Txapela kentzeko moduko partida

San Antoniok lana eta ilusioa baliatu ditu bere pistan Ademar Leoni nagusitasun osoz irabazteko

edurne elizondo
Iruñea
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Zaleek gozatu zuten atzo. Eta zaleek baino gehiago, jokalariek. Ez baita nolanahiko gauza Asobal ligako hirugarrenari, Ademarri, hamar goleko aldearekin irabaztea, eta Amaya San Antoniok horixe lortu zuen atzo. Sasoiko lehen porrota izan da Iruñekoa Leongoentzat.

Bartzelonaren eta Ciudad Realen kontrako azken bi jardunaldietako partidetan joko ona erakutsi zuten nafarrek, baina esku-hutsik atera ziren pistatik. Atzo, ez zuten emaitza bera nahi. Eta argi utzi zuten hasieratik. Partida hagitz serioa egin zuten Juanto Apezetxearen jokalariek, eta lana eta ilusioa baliatu zituzten pistan aurkaria mendean hartzeko.

Lehen unetik partidan erabat sartuta atera ziren pistara iruindarrak. Erasoan eta defentsan bikain aritu ziren. Atean, gainera, sekulako partida egin zuen Ristanovicek. 20 geldiketa egin zituen. Partida borobila. Inork ez zuen hutsik egin atzokoan.

Ez, behintzat, nafarren artean. Bertzelakoa zen egoera Ademarreko jokalarien artean. Lehen zatian zazpi gol egiteko gai bertzerik ez ziren izan. Atsedenaldia eta gero, biziago itzuli ziren pistara. Baina San Antoniok ez zien deustarako aukerarik eman. Aldea handitu bertzerik ez zuten egin etxekoek. Hamaika golekoa ere izan zen, 56. minutuan. Humetek egin zituen nafarren goletako 11. Partida bikaina egin zuen. Garaipena, hala ere, talde osoarena izan zen. Sumatzen zaie nafarrei gozatzen ari direla, eta merezitako saria izan zen atzoko garaipena.

Arrate, burua ezin altxatu

Burua ezin altxatu jarraitzen du Arratek. 25-28 galdu zuen atzo Valladoliden aurka, eta, ondorioz, jaitsiera postuetan jarraitzen dute gipuzkoarrek, hiru punturekin. Gaizki hasi zuen partida Eibarko taldeak,0-6 galtzen. Hasiera txar hori zama astunegia izan zen etxekoentzat, eta ezin izan zioten emaitzari buelta eman. Partida guztian izan ziren markagailuan atzetik. Azkenean, 25-28 Valladoliden alde.

Bertzalde, ABF ligari dagokionez, 24-20 irabazi zuen Bera Berak atzo, Alcobendasen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.