Txarrenari onena atera dio

Eskumuturra hautsi berritan harrapatu du konfinamenduak Peio Goikoetxea. Osatze prozesu baten gisan hartu du. Sendatuta egon nahi du unea iristen denerako.

Peio Goikoetxea, Euskaltel-Euskadi taldeko maillota soinean duela, etxeko balkoian, atzo, Errenterian. MADDALEN ARENAZA.
Julen Etxeberria.
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Txirrindulariek ia hilabete eta erdi daramate errepidera atera ezinik, eta bat baino gehiago hasia da pazientzia galtzen. Ez da Peio Goikoetxea (Ermua, Bizkaia, 1992) horietako bat, nahiz eta berak bi aste gehiago daramatzan geldirik. «Erori egin nintzen parte hartu nuen azken lasterketan, Ardeche klasikoan [Frantzia], eta ezker eskumuturra hautsi nuen; kubitua eta erradioa. Beraz, bi aste lehenago hasi nuen konfinamendua», azaldu du Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariak. Baina txarrenari onena atera dio. «Lesiotik osatzen egongo banintz bezala hartu dut eten hau. Zoritxarrez, nahi baino gehiagotan lesionatu naiz, eta egon behar izan dut etxean geldirik. Lehentasuna da errepidera ateratzeko aukera dugunean eskua sendatuta edukitzea».

Pazientzia du bidelagun, baina ezin du ezkutatu «nekeza» dela ziklista profesionalen egunerokoari ezin segitzea. «Are nekezagoa» egiten zaio etxean sartuta egon behar izatea. Bizimoduan, gainera, «aldaketa» egina zuen duela gutxi. «Abenduan jarri nintzen bikotekidearekin bizitzen, Errenterian [Gipuzkoa]. 40 metro koadroko etxe batean bizi gara. Familiaren baserrian bizi izan naiz, eta handia da aldea. Halere, okerrena ez da hori. Okerrena da behartuta gaudela etxean egotera». Horregatik, «izugarri» eskertzen du astean bitan Donostiara errehabilitazioa egitera joatea. «Bizipoz pixka bat ematen dit».

«Nahiko zehaztuta» dauka egunerokoa. «Bi saio egiten ditut egunean: goizean, ordu eta erdi pasatxokoa, erritmo lasaian; eta arratsaldean, saio gogorragoa: sentadillak eta indar ariketak egiten ditut lehenbizi, eta ordubeteko arrabola saio intentsoa jarraian». Azkenaldian, simulagailuei esker, hainbat lasterketa eta saio birtual egin ditu, eta eskertu egin du. «Eramangarriagoa da, taldekideekin eta lankideekin aritu gaitezkeelako. Giroa egiteko aproposak dira. Baina entretenimendu bat baino ez da».

Halaxe, simulagailuekin lehiatuz jarraitu beharko dute. Ez daki noiz arte. «Gu jende guztia betetzen ari den neurriak betetzen ari gara. Zain gaude ea noiz ematen diguten aukera errepidean ibiltzeko. Berekoi jokatuta, guk oraintxe bertan hasi nahiko genuke. Baina dagoena dago».

Ez dakite noiz hasiko diren entrenatzen, eta are gutxiago noiz ekingo dioten lehiatzeari. «Abuztuaren 1era arte ez da lasterketatik jokatuko. Eta gero, Tourra egin nahi dute kosta ahala kosta. Proba garrantzitsuenak jokatuko dira, baina zaila izango da guztiei tokia egitea». Ezusterik ezean, ez dira jokatuko ez Euskal Herriko Itzulia, ez Donostiako Klasikoa. «Penaz» hartu du berria. «Faena da, aspaldiko partez maillot laranja presente izango baitzen. Zaila izan arren, Itzulian egon nahi nuen. Lehen etapa Arraten amaituko zen, etxe ondoan; eta, gero, bi etapa hartuko zituen Errenteriak. Ilusio handia egiten zidan bertan aritzeak». Ez zaio gustatzen ikuslerik gabeko lasterketen ideia. «Qatarren jokatu zen Munduko Txapelketan ikusi zen zein tristeak diren ikuslerik gabeko probak. Tourraren xarma da Pirinioetara edo Alpeetara joatea, familiarekin, kanpin gas eta guzti».

