Goizaldean iritsi da herrira, eguzkiarekin batera eta «oso pozik», txapela 160 lagunekin batera behar bezala ospatu ondoren. Lehen Mailako aurreneko txapela etxeko atarian du dagoeneko, eta egunkariak erostera joan denean jende guztiak agurtu du Aritz Begino (Auza, Nafarroa, 1980). «Ametsa» bete du, eta orain atseden hartu ahal izango du, buruz burukoari uko egin baitio.
Zer moduz esnatu zara? Lo nahikoa egin al duzu?
Oso ondo, egia esan. Giharretako min itzelak ditut hanketan, tentsioarengatik batez ere, baina oso ondo sentitzen naiz.
Egunkariak ikusi al dituzu?
Bai, eguerdian. Azaletan agertzea polita da. Txapelketan zehar, gainera, ez ditut pilota kontuak irakurtzen.
Non dago txapela?
Hemen, etxean, sarreran. Lore sorta amari eman diot. Txapelak tokia zuen gordeta.
Zer moduz ospakizuna? Jendetza batu omen zen olaizolatarrenean.
Bai, bai, 160 lagun inguru, oso ondo. Gainera, kuadrillako gehienek jai hartua zuten astelehenean badaezpada, eta ondo ospatu duguDonostia aldean. Ezkontza bat zirudien! Giro oso onean egon gara, goizaldera arte ospatzen.
Ingurukoak ere poztu dituzu.
Auza txikia da, eta jende guztia dago pozik. Kalera irtetean jende guztiak zoriontzen nau.
Siesta garaian jende gutxi ibiliko da kaletik Auzan.
Kar-kar… Ziur. Finalera joan eta lanean ez dagoena ziur ohean dagoela. Ea askotan errepikatzen diren halakoak.
Gozozalea izanda ere, txapelketan asko zaindu duzu jana. Afarian postrea jango zenuen, ezta?
Bai, bai, postrea eta denetarik jan nuen, eta gero xanpaina…
Zer moduz izterra? Kuadrillakoek ia lesionatu zintuzten.
Karga-karga eginda daukat, baina uzkurdura da bakarrik. Begiratu behar dugu nondik datorkidan min hori, txapelketan behin baino gehiagotan izan baitut. Analisi batzuk egingo ditut, ea zerbaiten faltan nagoen. Gaur noa medikura. Finalean erabat tenkatu zitzaidan giharra, eta ezin nuen belauna tolestu.
Finaleko zein irudi duzu buruan?
Aimarrek bere gain hartu zuela partida, eta azken tantoa egiteangainera etorri zitzaidala «bukatu diagu, bukatu diagu» esanez… Oso hunkigarria.
Berak esan behar izan zizun?
Bai, ez nuen sinesten. Ni lurrera erori nintzen azken tantoan eta berak esan zidan: «Altxa hadi, bukatu diagula». Tentsio handiko partida izan zen, gogorra…
Lasai aritu zinen.
Lasai nengoen. Nik Aimar konfiantza askorekin ikusten nuen, oso ondo zegoela esaten zidan eta horrek lasaitzen ninduen. Nik, berriz, beste edozein partida bezala ikusten nuen, ez nuen finala zela pentsatzen.
Olaizolak erakustaldia eman zuen.
Egia da, hori nabarmendu nahi nuke. Ondo irakurri zuen partida, gure pilotarekin min asko egin zuen, eta eurenarekin ondo defendatu. Gero, 17-14koarekin, aldagelatik irten eta hitz egin ondoren, ardura bere gain hartu zuen.
Zer esan zenion?
Blokeatuta nengoela, hankan arazoak nituela, eta sufritzeko prest nengoela baina ez nekiela eutsiko nion. Eta berak sufritzeko esaten zidan, gutxi falta zela… eta erakustaldia eman zuen.
Zuk partida serioa egin zenuen.
Lan egitea zen helburua, gutxi galtzea eta Xala saihestea… Gero, pilotekin tanto sortak ikusi ziren.
Alde handia zegoen piloten artean.
Bai, aldea oso handia zen, baina ohituta gaude pilota horiekin jokatzera. Aspeko pilotari batzuk ondo konpontzen dira pilota mota horrekin, oso arina da, bote gehiegikoa, bala txiki bat… Jendea gure pilotekinkexatzen da, eta gu isilik egon gara, baina beste horrek frontenisekoa dirudi. Ez da normala bederatzitik jo eta aurrelaria saihestuz zazpira bidaltzea.
Txapelak lasaitasuna ematen dizu?
Ondo eginiko lan baten saria da. Edozein profesionalek du txapela amets, baina ez ninduen itsutzen. Sari polita da eta ea besteren bat irabaz dezakedan.
Buruz burukoa jokatuko duzu?
Ez, enpresarekin hitz egin dut eta ez dut jokatuko. Kailua ireki zait, eta ulertu dute. Orain, ondo sendatzea da asmoa, eta udan enpresari ahalik eta gehien laguntzea.
Hurrengo entrenamendua noiz?
Bihar, lan saio fisikoa egingo dut, gustuko baitut, eta agian pilotaleku saio arina. Hori ezin da utzi.
Aritz Begino. Asegarceko pilotaria
«Txapela saria da, baina ez ninduen itsutzen»
Lehen txapela irabazi zuen herenegun, eta oraindik ur bitsetan dago. Finalean Olaizola II.ak erakustaldia eman zuela nabarmendu du, eta gustura gelditu zen bere lanarekin, arazo fisikoekin bukatu arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu