Txirrindulari onenak berriz Donostian

Evenepoelek Marino Lejarreta berdinduko du irabazten badu. Donostiako Klasikoa irabazi duten bost ziklista izango dira tropelean

Remco Evenepoel iaz, Donostiako Bulebarrean, garaipena ospatzen. JUAN HERRERO / EFE.
Manex Usarralde Garmendia
2023ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Hogei egun eskas pasatu dira Frantziako Tourra Euskal Herritik irten zela, eta hil honen bukaeran euskal txirrindularitza munduko erreferente izango da berriz, Donostiako Klasikoa dela eta. Aurtengoa lasterketaren 42. aldia izango da, eta Glasgowko Munduko txapelketa baino astebete lehenago jokatuko da aurten. Atzo aurkeztu zuten lasterketa Donostiako udaletxean. Aurreko urteko ibilbidearekin alderatuta, aldaketa batzuk izango ditu aurtengoak. 230,3 kilometroko ibilbide luzea izango dute, eta etengabe gora eta behera ibili beharko dute. Izan ere, zazpi mendateri egin beharko diete aurre txirrindulariek: besteak beste, Jaizkibel, Erlaitz eta Murgil. 25 taldek hartuko dute parte lasterketan, eta behin-behineko zerrendan Frantziako Tourra lehiatzen ari diren 42 txirrindulari ageri dira.

Denera Donostiako Klasikoa irabazi duten bost txirrindulari arituko dira lehian. Remco Evenepoel eta Julian Alaphillippe (Soudal Quick-Step) Donostian izango dira beste behin. Alaphillippek 2018an altxatu zituen besoak Donostiako Bulebarrean. eta Evenepoelek, berriz, 2019an eta iaz irabazi zuen. Flandriarra da Klasikoa irabazteko hautagai nagusia. Italiako Giroa utzi egin behar izan zuen, COVID-19ak jota. Baina Donostiako Klasikoa begiz jota daukan lasterketa da. Hirugarren garaipen bat eskuratuz gero, Marino Lejarreta berdinduko du. Berrizeko izarra da gaur arte Klasiko gehien irabazi duen txirrindularia, eta hura berdintzea da Evenepoelen helburua. Bestalde, 2021ean Klasikoa irabazi zuen Neilson Powless (EF Education First) ere Donostiako irteeran egongo da, ondo bidean. Baita Tony Gallopin eta Bauke Mollema ere (Lidl). Markel Irizarren taldeko txirrindulariek 2013an eta 2016an irabazi zuten. Maila handiko beste hainbat ziklista ere izango dira Donostiako irteeran. Besteak beste, Carlos Rodriguez (Ineos) eta Simon Yates (Jayco). Biak ala biak Frantziako Tourreko podiumean sartzeko lehia bizian daude.

Euskal txirrindularitzak ere goi mailako ordezkariak izango ditu. Pello Bilbao (Bahrain) eta Ion Izagirre (Cofidis) Donostiako Klasikoan izango dira, Frantziako Tourrean etapa bana eskuratu ostean. Baina ez dira euskal txirrindulari bakarrak izango; Mikel Landa (Bahrain Victorious), Alex Aranburu (Movistar) eta Omar Fraile (Ineos) ere bertan izango dira. Gainera, Donostiako Klasikoan ohikoak diren kontinental mailako zenbait talde arituko dira, horien artean hiru euskal taldeak: Caja Rural, Kern Pharma eta Euskaltel Euskadi.

Aldaketak ibilbidean

Gipuzkoako errepideetan barna arituko dira txirrindulariak hilaren 29an. Aurtengoak ere azken aldietakoaren antzeko dinamika izango du, baina baita desberdintasun batzuk ere. Lehen zatia aurreko urteetakoaren berdina izango da. Donostiatik hasi eta Aginaga eta Orio ingurura joango da lehenik tropela. Ondoren, Zarauztik Meagara igoko da —3,7 kilometro eta %3,4ko pendiza—, Aizarnazabal aldera jaitsiz. Handik Zestoako noranzkoan jarraituko du lasterketak. Alkiza igo ostean —4,4 kilometro %6,1ean— iritsiko dira txirrindulariak ibilbidearen bigarren zatira, eta bertan sumatuko dituzte aldaketak.

Lehenik, Erlaitzetik igaroko dira txirrindulariak —4,1 kilometro, %10,3—, azken urteetan baino helmugatik urrunago. Jaizkibel igo beharko dute ondoren—7,5 kilometro, %5,8—, eta mendate hori amaitzean iritsiko daaurtengo aldaketa nagusia. Murgil bi aldiz igo beharko dute txirrindulariek. Lehenengo igoeran Orio aldera joango da tropela, eta bigarrengoan Donostiako kaleetara joango dira zuzen-zuzenean txirrindulariak. Iaz oso txirrindulari gutxi iritsi ziren Murgileko tontorrera, eta ikusiko da aurten zein erritmotan igotzen dituen tropelak bertako aldapa gogorrak. Mendate motza da, baina oso gogorra —2,1 kilometro eta%10eko pendiza—. Toki aproposa da erasoa jo eta gainerako aurkariei aurre hartzeko, baina Evenepoelek, adibidez, iaz nahiago izan zuen Erlaitzen erasoa jo, eta Murgilera abantailarekin iritsi.

Horiek horrela, euskal zaleek aukera paregabea izango dute hilabete eskas baten ostean goi mailako txirrindulariak beste behin bertatik bertara ikusteko. Oraingoan, baina, txapela jantziko du Donostian irabazten duen txirrindulariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.