Txiki geratu zaio

Juventusek ofizial egin du Fernando Llorentek haiekin jokatuko duela hurrengo lau denboraldietan, uztailaren 1etik hasitaZaleek ez dute begi onez ikusi Athleticeko azken izar distiratsuenak hartutako erabakia

haritz gallastegi
Bilbo
2013ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Arrivederci bambino! Fernando Llorentek eta Juventusek aspalditik adostua zuten hitzarmenaren berri eman zuten atzo. Berriak, beraz, ez du inor ezustean harrapatu. Bi aldeek ofizial egin dute, beste barik. Amets bat «egia» bihurtu dela adierazi zuen Llorentek bere webgunean. «Europako talderik onenetariko batekin hitzartu dut konpromisoa. Eskertu egin gura dizkiot Juventusi izan duen interesa eta jarri dituen erraztasunak». Pentsatzen duena esan al du? Edota Athleticekin eta bere inguruarekin minduta dagoen jokalari baten adierazpena da? Kontuak kontu, nekez korapilatuko da haren egoera egun baino gehiago. Onerako zein txarrerako, azkeneko hamarkadan zeresan gehien eman duen jokalaria galduko du Athleticek: izar bat.

1. Kirol galerakonponezina

Batzuen eta besteen jarrerak baloratu aurretik, ezin da ukatu Athleticek asko galduko duela Llorenteren agurrarekin. Athleticek azken hamarkadetan izan duen futbolaririk erabakigarrienetakoa izan baita. Aurrelariari kosta egin zitzaion beheko mailetan erakutsitakoa onenen artean plazaratzea. Lehen taldean egin zituen lehen urteak gaitzak izan ziren. Ez zuen lekurik aurkitu. Talentu handia izan arren, lotsatia eta biguna zen. Egoera zailei aurre egin eta bere dohainen berri emateko nortasuna falta zitzaiola zirudien. Joaquin Caparros Lezaman agertu zen arte, debuta egiteko aukera eman zion Ernesto Valverderen konfiantza baino ez zuen izan. Gainerako entrenatzaileek ez zuten haren jokoan askorik sinistu. Javier Clementek, adibidez, behin baino gehiagotan gutxietsi zuen. Barakaldokoaren sasoian, Athletic uztear izan zen. Orduko entrenatzaileek nahiago zituzten Urzaiz eta Aduriz.

Baina beste askoren antzera bidean geratuko zela zirudienean, barruan zuen talentu guztia azaleratzen hasi zen. Aurrelariaren heldutasunarekineta garapen fisikoarekin batera, Caparrosen konfiantza jaso zuen, eta argia ikusi zuen ia metro biko gorputz barruan gordeta zegoen talentu guztiak. Athleticen bi urteko beltzaren ostean izan zen, 2007-08ko sasoian. Ordutik, etengabe hazi da Llorente. Eta jokalariarekin batera, taldea ere bai. 319 neurketatan, 115 gol sartu ditu elastiko zuri-gorria jantzi duen bederatzi denboraldiotan. Golak sartzeaz gain, taldeari eman dio indarra ere nabarmendu behar da. Goleatzaile ona izateaz gain, beste dohain asko pilatzen baititu. Baina Athletici Llorente galtzeak zenbaterainoko mina egingo dion neurtzeko, ez da nahikoa orain arte eman diona kontuan hartzea, baizik eta hurrengo hiruzpalau urteetan emateko gai izango zena. Izan ere, Llorentek bere garairik gozoenean utziko du Athletic. Heldutasunean. Beraz, kirol arloa aintzat hartuta, ezinezkoa izango da haren zuloa betetzea. Lehoi Erregeak utziko baitu taldea.

