Pilota. Binakako finala

Txapela Roubaixen dago

Beñat Rezusta pilotaria eta Mikel Aristi txirrindularia umetako lagunak dira, baita kuadrilla bereko kideak ere. Bihar, batek Binakako Txapelketako finala jokatuko du, eta besteak, Paris-Roubaix klasiko ospetsuan parte hartuko du.

Imanol Magro Eizmendi.
Bergara
2017ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Bergarako pilotalekuan egin dute hitzordua. Nonbait, kuadrillako lokala ez zen tokirik txukunena argazkiak ateratzeko. «Biltegi zahar bat da; han ezingo litzateke negozio bat muntatu. A zer nolako pagotxa izan duen jabeak urteetan gurekin», azaldu du Mikel Aristik (Bergara, Gipuzkoa, 1993). Aristi aspaldian ez da pasatu handik; Beñat Rezusta (Bergara, Gipuzkoa, 1993), aldiz,gehiagotan agertu ohi da. «Eta ez diogu inoiz arazorik eman. Urte pila bat egin ditugu han, eta ia ez da kexarik egon». Pilotalekua, berez, Rezustaren lurraldea da, baina Aristi ere gustura dabil han. «Aititarekin, txirrindularitza eta pilota ikusten zen bakarrik etxeko telebistan». Pilotan jokatu zuen umetan, baina ez zen bereziki ondo moldatzen, eta, koskortzean, bizikleta hartu zuen. Profesionala da egun, Delko Marseille Frantziako Kontinental Profesional mailako taldean. Pilotazalea da, baina bihar ezingo du ikusi laguna Binakako Txapelketako finalean. Zeregin hobea du: Paris-Roubaix klasiko ospetsuan ariko da.

Argazkilariak hala eskatuta, pilotalekuko atzeko atean aritu dira piloteoan bi lagunak. «Beñat txikitatik izan zen onena. Beste guztion gainetik zegoen. Herriko txapelketan, herriartekoetan, afizionatu mailan... Partida asko ikusi dizkiot. Egun ona duenean partida handiak egiten ditu, eta txarra duenean ondo daki disimulatzen. Bertute handia da hori». Aristiren deskribapenak garbi utzi du ondo ezagutzen duela laguna.

Rezusta, baina, ez da Aristiren pilotari garaiarekin oroitu; bai, ordea, lehen pedalkadekin. «Nik beti bizikleta gainean gogoratzen dut. Txikitan lasterketa mordoa irabazi zituen. Zirkuituak ziren, eta beti irabazten zuen».

Elkartu, baina, nolabait futbolak elkartu zituen. Eskola ezberdinetan ikasi zuten, baina futbol taldea eskola ezberdinetatik elikatzen zen. Rezusta hasi zen horretan —Eibarren gazte mailako taldearekin ere probatu zuen—, eta hala ezagutu zituen adin bereko herriko beste umeak.

Bi lagunak hizketan hasi, eta kirola dario solasaldiari. «Gure bizitza kirolari lotuta dago. Mikelek denbora asko egiten du kanpoan, eta gustatzen zaigu lasterketei buruz hitz egitea, zer ikusi duen-eta», dio Rezustak. Aurten, esaterako, Gabonen lortu du arrakasta handiena Aristik, etapa bat irabazi baitzuen La Tropicale itzulian, eta bigarren izan zen erregulartasunaren sailkapenean. «Nondik natorren oroitu behar dut. Iaz, urte txarra eduki nuen, eta berriz ere neure burua aurkitzea da nire helburua. Txirrindulari sentitu nahi dut, lasterketaren zati izan, konstantea izan, eta kontratua berritzea. Oraingoz, hori lortzen ari naiz». Rezustak badaki lagunak sufritu egin zuela iaz. Horregatik, pozik entzun du haren azalpena. «Aurten ondo ari da; etapa bat irabazi du. Ez dut uste jarraitzeko arazorik izango duenik. Hori espero dut, behintzat».

Lagunen babesa

Rezustak, halere, lagunaren lasterketa bat du memorian iltzatuta, eta ez onerako. 2015ean izan zen, Bergaran bertan, Aristi afizionatuetara itzuli zenean, bi urte Euskadi fundazioan egin ondoren. «Helmugatik gertu geunden kuadrillakoak, eta erretiroa hartu zuten guztiek gauza bera zioten «Aristiri honek ez dio ihes egingo!», eta gu, pozik. Gure paretik ere lehenbizi pasatu zen, baina beste bat indartsuago zetorren atzetik, eta azkenean, bigarren izan zen». Aristik ere ez du ahaztu. «Tirilontek deitzen zen irabazlea. Esprinta luze egin zitzaidan; ez zait izena inoiz ahaztuko». Biharkoari begira, berriz, Iker Irribarria eta Rezusta dira guztiek faborito jotzen dituztenak. Aristik kazetaria isildu du segituan. «Ez esan halakorik; orduan ez zen ondo joan. Ea ez den berriz gertatzen».

