dira. Orduan, Aranberrik arraunlariei eskatu die arraunketa gehiago sakontzeko, eta traineruaren txopa altxatu orduko, erritmoa gehiago bizitu dute, atzetik zetorkien olatua hartzeko. Bai hartu ere.

Ontzia hegan zihoala heldu da bigarren ziabogara. Aranberrik eta Mikel Azkarate aurrekalariak ziba baten moduan biratu dute Bou Bizkaia, eta, motorra berriz olioztatuta, kanporanzko lan mardulari ekin dio Zabalaren kuadrillak. Donostiarrari zazpi segundo ateratzen zizkion, hamar Oriori, 22 Zierbenari eta 27 Hondarribiari.

Lau ontziak zanbuluka zenbiltzan, sehasken antzera, eta, aldian-aldian, ezkutatu ere egiten ziren olatuen artean. Donostiarrak bazekien brankaz Urdaibai gehiago zela. Hortaz, jo eta jo aritu zen. Bermeotarrek, berriz, beren betiko arraunketan segitzen zuten, minutuko 36 arraunkadako erritmoan. Bazekiten bandera irabazteko gako nagusietako bat luze horretan zegoela. Zehazki, metroak egin ahala, bizkaitarrek zazpi segundotik 11ra zabaldu dute Donostiarrarekiko aldea, eta gehiago handitzen jarraitu dute.

Sufrituz, gozatzen

Gustura zihoazen Aranberri eta beste hamalau arraunlari. Ternuaraino ere joateko moduan ziren, baina, ohartzerako, kanpoko balizen parean ziren. Zabalarenek ez dute arazo handirik izan ziaboga emateko, eta Oriok egindako denbora hamabost segundotan hobetu dute; hain zuzen, Donostiarra San Nikolas baino segundo bat azkarrago heldu da. Zierbena eta Hondarribia, berriz, lehiatik kanpo ziren. Banderaren makila eta gehiago Bermeora bidean ziren.

Hutsegite larria egin behar zuen Urdaibaik ordura arte egindako guztia kareletik jaurtitzeko. Aranberri eta haren kuadrilla, ordea, ez dira atzo jaiotakoak; zailduak dira. Bigarren luzearen gisan, ikuskizun aparta eman dute azken luzean ere. Patroi zarauztarrak hamalau arraunlariei izenez banan-banan deitu die, hanketik hasi eta aurrekalariaren tostaraino: «Bi minutu, eta ikurrina!». Hasieratik amaiera arte egindako lanaren saria jaso dute, merezita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.