2. Apustuak, kale

Josu Urrutia presidenteak badaki taldeak asko galduko duela Llorente gabe. Goi mailako aurrelariak gutxitan agertzen baitira Athleticen. Horregatik, Ibaiganen sartu zen lehen egunetik argi izan zuen zer izango zen bere lehentasunetako bat. Hasieratik, interes handiz heldu zion gaiari, eta aurreneko hartu-emana izan zuenetik, konturatu zen ez zela batere samurra izango Llorente lotzea. Batetik, denboraz urri zebilelako. Bestalde, klub bat kudeatzeko kontuan hartu behar diren bi zutabe nagusienen artean oreka aurkitzea zuen xede. Hau da, jokalariak taldean zuen garrantzia baloratu eta, era berean, klubaren bideragarritasun ekonomikoa kolokan jarriko ez lukeen araberako eskaintza egitea. Horrez gain, egungo futbolean pisua galdu duten konpromisoa,sentimendua eta halako hitz potoloak jarri zituen mahai gainean. Laburbilduz, Llorente buru izango zuen kirol proiektua, klubaren ahalmenaren gainetik dagoen eskaintza ekonomikoa —4,5 milioi euro garbi urteko hurrengo lau urteetan— eta dena eman dion taldearekiko futbolariak izan zezakeen lotura baliatu gura izan zituen presidenteak Llorente konbentzitu ahal izateko. Ez zen nahikoa izan, ordea. Hori jakinda, abuztuan kopuru erakargarri baten truk (20 milioi euro inguru) futbolariari ateak zabaltzeko aukerari uko egin zion Urrutiak. Bazkide askok ez dute ulertu erabaki hura. Urrutiak sekula kendu ezin izango duen zama izango da.

3. Jokalariaren jarrera

Athleticek galdu egin du; eta Llorentek? Taldea lagatzea erabaki badu, aldaketarekin irabazi egingo duen seinale izango da. Jokalari guztiek dute euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Beraz, errespetuz hartu behar da egindakoa. Llorentek loria eman diezaiokeen talde baten eskaintza onartu du. Ez baita egunero jasotzen munduko talderik garrantzitsuenetako baten eskaintza. Diru gehiago —Athleticek eskaintzen ziona baino apur bat gehiago— eta lorpen garrantzitsuagoak eskuratzeko aukera eskaintzen dizkio Juventusek.

Baina gauzak egiteko era asko daude, eta Llorentek eta bere inguruak sekula ez dute aintzat hartu Athleticek eman diona. Ez orain, ezta hasiberria zenean ere. Izan ere, 2004-05ko sasoian, nagusiekin debuta egin gabe zegoela, bost hilabetez egon zen kontratu barik jokatzen. Ezer erakutsi aurretik, asko eskatu zuen orduan ere. Lehen abisua izan zen. Oraingoan ezin izan da ezer egin. Ia urte eta erdi egon da Llorente eta bere ingurua Athleticekin negoziatzen. Denbora egiteaz gain, ez ditu egia borobilak esan. Athleticen jarraitzea gura zuela esan arren, bai Llorenteren eta baita bere inguruaren lehentasuna taldez aldatzea izan delako. «Kirol irizpideak» aipatu zituen Athletic utziko zuela esan zuenean. Bada, Llorentek bazekien aspaldi zer emateko gai zen Athletic. Halere, kontratu amaieraren gertutasuna eta Eurokopa —ez zuen ia jokatu— baliatu gura izan zituen kluba ataka batean jartzeko. Horrenbeste behartu zuen egoera zale eta hedabideak kontra jarri zitzaizkion. Ondorioz, bidean zerbait galdu du : Athleticeko familiaren miresmena.

4. Juventus,talde erakargarria

Zaleen babesa eta bere ibilbideko urte bat galdu ditu Llorentek negoziazioan. Baina ezin esan zabaldu zaion atea txarra denik. Juventus da Italian zale gehien duen taldea, eta titulu gehien irabazi duena. Egungo txapelduna ere bada. Urteetan ilunpean egon ostean indar handiz pizten ari den goi mailako taldea da. Antonio Contek itxuraldatu egin du. Gaztetu egin du. Eta, era berean, Italiako futbola horren famatu egin duen catenaccioa alde batera utzi eta futbol alaiagoaren alde egin du. Italian nagusi da, baina oraindik urrats bat falta zaio Europan zuen pisua berreskuratzeko. Ez dago Real Madril, Bartzelona, BayernMunich, Manchester United eta enparauen mailan. Baina urrats sendoak egiten ari da. Beraz, hazten ari den talde historiko baten aldeko apustua egitea nahikoa da bide zuzena hartu duela pentsatzeko. Baina gauza gehiago ere badaude. Bat, Calcio-ak ez du duela urte batzuetako maila, eta horrek erraztu egingo du Llorenteren egokitzapena. Eta bi, jokatzeko aukera eskainiko dion talde bat da. Izan ere, Juventusek ez ditu goi mailako erdiko aurrelariak: Matri, Bendtner eta Quagliarella. Hori bai, Athleticen baino dezente presio handiagoa izango du. Ez badu maila ematen, laster aurkituko diote ordezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.