Txirrindulariek eta pilotariek bizimodu ezberdina dute. Pilotariek parrandazale ospea izan dute beti, eta txirrindulariek, fraide bizitza egitearena. Rezustak eta Aristik, baina, ez dute gautxori itxurarik. «Pilotariak asko profesionalizatu dira; haien fisikoa ikusi baino ez dago», zehaztu du Aristik. «Pilotari beteranoek beti esaten digute euren aldean gu askoz zuzenagoak garela», gehitu du Rezustak. Ez dira oroitzen elkarrekin parranda egin zuten azken aldiarekin. «Egia esan, nik gehiago gozatzen dut bazkari edo afari batekin, parranda eginda baino; badakit-eta ez diodala hainbeste gaitz egiten gorputzari», onartu du Aristik. Rezustak ere aitortu du aspaldian ez dela irten parrandan. «Txapelketan ez, eta ez dut horren falta sumatzen. Azkenaldian aste barruko planak egiten ditudala iruditzen zait, zaharren planak! [barrez]».

Parranda gutxi egiten dute, eta, biak kirolariak diren arren, bizimodu ezberdina dute. Zerk ematen die inbidia bestearengandik? «Txirrindulari ez banintz pilotari izan nahiko nukeela esan dut askotan. Gustatzen zait Beñaten bizitza, entrenatzeaz gain beste gauza asko egin ditzakeelako: korrika egin, mendira joan... Bizitza normala egin dezake. Behin Aizkorrira joan zela esan zidan, maiatzean, eguraldi bikaina egiten zuela, eta sekulako inbidia eman zidan». Eta Rezustak? «Lagunek adarra jotzen didate. Aristi bost orduz entrenatu da, eta zu, ordu batez bakarrik. Ni ezingo nintzateke bost orduz entrenatu; eskuak txikituko nituzke. Hala ere, asko gustatzen zait zein ondo zehaztua duen Mikelek entrenamendua. Gustatuko litzaidake gidoi bat edukitzea entrenatzean, kontrol gehiago». Eta zerk ez die inbidiarik ematen? Aristiri kosta zaio zerbait aurkitzea. «Ia dena dut gustuko; zerbait esatearren, eskuko mina». Eta Rezustari? «Txirrindularitza oso lotua da, denboraldian batez ere.Entrenatu, jan eta atseden hartu, ezin da besterik egin». Elkarrizketa egunean, Aristik 170 kilometro egin zituen entrenatzen.

Kuadrilla: Bilbo eta telebista

Kuadrillako beste kideak Bilbon egongo dira igandean. Aristik, ordea, Frantziako egutegia egiten du, eta badaki zaila dela hura ikustera joatea. «Iaz Ordizian lehiatu nintzen, eta etorri ziren. Gurasoak Bordele inguruan noiz lehiatzen naizen ikusten aritzen dira, eta haraino lau ordu dira», azaldu du Aristik. Beraz, Bizkaia pilotalekuaren inguruan zale talde bat telebistara begira adi-adi ikusiz gero, baliteke haiek izatea. «Baten batek bazkalostean ez dakit pilota ondo ikusiko duen», gehitu du, umoreko. Rezustak ere badaki lasterketa berezia dela. «Biontzat izango da egun berezia; ea kuadrillakoak oroitzen diren. Paris-Roubaix, gainera, berezia da, lasterketa gogorra, luzea...».

Rezustak elikadura eta indarberritze kontuak galdetu izan dizkio Aristiri; igandean, aldiz, agian berak eskatuko dio aholkua, iaz Paris-Roubaixen eskuak txikitu baitzituen. «Eskuetako tako antzeko batzuk eraman nituen, eta ez zidaten mesederik egin. Hirugarren harbidean errobera zulatu nuen bi txintxeta zapalduta, eta tropelak ihes egin zidan. 160 kilometro bakarrik egin nituen, amorratuta, keak botatzen». Hala ere, Aristi ilusioz itzuliko da Iparraldeko infernura —hala deitzen diote Paris-Roubaixi—. «Lasterketan egon nahi dut, presentzia eduki,ahal bada ihesaldian sartu, eta ahalik eta gehien aurrekoekin joan. Eta, ahal bada, bukatu, belodromoan sartu eta dutxa berezi horiek probatu».

Pilotariak ere egun handia du. «Urteko helburuetako bat da. Urte osoan ondo egoten saiatzen naiz, baina, txapelketetan, binakakoan dut aukera gehien». Iaz ere finalean egon zen, eta, Aristik Paris-Roubaixen bezala, ez zuen egun ona izan —Juan Martinez de Irujok min hartu zuen eskuan, eta partida utzi behar izan zuten—. «Sekulako pena hartu nuen», aitortu du Aristik. «Kanpoan nintzen, baina izan nuen finalaren berri. Ondo ari ziren, baina horrela amaitzea, kideak min hartuta... Igandean dena ezberdina izango da». Elkarri agindu diote animo mezu bana bidaliko diotela, eta gero bazkari edo afaria egingo dutela. «Halakoetarako ere alfer samar gabiltza. Azkena nik antolatu nuen», gogoratu du Rezustak. «Zerbait ospatzeko izan dadila» egin dute bat biek; batek txapela jantzi izana, eta besteak, berriz, infernuan gozatu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.