Koronabirusak hankaz gora jarri du dena, eta ondorioak hasiak dira nabaritzen tropelean. Hainbat taldek soldatak murriztu dizkiete txirrindulariei: Astanak, %30, eta Bahrainek, %70, besteak beste. Ez du halakorik egin Euskaltel-Euskadik, eta horrek «lasaitu handia» eman diela aitortu du. «Taldeak hasieratik esan zigun etxean egoteko, eta ez kezkatzeko, soldata osoa jasoko genuela. Eskertzekoa da».

Kemena helduleku

Errepidera irten arte, pazientziari eutsi beharko dio, baita kemenari ere. Ez ditu erraz galduko. Bidelagun izan ditu beti. «Ametsa» betetzen ari baita orain: profesionala da, txirrindularitzaren bigarren mailan ari da, eta «etxeko» talde bateko, «lagun kuadrilla bateko» kidea da. Baina ez du izan arantzarik gabeko bidea.

2015ean, afizionatuetako elite mailan aritu zen, Ampo taldearekin. Emaitza onak lortu zituen, baina ez zuen tokirik lortu ez etxean, ez etxetik gertu. «Euskal Herrian zaila da elite moduan profesionala izatea», azaldu du. Hala, milaka kilometrora joan behar izan zuen profesional egiteko, Kolonbiara, Manzana-Postobon taldera. Ez zen ondo atera. «Bizitza esperientzia moduan, aberasgarria izan zen. Kirol mailan, ordea, ez zen ona izan: kobratzeko arazoak izan nituen, oso gutxi lehiatu nintzen...». Etxekoekin hitz egin, eta Ermura itzuli zen.

Atzerapausoa eman zuen: afizionatuetara bueltatu zen, Ampora. «Urtebetez gozatu nahi nuen, eta taldeko gazteei lagundu. Gero, erretiroa hartzeko asmoa nuen. Baina sasoi ona egin nuen, Euskadi Fundazioa Kontinental mailara igo zen, eta Mikelek deitu ninduen [Landa, Bahrain taldeko ziklista eta Fundazioko presidentea]. Sekulako ilusioa egin zidan. Horrenbeste une txar pasatu eta gero, karma alde izan nuen azkenean».

Baina gutxi iraun zion pozak. Apirilean, ezker alboko minez hasi zen. Luzaroan medikuetan ibili eta gero, arrazoia topatu zioten: gaizki zuen ezker giltzurruna, eta kendu egin behar zioten. Sekulako oihartzuna izan zuen; «gehiegi», haren ustez. «Orain, jakinda, ez nuen kontatuko. Eskuetatik joan zitzaidan». Orduan ere taldearen babesa izan zuen. «Hasieratik esan zidaten lasai egoteko, nik erabakiko nuela jarraitu edo ez. Taldean badakite beti nagoela laguntzeko prest, eta halakoak kontuan hartzen dituzte». Hala, bere burua «prest» ikusi zuenean, bizikletara igo zen berriro.

Denboraldi-aurrean «duda asko» izan zituen. «Ez nekien maila emango nuen. Baina ikusi nuen taldean ziklista onak egon arren ez nintzela atzean geratzen. Horrek konfiantza handia eman zidan». Ez du sekula ahaztuko lehen lasterketa, Mallorcan (Herrialde Katalanak), operatu eta bost hilabetera. «Oso polita izan zen. Ihesaldian sartu nintzen, txirrindulari onekin; Toms Skujinsekin eta Nicola Edetekin, besteak beste. Harrapatu egin gintuzten, baina gozatu egin nuen neure burua berriro lehiakor sentituta. Negarrez helmugaratu nintzen. Urte ona egin nuen. Denboraldi honetan, berriz, koska bat egina nuen gora. Horregatik, pena da etenaldi hau. Baina egingo dugu aurrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.