Asier Zurinaga. Kaikuko patroia

«Txarra litzateke onak garela sinestea»

Protagonista nagusia izan zen asteburuan, Zarauzko estropadan olatuak hartuz erakustaldia eman zuelako. Egindakoari eta datorrenari begiratua eman dio bizkaitarrak.

Aitor Manterola Garate.
2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan arraunzalearen begietara eta faboritoen multzora ekarri zuten Kaiku Zarauzko bi estropadek. Inork espero ez zuenean, irabazi egin zuen. Eta taldearen gainetik, Asier Zurinaga patroia (Barakaldo, Bizkaia, 1971) nabarmendu zen, larunbatean emandako erakustaldiagatik. Olatuak hartzeari buruzkoa izan behar ezinbestean aurreneko galderak, eta, hortik aurrera, denboraldia izaten ari denari buruzko gogoeta, heltzear dagoena ere aipatuz, jakina.

Azaltzerik ba al daukazu nola hartu zenituzten hainbeste olatu Zarautzen, larunbatean?

Jende askok galdetu dit nola hartu genituen olatu haiek larunbatean, eta erantzuten diet ez dakidala. Tokatu egin zitzaigun olatu segida ona, eta kito! Konfiantza eman zigun olatuak hartzeak, eta hazi egin ginen.

Nondik azaldu da Kaiku Zarauzko Estropada irabazteko?

Sekretua da onartu egin dugula denboraldi hasieratik ziklo berri baten hasieran dela Kaiku. Bagenekien ez ginela banderen lehian izango, eta gure asmoa zen borrokan ibiltzea. Presiorik gabe aritu gara entrenatzen, eta neguko emaitzak ohikoak izan ziren, Kaikuk inoiz ez duelako emaitza onik atera neguan.

Trainerilletan, ordea, aspaldiko Kaikurik txarrena izan zineten. Kezkak sortu zitzaizkizuen?

Bai. Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan ez ginen ondo ibili, eta urduritasuna azaldu zen. Kontuan eduki behar da trainerillako tostetan iazko trainerillako bost arraunlari titular zihoazela.

Kezka horiekin bueltaka, San Miguel ligaren hasiera heldu zen, eta uste baino Kaiku hobea agertu zen.

Emaitza politak atera genituen. Bartzelonan pozik geratu ginen, eta Galiziako aurreneko asteburuan ere aurrekoengandik hurbil ibili ginen. Emaitza horiekin hazi egin ginen pixka bat.

Hazi behar horretan, aurreneko bandera irabazi zenuten, Donostian. Aurreneko mugarria izan zen?

Bai, eta oso handia. Liga hasieran konturatu ginen iaz Tiranek egin zuena egin genezakeela egunen batean; hau da, ohorezko txandan atera ez, eta bandera irabazi, eguraldi aldaketak zirela tarteko. Pedreñan, ordea, arraunean ondo egin, eta bederatzigarren izan ginen; ezin genuen sinetsi hain atzean geratzea. Baina gauzak zer diren, hurrengo egunean aurreneko txandan aritzea tokatu zitzaigun emaitza horregatik, eta bandera irabazi genuen, Donostian. Marea aldaketarekin olatuaren indarra aldatu egin zen, eta horregatik irabazi genuen. Hori garbi izan genuen orduan.

Hurrengo mugarria Getxokoa izan zen?

Bai, erabat. Zarauzkoa bezala, hiru urtez jarraian irabazita geneukan, eta astea ondo joan zen entrenamenduetan. Baina uretako epailearen ontzi motordunak traba egin zigun zoritxarrez. Hura gertatu izan ez balitz, bandera irabaziko genuen. Azterketa baikorra egin genuen estropada hartaz, eta berriz ere hazi egin ginen.

Euskadiko Txapelketa izan zen Getxokoa, eta egun gutxira, eta han kale egin zenuten.

Egundokoak eta bi egitera joan ginen, konfiantzaz geundelako, eta sekulako danbatekoa hartu genuen.

Zarautzerako pausoa emanda, bigarren egunean egindako lanak eman dizue indar gehien?

Larunbatekoa ezohikoa izan zen, ez da egunero gertatzen. Uste dut antzeko zerbait gertatu zela Kontxako banderarako sailkatzeko estropadan, 2011n. San Juanek hogei segundo pasa sartu zizkigun beste guztioi bueltako luzean, Endika Perez patroi zela. Oso noizean behin gertatzen da. Larunbatekoa gertatuta, garbi geneukan igandean zer zegoen. Besteekiko tartea handia zen, eta itsasoa ona atera zen. Bagenekien ezbeharrik ezean bandera gurea izango zela, eta atera ginen ondo merezitako garaipena izango zela erakustera jendeari. Halaxe egin genuen, zorionez.

Kaikuri eta Oriori denbora bera eman zizueten epaileek. Batera sartu zineten?

Ez zait iruditzen. Niretzat, Kaiku Orio baino lehen sartu zen, baina horrela utziko dugu.

Zarauzko garaipenak faboritoen alboan jarri zaituzte. Berriz ere hasi zarete beste urteetako presio hori nabaritzen?

Presioa ez da. Badakizu nolakoa den gure entrenatzailea, eta, Zarauzko estropadaren astean, kritika gogorrak egiten hasi zitzaigun entrenamenduetan, dena gaizki egiten ari ginela, eta abar. Ezagutzen dugu nolakoa den, eta horrela jartzen denean esan nahi du ikusi diola ontziari gauza onen bat. Berak horrela motibatzen gaitu, epelak botaz.

Kontxara begira, irabazteko hautagaien artean zaudete berriz ere. Nahiago duzue hala izatea ala erosoago zeundeten erdi ezkutuan?

Txarra litzateke onak garela sinestea. Gustura ari gara presiorik gabe lanean arituta. Pentsa, estropadak irabazi gabe ere gozatuz ibili gara, eta hori oso zaila da aurreko urteetan hainbeste irabazi duen talde batean egonda. Horrelako talde batean ez da erraza aldaketa hori barneratzea.

Ez duzu ukatuko, ordea, jendearen arreta berriz ere zuengana bideratu dela...

Ez horixe. Badakigu hor jarri garela, baina zartako handia hartuko dugu Zarautzen bikain aritu ginelako asteburuko bi estropadetan olatu guztiak hartuko ditudala pentsatzen badut.

Ze nota jarriko zenioke Kaikuren denboraldiari?

Ona ari da izaten, eta oso pozik gaude. Zarautzen irabazi ez eta borrokan ibili izan bagina ere, gustura egongo ginen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.