Kauldi Odriozola. Bidasoa taldeko jokalaria

«Txapeldunen Ligan jokatzea esperientzia ederra izaten ari da»

Bosgarren denboraldia ari da betetzen Kauldi Odriozola Bidasoan, eta estreinakoz ari da Txapeldunen Ligan. Taldeko golegilerik onena da, baina 22 urteko gazteak pausoz pauso joan nahi du: «Badut zer ikasi».

JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Aurreneko aldiz ari da Txapeldunen Liga jokatzen Kauldi Odriozola (Zumaia, Gipuzkoa, 1997), eta azkar egokitu da. Izan ere, Bidasoa taldeko golegilerik onena da lehen bi partidetan: hamar gol. Gaur du hirugarren jardunaldia, etxean, Mazedoniako Eurofarm Rabotniken aurka (12:10, ETB1).

Zer dakizu gaurko aurkariaz?

Talde indartsua da. Etxean jokatu ditu Txapeldunen Ligako lehen bi partidak, eta, biak galdu arren, gol bategatik izan da, Savehof multzoko liderraren aurka, eta Sporting Lisboaren kontra.

Defentsan ahul samar ibili da bi partida horietan, eta erasoan, hobeto. Horrek esan nahi du Bidasoak defentsako lanean oinarritu beharko duela gaurko lana?

Bai, baina horrela izaten da lehiaketa honetako partida guztietan. Orain arte ondo ari gara defentsan, eta berriz egin beharko dugu gauza bera, horixe baita gure ezaugarri nagusia. Behin hori eginda, aukera gehiago izaten da erasoan gola sartzeko.

Bi partida jokatu eta biak irabazita, ezin hobeto hasi zarete. Espero zenuten?

Txapelketa berria da guretzat, ia jokalari guztiak hasiberriak garelako, eta, talde on asko daudenez, ez genekien gure maila zein izango zen. Hala ere, bagenekien partida guztiak ez genituela hamar golen aldearekin galduko, aurkariak onak izan arren. Ondo hasi gara behintzat, eta bi partida on jokatu ditugu.

Zer da Txapelduna Liga jokatzea?

Inguruko guztia du berezia, baina partidak beste edozein lehiaketakoak bezalakoak dira: zazpi zazpiren aurka beti. Esperientzia ederra izaten ari da, jende asko joaten delako ikustera kanpoan eta Irunen bertan, eta inguruko horrek ematen dio berezitasuna.

Zein da Bidasoaren helburua lehiaketa honetan?

Partidaz partida joatea da asmoa, eta denetan geure onena emanez, ikusi noraino heltzeko gai garen.

Astean bi partida jokatzen ari zarete, Asobal liga eta Europakoak uztartuz, eta hori ere berrikuntza da zuentzat.

Bai. Orain arte astean partida batekin ibili gara, entrenamendu asko eginez, baina orain ez. Dena dela, txandakatzeak egiten ari da entrenatzailea, jokalari guztiak sasoiko egon gaitezen, eta denbora banatzen ari da. Hala ere, partida batean batek asko jokatu behar badu, ez da arazo bilakatzen. Txarrena edo nekagarriena bidaiak dira, ordu asko direlako, baina nahiko ondo moldatzen ari gara oraingoz.

Unibertsitateko ikasle ere bazara, eta denboraldi honetako ibiliarekin, lehen baino denbora gutxiago izango duzu orain ikasteko.

Bai, baina lehen ere bai, goiz eta arratsalde entrenatzen garelako. Klaseetara ezin naiz askotan joan, eta apunteak nire kontura lortzen saiatzen naiz. Pixkanaka ari naiz ateratzen Ingeniaritzako ikasketak, garbi baitaukat eskubaloitik ezin dela bizi. Ez da beste kirol batzuk bezalakoa, ez dago hainbeste diru. Orain, bizitzeko ematen dit, baina oso garbi daukat utzitakoan lan egin beharko dudala.

Bosgarren denboraldia duzu Bidasoan, aurrenekoa Ohorezko B mailan, eta beste laurak Asobalen. Zertan aldatu zara Bidasoak fitxatu zintuenetik?

Ez naiz berdina, ez [barrezka]. Esperientzia handiagoa daukat orain, Pulpotik [Zumaiako taldea] etorri nintzenean ume bat nintzelako. Hobetzeko gauza asko dauzkat, baina ari naiz pixkanaka. Beste jokalari bat naiz orain, hasiera hartan oso urduri jartzen nintzelako hainbeste jenderen aurrean jokatzen. Herrian ezberdina zen, herritarren aurrean jokatzen genuelako, eta presioa ere horren neurrikoa zen. Profesionaletara jauzia ematea pauso handia izan zen, baina uste dut orain hobeto daramadala.

Bidasoa taldeko hasiera hartan ez zuen ematen, bada, oso urduri jartzen zinenik.

Jokatu aurretik izaten zen txarrena, jokatzen hasitakoan jokoan arreta jartzen dudalako, dena emanez. Beti egin dut hori, eta berdin jarraitzea espero dut.

Esan duzu hobetzen ari zarela jokalari moduan, eta ari zara alorren bat bereziki lantzen?

Pulpotik etorri nintzenean, hegalean jarri ninduten, eta gerora ipini ninduten alboko gisa. Bietan jokatu dut, eta postu ezberdinak dira. Hegalean, asko asmatu behar da, baloia ematen dizutenean atera jaurtitzeko sartu egin behar da, eta horretan hobetzen saiatzen ari naiz. Defentsako lanean ere findu nahian nabil. Orain, alboko gisa ere gauza txikietan hobetzen saiatzen ari naiz, eguneroko lanari esker.

Bidasoa asko aldatu da denbora gutxian, behetik gora egin duelako. Nola ari zarete aldaketa horretan?

Asko aldatu da. Ni heldu nintzenean Bigarren Mailan geunden, eta igo egin ginen. Asobal ligako lehen bi denboraldietan, mailari eustea zen asmoa, eta lortu genuen. Aurreko sasoian egin genuen sekulako gorakada, ezustean, baina ondo hasi ginen, eta gai izan ginen goian jarraitzeko. Bigarren egin genuen, eta horren saria izan da Txapeldunen Liga jokatzea. Asobalen, ea gai garen iazkoa berdintzeko.

Bartzelona ahalguztiduna garaiezina al da?

Aukerak beti daude, baina guk liga perfektua egin beharko genuke, akatsik gabea, eta haiek kale egin. Ez dakit Bartzelona ez den zein taldek lortu zuen azkenekoz liga irabaztea. Azkenean, guretzat bigarren geratzea txapeldun geratzearen parekoa da. Gaur egun oso-oso zaila da Bartzelonari aurre egitea.

Txapeldunen Ligan badira beste talde historiko batzuk ere, eta hurrengo fasean horien aurka jokatzeko irrikan egongo zara, ezta?

Bai. Badira alemaniarrak, hungariarrak, frantziarrak, denak oso onak. Guretzat sekulakoa izango zen talde handi baten aurka jokatzea, 10.000 ikusleren aurrean, pista ezagunetan. Ez litzateke erraza izango talde horien aurka behar bezala lehiatzea, baina esperientzia zoragarria litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.