Txapeldun izateko jaio zen

Levante, Estudiantes, Sevilla, Rayo eta Espanyolen jokatuta, Vanessa Gimbert duela hiru denboraldi iritsi zen Athleticera. Titulu bat falta zaio barrua betetzeko.

Vanessa Gimbert, Athleticeko jokalaria, Bergaran, bere jaioterriko futbol zelaian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Azken hamar jardunaldietan ari gara finalak jokatzen. Bat gehiago da hau». Vanessa Gimbertek (Bergara, Gipuzkoa, 1980) tentsioa baretu nahi izan du Atletico Madrilen aurkako gaurko partida erabakigarriaren atarian. «Astean ez dugu egin lanketa berezirik». Hori bai, ondo barneratuta daukate hiru partidak irabazi beharko dituztela ligako titulua eskuratzeko. «Bartzelonak ez duelako huts egingo». Atletico Madrilen aurka bi golen aldearekin galduta ere, hurrengo denboraldian Txapeldunen Liga jokatuko du Athleticek. «Baina buruan ez daukagu halakorik. Irabazi, eta txapeldun izan nahi dugu guk».

«Oso partida serioa jokatu beharra daukagu, hasiera-hasieratik aurkariaren bila joanda». Gimberten hitzetan, «Zubietako partida hasiera berdintzea» izan daiteke gakoa. «Elkarri laguntzak eman, denok elkarren ondoan egon, lerroak ez hautsi...». Azken sei jardunaldietan bi partida galdu eta beste bat berdindu dute madrildarrek. «Eta normala ere bada, helburuetatik pixka bat urrundutakoan, nahigabe behera egiten baitu buruak».

13 urterekin, Bergaratik Kordobara (Espainia) arteko bidea egin zuen Gimbertek, gurasoen lan kontuak zirela kausa —beste hiru anaia dauzka—. «Ez zen izan pauso samurra, adin berezia baita zure betiko gunea uzteko». Baina berehala aurkitu zuen talde txiki bat. «Montilla, Kordobako herri txiki batekoa; Andaluziako selekzioak deitu zidan gero, Espainiakoak atzetik, Levantek...». Estudiantes, Sevilla, Rayo, Espanyol, Athletic... 36 urterekin, gipuzkoarrak esperientzia handia pilatu du, jada, maila gorenean, baina onartu du zuri-gorriekin liga irabaztea «oso berezia» izango litzatekeela. «Iritsi nintzenerako, azken denboraldietan kolpe asko hartuta zegoen taldea, eta Espainiako Kopa bat ere galdu genuen penaltietan. Talde honek garaikurren bat merezi du». Gimberten hitzetan, titulua «pizgarri ederra» litzateke gazteenentzat. «Lortuko genukeen moduagatik, batez ere. Irabaztea zein zaila den jabetzeko balioko luke».

Hori bai, gaurko partidari besterik ez diote begiratu nahi Athleticeko jokalariek. «Badakigulako zer gertatzen den beste helburu batzuei bueltaka hasiz gero». Horregatik ez dute hitz egin nahi Txapeldunen Ligari edo Kopari buruz. «Kolpea are handiagoa izan daitekeelako gero. Hala ere, aurreko denboraldietan baino lasaiago ari gara aurre egiten egoerari». Nahiz eta lesio asko eta larriak izan dituzten. «Ez dakit zer ari zaigun gertatzen, baina oso ondo ari gara erantzuten talde gisa. Are meritu handiagoa dauka lortzen ari garenak».

Orain hiru urte iritsi zen Gimbert Athleticera, azken pausoak ematen ari zela barneratuta. Gorputzari entzunez, hiru denboraldi osatu ditu jada Bilbon. «Eta, tira, agian...». Sasoi amaieran erretiroa hartuko zuela sinetsita zegoen. «Baina liga irabazi eta hurrengo denboraldian Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izanez gero... Zer pentsatua ematen du, eta ea nola amaitzen dugun». Levanterekin jokatu zuen Europako lehiaketa nagusian, eta, normala den bezala, ez da samurra txapelketa horri uko egitea.

Autoan joan-etorrian

Bergaratik Lezamara eta Lezamatik Bergarara. Zelaian bezainbat denbora igarotzen du Gimbertek errepidean. «290.000 kilometro egin dizkiot jada nire Volkswagen Golf autoari. Levanteko azken urtean erosi nuen [2003], eta ondo ari da irauten oraindik». Hainbeste taldetan jokatuta, diru pixka bat pilatuta dagoeneko? «[Barrez] Ez, ez. Hilabete bukaerara iristeko ere ez du ematen futbolak!». Ikasketak amaitu, eta entrenatzaile titulua atera berri du, bigarren mailakoa. «Asko erakartzen nau neska-mutikoak entrenatzeak, eta bidea ireki dut tituluarekin». Baina Athleticeko erdilariaren erronketan, liga irabazi eta Txapeldunen Liga jokatu ondorengo pausoa izan nahiko luke entrenatzaile lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.