Marka hautsi eta hamahirugarren joan-etorria osatzea lortuz gero, 12.400 metroko desnibela egingo luke Aitor Garmendia beasaindarrak (Gipuzkoa). Duela zortzi urte Patxi Caminosek jarritako marka hobetzea da bere asmoa, hau da, 24 ordutan Txindoki hamahiru aldita igo eta jaistea. Bihar arratsaldean hasiko da, 18:00etan, eta, ondo bidean, igandean ordu berean bukatuko.
Goierriko Hitza-ri aitortu dionez, duela hamar urte, apustu bat irabaztearren hasi zen Garmendia lasterka. 107 kilo zituen orduan, eta irabazi egin zuen. Urtebete geroago, Goierriko Bi Handiak egin zuen, eta, 2010etik hona, urtero egiten ditu Ehunmiliak; soilik bitan utzi behar izan du lehia amaitu gabe.
Onartzen du ez dela erronka erraza izango, baina bere esku dagoen guztia egin du prestatzeko. Proba egina du Txindokin bertan, hogei orduan hamar itzuli egin zituen, "orain baino lokatz gehiagorekin". Eguraldia ere aldeko du asteburuan, ona eta freskoa, berak nahi duen moduan.
Gora-beherak nola egingo dituen ere erabakia du dagoeneko. Lehenik, bidea ondo markatu, nahasterik egon ez dadin; ondoren, lehen igoaldian goian egongo diren bi epaileek ordua idatziko dute, eta denek sinatuko, eta gauza bera behera iritsitakoan. Hortik aurrera, oinez igo eta lasterka jaistea da Garmendiaren asmoa, eta indarrak neurtzea. "Ordu asko dira, eta energia kontsumo guztia kendu behar dut".