Fusto-Larrinaga 3. Gaubeka-Aierbe 0

Txapelak bainoago, artelanak

Fusto-Larrinagak finala irabaziz borobildu dute Munduko Txapelketa bikaina; atzelariak final ikusgarria jokatu du

Koldo Larrinaga eta Pablo Fusto, txapel eta garaikurrekin, atzoko finala irabazi ondoren. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Setak. 10-8, 10-7 eta 10-6.

Iraupena. Partidarena: 54.21; jokoarena: 21.26.

Pilotakadak. 463.

Saketik. Larrinagak bi; Aierbek bat eta hiru falta.

Bestelakoak. 500 bat ikusle Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan, Munduko Pilota Batzarrak antolaturiko Munduko Txapelketako finala ikusteko. Pablo Fustok jaso zuen txapelketako pilotaririk onenaren saria.

Ondo hasi eta ondo buka. Pablo Fustok eta Koldo Larrinagak marko batean sartzeko Munduko Binakako Pala Txapelketa egin dute. Bost partida jokatu eta bost irabazi —set bakarra galdu dute—, ligaxkako laurak, eta garrantzitsuena: finala. Txapel itxurako artelanak atzo jantzi zituzten, eta egun erabakigarrian Larrinaga nabarmendu zen. Atzelariak partida ikusgarria jokatu zuen, eta ezerezean utzi zuen aurkarien ekina. Sari banaketan, Fustok jaso zuen txapelketako pilotaririk onenaren saria; aurrelari argentinarrak, baina, kantxan bertan egin zion aitortza kideari: «Koldorekin erdibanatu behar dut. Berarengatik irabazi dut txapela; final ikusgarria egin du».

Aurrelarien finala behar zuenean, atzelari batek egin zuen distira. Larrinagak Innpalarekin jokaturiko azken hiru txapelketetako finala jokatu ditu, eta atzo binakako hirugarren txapela irabazi zuen. Atzeko koadroetan Aierbe baino gehiago izan zen, eta zarauztarrak, zintzo, ez zuen bere ardura saihestu. «Gaubekarengatik ematen dit pena. Jokoa hartzea kosta zaio, eta bere maila eman duen egunean nik egin dut kale». Aierbek 11 huts egin zituen guztira, eta tartean, saketik hiru falta, horietatik bi une erabakigarrietan. Dena den, ez zion une bakar batez ere bizkarra eman partidari, eta gogotsu aritu zen piloteo guztietan.

Irabazleek oso ondo hasi zuten lehen seta (8-1). Lanak berehala bukatuko zituztela zirudien, baina urdinek euren izaera lehiakorra erakutsi zuten. Pilotakadak txapa gainean moztu, eta Fustoren oinak bilatuz, 9-8raino hurreratu ziren. Iaz txapeldunak eurak zergatik izan ziren erakutsi zuten Gaubekak eta Aierbek, baina seteko azken tantoan atzelariak huts garbia egin zuen.

Fustok ez zuen partida ona egin. Zazpi huts egin zituen, eta Larrinagarenak ziren pilota askotan sartu zen. Bigarren seta orekatuago hasi zen (3-4), baina Aierbek saketik eginiko falta batek tartea irekitzea ahalbidetu zien txapeldunei (7-4). Urdinak 7-6raino hurbildu ziren, hein handi batean Gaubekarengatik —11 tanto egin zituen— baina une erabakigarrietan txapeldunek patxada gehiago izan zuten (10-7). Bigarren setean egin zuen Larrinagak jokorik onena, eta nabarmentzekoa hirunako tantoan eginiko defentsa. Lau pilota oso zail eraman zituen jarraian.

Urdinek oso aldapa gora zuten partida, eta are zailago jarri zitzaien azken setaren hasieran (5-1). Huts asko egiten jarraitu zuten, eta, Fustok fin jarraitzen ez zuen arren, aldeari ondo eutsi zioten (7-3, 8-4 eta 9-6). Urdinek gehiago arriskatu zuten, baina zorterik gabe: bi txapa jo zituzten eta pilotakada bat oso gutxigatik joan zitzaien kontra kantxara. Azken tantoa Aierbek erasoan txapara bidalitako pilotakadarekin lortu zuten irabazleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.