Gola: 0-1: Arruabarrenak penaltiz (72. min.); 1-1: Adurizek (88. min.). Epailea: Velasco Carballo. Txartel horiak: Athleticeko Muniaini, San Joseri eta Adurizi; eta Eibarreko Errasti, Arruabarrena, Boveda eta Dani Garciari. Bestelakoak: 25.000 ikusle inguru San Mamesen.
Duela astebete jokatu zen Europako lehiaketa bateko azken partida San Mames zaharrean. Agur tristea izan zen. Hasi eta buka. Hasteko, jokoan ezer ez zuela zelairatu zen Athletic, bi aste baitziren Europako Ligan aurrera egiteko aukerarik gabe gelditu zela. Hori nahikoa ez, eta talde zuri-gorria ez zen gai izan Sparta Pragari irabazteko. Ez irabazteko, ezta gol bakar bat sartzeko ere. Berdindu egin zuen, hutsean, neurketa eskasa jokatuta. Katedralak agur hobea merezi zuen, bereziagoa, baina ez zen horrelakorik egon. Agur tristea izan zen, Athletic egiten ari den sasoia bezain tristea.
Astebete geroago San Mamesek berriro esan du agur, zeri eta Espainiako Kopari, zuri-gorrien lehiaketarik kutunenari, ospea eta sona eman dionari, handi egin duenari, titulu gehien eman dizkionari. Ezustean esan du agur, inor gutxik espero zuelako Eibarrek, Athletic baino bi maila beherago dagoen taldeak Athletic kanporatzea. Baina handia egin du Gaizka Garitanok entrenatutako taldeak. Hori bai, inork ez du esango Eibar merezita sailkatu ez denik. Ez du partidarik irabazi —hutsean egin zuten joanekoan, eta bana atzo—, baina bai Ipuruan, bai San Mamesen Athletic baino gehiago izan da, eta merezitako saria eskuratu du: final-zortzirenetarako txartela. Orain Malaga izango du aurkari. Joaneko partida hilaren 19an jokatuko da, Ipuruan, eta itzuliko neurketa, urtarrilaren 8an, Rosaledan.
Eibarrek atzo eman zuen kolpe erabakigarria, baina lehen kolpea hilabete atzera eman zuen, Ipuruan hutsean berdinduta. Emaitza horrek dena uzten zuen erabakitzeko. Hala ere, Athletic zen faborito Malagarekin final-zortzirenetan indarrak neurtzeko. Pisuzko bi arrazoi zeuden horrela pentsatzeko: bi taldeen arteko aldea eta zuri-gorriek etxean jokatuko zutela itzulikoa. Hala ere, zuri-gorriak ez ziren fio. Ipuruan ez zen antzeman bi taldeen artean egon behar lukeen aldea. Aitzitik, Eibarrek estu hartu zuen Athletic, lehen zatian bereziki, eta inor gutxik esango luke ezer eibartarrek irabazi izan balute.
Kolpe latza
Beraz, atzoko partidaren bezperan Athleticeko kideek erakutsitako zuhurtzia ez zen itxurakeria hutsa, ezta presioa kentzeko modua ere. Presioa izan, bazutelako, eta handia. Zergatik? Europako Ligako agur tristeak zapore txarra utzi bazuen, pentsa zer-nolakoa utz zezakeen lehiaketa kutunenaren lehen kanporaketan bi maila beheragoko arerio baten aurrean amore emateak. Kolpe latza litzateke, Josu Urrutiak besaulkitik eta Marcelo Bielsak aulkitik orain bi urte abian jarritako kirol proiektua dar-darka jartzeko moduko kolpe latza. Bada, etorri da kolpea, bigarrena astebete eskaseko epean.
Eta orain zer? Ligan buru-belarri jarri besterik ez du Athleticek. Baina lehiaketa horretan ere kontsolamendurako tarte gutxi topatuko dute zuri-gorriek. Sailkapenari erreparatu besterik ez dago: 14. postuan da Athletic, hemezortzi punturekin, datorren denboraldian Europako lehiaketa bat jokatzeko aukera ematen duen postuetatik sei puntura. Ez da alde gaindiezina, baina taldeak ez du helarazten ezer onik. Gaizki hasi zuen sasoia kirolaz kanpoko gaiekin nahastuta, eta horrela jarraitzen du, gaizki, iparra galduta. Atzokoa horren adibide bat besterik ez da.
Bilbon triste, eta Eibarren harro. Garitanok garbi utzi zuen bezperan ez zetozela «denbora pasa eta argazkiak ateratzea». Esan eta egin. Orain amets egiten jarraituko dute. Gainera, ligan ere eroso dabiltza, eta bide ona daramate sasoi honetarako helburu nagusia lortzeko: Bigarren Mailara igotzea, hain zuzen ere. Lehen itzulia amaitzeko hiru jardunaldi falta direla bigarren dira sailkapenean. Zortzi puntura dute Real Union, bosgarren sailkatua, mailaz igotzeko kanporaketa jokatzeko postuetatik gertuen dagoen taldea. Koska ederra da, baikor egoteko modukoa. Gero etorriko lirateke kanporaketak, eibartarren gurutze-bidea. 2009ko udan maila galdu zuenetik urtero sailkatu da Eibar kanporaketetarako, baina inoiz ez da gai izan zortzi hilabeteko lan bikainari errematea emateko. Beti geratu da erdibidean. Ea laugarren ahalegina den balekoa, gorago egotea merezi baitu. Athletic kanporatuta erakutsi du.
ATHLETIC 1. EIBAR 1
Txikia handi, handia txiki
Eibarrek merezita kanporatu du Athletic, eta Malagaren aurka jokatuko du Espainiako Kopako final-zortzirenetanSan Mames zaharrak azken aldiz hartu du zuri-gorrien lehiaketa kutuneneko lehia bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu