Txinparta ugari, baina su gutxi

Carlos Sastre espainiarrak irabazi du Vesuvio sumendian amaitu den etapa gogorra, eta Mentxovek jarraitzen du lider

unai zubeldia
2009ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Ezer ez eta festa. Ondorio hori atera daiteke Ercolano herriko irudiak eta helmugakoak elkarren segidan ikusita. Italiako Giroko 19. etapa jokatu zen atzo, Avellino eta Vesuvio sumendiaren artean -164 kilometro-, eta txinparta askokoa baina su gutxikoa izan zela esan daiteke. Ikustekoa izan baitzen LPR taldeak nola luzatu zuen tropela Vesuviora bidean. Taldeko txirrindulari guztiak buruan zirela, Danilo Di Lucak handia egin behar zuela pentsatzen ariko ziren denak. Baita Denis Mentxov (Rabobank) liderra ere. Baina horixe izan zuen etapak, txinparta asko, baina su gutxi.

Txinparta asko, besteak beste, Di Luca bera, Franco Pellizotti, Ivan Basso (Liquigas), Gilberto Simoni (Diquigiovanni) eta Stefano Garzelli (Acqua&Sapone) lasterketa eta liderra bera lehertzen saiatu zirelako. Baina su gutxikoa, Carlos Sastreren (Cervelo) bigarren erakustaldi aparta salbu,inork ez zuelako surik piztu. LPR-k prestaketa lan ona egin zuen Vesuvio mendatearen magalera bidean, baina indarrak ederki xahututa daude faborito guztiak. Alde handia dago erasoa jotzetik hasierako erritmo bizi hori mantentzera, eta ariketa horretan Sastrek soilik erakutsi zuen atzo maisua dela.

Astelehenean Giroko etapa nagusian egin zuen moduan, azken mendatean behe-behetik erasoa jota irabazi baitzuen Sastrek atzoko etapa. Egun bakarrean egin du huts espainiarrak, Blockhaus mendate itoan gora, eta huts horrek utziko du, ziurrenik, podiumetik kanpo. Laugarren postuan dago Sastre, Mentxovengandik 2.40 minutura, eta Pellizotti hirugarren sailkatuarekiko minutu eta segundo batera. Hala ere, podiumean edo podiumetik kanpo, baina bi erakustaldi on emanda amaituko du Cervelokoak Giroa.

Tropeleko suarekin, Vesuvioren magalean geratu zen bertan behera eguneko ihesaldia, Juri Krivtsovek (Ag2r) eta Mauro Faccik (Quick Step) osatutakoa -16. kilometroan ihes egin zuten, eta zazpi minutuko aldea ere izan zuten-. Bi iheslari horiek harrapatutakoan hasi zen xake jokoa. Liquigasek mugitu zuen lehen pieza -Valerio Agnoli-, baina jolaserako gogorik gabe, etapa irabazteko gosez jo zuen erasoa Paolo Tiralongok (Lampre). Igotzaileentzat sailkapen nagusian zer edo zer egiteko azken aukera zen, ordea, atzokoa -14,4 kilometroko erlojupekoa jokatuko da bihar, Erroman-, eta azkar hasi ziren mugitzen oilarrak. Carlos Jose Ochoaren (Diquigiovanni) erasoari erantzunez ihes egin zuen lehenengo Bassok; italiarraren gurpilari pega-pega eginda joan zen gero Garzelli; Tadej Valjavec (Ag2r), David Arroyo (Caisse d'Epargne), eta Simoni ere saiatu ziren atzetik... Baina Di Lucaren erritmo aldaketa falta zen artean.

Vesuvio mendatearen zatirik gogorrenean jo zuen italiarrak, %12ko malda tentean, baina nabaria zen ilusio handirik gabeko joa zela berea. Nahi zuen, baina ezin zuen. Txinparta bai, baina surik ez. Eroso zihoan Mentxov Di Lucaren gurpilean, baita Levi Leipheimerren (Astana) erritmo aldaketaren babesean ere... eta ez zen batere larritu Sastrek eraso zitala jo zuenean ere. Espainiarrarena izan zen benetako eraso bakarrenetakoa. Azkar harrapatu zuen Basso, berehala ito zuen erritmo bizi-bizia jarrita, eta minutu bateko aldea ere lortu zuen helmugara iristeko bi kilometro eskas falta zirenean.

Pellizottiren erantzuna

Aurrean Cerveloko liderra, eman eta eman, eta atzean, faboritoen tropeltxoan, Serge Pauwels taldekidea erritmoa baretzen. Nahi eta ezina izan zen hortik aurrerakoa. Jaroslav Popovitx (Astana) tropeletik tiraka lehenengo, Garzelli eta Di Luca erasoka gero... Fundamentuzko ezer ez zuten lortu, ordea, Mentxoven aurkariek, eta Sastreren joa ikusita, Pellizottik berak ikusi zuen arriskuan podiuma. Aurretik zihoan Basso taldekidea, atzo arteko laugarren sailkatua, baina alde arriskutsua lortzen ari zen Sastre. Hiruzpalau kolpe emanda, tartetxoa lortu zuen Liquigasekoak, eta, Bassoren laguntza baliatuta, bederatzi segundoko aldea eta 12 segundoko gainsaria lortu zituen helmugan. Mentxov, berriz, gerrialdea ederki okertuta, su handirik gabe, baina Di Lucaren gurpilari pega-pega eginda iritsi zen helmugara. Biharko erlojupekoa kontuan hartuta, berea da Giroa.



Sailkapenak

HEMERETZIGARREN ETAPA

1. Carlos Sastre (Cervelo) 4.33.23

2. Franco Pellizotti (Liquigas) 21era

3. Danilo Di Luca (LPR) 30era

4. Denis Mentxov (Rabobank) d.b.

5. Ivan Basso (Liquigas) 35era

6. Levi Leipheimer (Astana) 53ra

7. Tadej Valjavec (Ag2r) 1.14ra

8. Serge Pauwels (Cervelo) 1.15era

9. Jose Serpa (Diquigiovanni) d.b.

10. S. Garzelli (Acqua&Sapone) d.b.

41. David Lopez (Caisse) 5.22ra

42. Iker Camaño (Fuji) d.b.

NAGUSIA

1. Denis Mentxov (Rabobank) 81.13.55

2. Danilo Di Luca (LPR) 18ra

3. Franco Pellizotti (Liquigas) 1.39ra

4. Carlos Sastre (Cervelo) 2.40ra

5. Ivan Basso (Liquigas) 3.33ra

6. Levi Leipheimer (Astana) 4.55era

7. S. Garzelli ( Acqua&Sapone) 8.48ra

8. Michael Rogers (Columbia) 9.32ra

9. Tadej Valjavec (Ag2r) 10.42ra

10.Marzio Bruseghin (Lampre) 11.32ra

39. Iker Camaño (Fuji) 1.23.23ra

83. David Lopez (Caisse) 2.32.26ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.