TXIRRINDULARITZA. Andaluzian, baina sufritzen

Lasterketa erabakita gera daiteke gaurko, biharko eta etziko etapak jokatu ondoren. La Pandera eta Sierra Nevada gain ezagunak dira, eta Velefiquen, berriz, aurrenekoz bukatuko da Vueltako etapa bat.

Igor Susaeta.
Donostia
2009ko irailaren 11
00:00
Entzun
Normalean, plazerarekin lotzen da Andaluzia. Granada hiriaren edertasunarekin, adibidez; Cadizko hondartzekin, esaterako; udako gaugiroaren goxoarekin ere bai. Txarrerako, aldiz, Andaluzia aipatu eta asko dira beroarekin akordatzen direnak. Baina Andaluziaz hitz egiten hasi, eta gutxik aipatzen dituzte hango mendiak. Bai, Sierra Nevada toki ezaguna da, eskiatzaile mordoa joaten delako hara, baina bestela... Andaluzian, ordea, bada mendirik, bai, eta, hain zuzen, han jokatuko dira, gaur, bihar eta etzi, aurtengo Espainiako Vueltako etapa erabakigarriak izan daitezkeenak. Sierra Nevada ospetsuan eta Vueltak berak famatu bihurtutako La Panderan bukatuko dira etapetako bi, eta bestea, berriz, Velefiquen, Vueltan aurrenekoz. Beraz, gozatzen baino gehiago, txirrindulariak sufritzen ibiliko dira Andaluziako lurretan, aldapa gora kilometro asko egin beharko dituztelako.

Filabres izeneko mendietan ibiliko dira gaur, kostatik bertatik aterata, Almeriatik. 56. kilometroan Velefique gaina gaindituko dute, 1.810 metrokoa. 13 kilometroko luzera du, eta %7,5eko batez besteko pendiza. Aurreneko kilometroak dira gogorrenak, dena den. 2006an igaro zen Vuelta aurrenekoz handik. Gaurko etaparen antzekoa izan hura ere, baina, Velefique bi aldiz beharrean, Calar Alto izan zen birritan igo behar izan zuten mendia. Igor Anton Euskaltelekoa nagusitu zen orduan, eta bere ibilbideko garaipenik garrantzitsuena lortu zuen. Handik pasako da gaurko etapa, Velefique bigarren eta azken aldiz igo aurretik. Egun guztian gora eta behera ibiliko dira txirrindulariak, eta, gaur bezala, bihar eta etzi Andaluziako bero horrek berea eragin dezake.

Beroa batetik, baina garaiera ere aldagai garrantzitsua izango da biharko etapan. Hasteko, La Ragua lehen mailako mendatea 2.000 metrora dago, eta Sierra Nevadako helmuga, berriz, 2.380ra. Hara heldu aurretik, ordea, Monachil tentea igoko dute, Granadatik pasa ondoren. Eta gero, beren onera etortzeko astirik gabe ia-ia, Sierra Nevadarako bidea hartuko dute. Mendi aski ezaguna da. Vuelta hamar aldiz bukatuko da han 1979tik, Felipe Yañez nagusitu zenetik.

Gerora, irudi bortitzak ikusi izan dira han. 1990ean, adibidez, Patrice Esnault frantziarra ihesean bakarrik nagusitu zen, baina helmuga zeharkatu eta berehala, behe lainopean, oxigenoa eman behar izan zioten bere onera etortzeko. Bost urte geroago, Laurent Jalabert zen jaun eta jabe. 12. etapan iritsi zen Vuelta Sierra Nevadara, eta Bert Dietz alemaniar ezezaguna bere ibilbideko garaipenik sonatuena lortzekotan zegoen. Atzetik, baina, Jaja-k erasoa jo zuen, eta alemaniarra, segituan, helmugatik gertu harrapatu. Dietzek 200 kilometro zeramatzan jada ihes eginda, eta jota zegoen, itota. Jalabertek, baina, txirrindulari handia izateaz gain gizaseme bikaina zela erakutsi zuen beste behin. Dietzen alboan osatu zituen azkeneko metroak, alemaniarrari kilometroak egin zitzaizkionak, eta azkenean garaipena oparitu zion.

Vuelta azkenekoz Sierra Nevadara heldu zen aldia, ordea, ez zen hain ikusgarria izan. Bakarka, erlojuaren kontra aritu ziren txirrindulariak. Granada-Sierra Nevada: 29,6 kilometro. Roberto Heras liderra zen faborito argia, baina, bezperan bezala, Santi Perez gailendu zen, erakustaldi handia emanda gainera. Azken aste horretan sekulako lanak eman zizkion artean nahiko ezezaguna zen Phonak taldeko txirrindulariak, Perezek, baina Herasek hirugarren aldiz irabazi zuen Vuelta; azkena izan zena, bestalde. Handik gutxira, ordea, bi urteko zigorra jarri zioten Perezi, odol isuraldatzeak egiteagatik.

La Pandera ez da Sierra Nevada bezain ezaguna, baina gogorragoa da, laburragoa izanagatik. 2002an igo zuten aurrenekoz, eta Heras gailendu zen, helmugatik lau kilometrora -aldapa tenteenetan- erasoa jota. Mikel Zarrabeitia zen liderra orduan, baina Oscar Sevillaren mesedetan galdu zuen. Urtebete geroago, ordea, aldapa gora ere ondo molda zitekeela erakutsi zion munduari Alejandro Valverde hasiberriak.

Aleksandr Vinokurov, berriz, ez zen txirrindulari hasiberria 2006an. Hark eta haren taldekide Andrei Kaxetxkinek lasterketa lehertu zuten La Panderan gora, urruti samarretik jota. Vinokurov liderra zenez, langile finari oparitu zion garaipena. Lau egun geroago Vuelta irabazi zuen. Orduan loria ekarri zion Andaluziak Vinokurovi, baina gaur, bihar eta etzi sufritu egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.