RIO16. HARTU ETA PASA

Txikitako ametsa

Julen Etxeberria.
2016ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nik ere badut nire lehen oroitzapena. Ama, oihuka, bazkaltzera joan nendin. Horixe da nire oroitzapena, 1984koa, 7 urte nituenekoa. Mediterraneo aldeko herri bateko hotel batean ginen oporretan. Eta han topatu nuen entretenimendu eder bat: Los Angelesko Jokoak telebistaz ikustea. Makina bat ordu eman nuen telebista aurrean, gurasoak haserretzeraino. Baina ezin nuen hoteleko sofatik nire ipurdia altxatu: urreak bildu eta bildu ari zen Carl Lewis izeneko atleta bat, saskia etengabe txikitzen zuen Michael Jordan izeneko saskibaloi jokalaria, eta guztien artean, zilarra irabazi zuen Luis Mari Lasurtegi arraunlari pasaitarra, aitaren laguna.

Han piztu zitzaidan kirolarekiko muturrerainoko zaletasuna. Laster hasi zen dokumentazio lana: kirol entziklopediak, kirol astekariak, kirol egunkariak, kirol albumak... Zenbat diru gastatu dute gurasoek nirekin. Zorionez, azkenean inbertsioa ez zaie horren gaizki atera, ezagutza horren kontura bizi bainaiz nolabait.

Kirolari kasu egiteko perspektiba, hala ere, 2000ko udan aldatu zitzaidan, Euskaldunon Egunkaria-n lanean hasitakoan. «Nahi al duzu Sydneyko Jokoetako gehigarrian lagundu?». Enekoitz Esnaolaren galdera. «Bai, noski». Nire lana? Igeriketako kronikatxo batzuk idatzi, eta sailkapenak eta egitaraua pikatu, hots, bekadun lana deitzen zaiona. Bost axola niri! Izugarri gustura aritu nintzen bi aste luze horietan. «Gu ez gara Kirol saila, gu Sydney gara!». Bulten zehaztapena. Eta ni harro, ni ere Sydneykoa nintzelako, txikitako ametsa betetzen ari nintzelako. Asko dut eskertzeko hasiberri trakets hari aukera hori eman izana.

Hamasei urte joan dira ordutik, bost Olinpiar Joko, eta hemen jarraitzen dugu, txikitako ametsa betetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.