TXIRRINDULARITZA. BERRIA, 30 euro

Mikel Astarloza.
2009ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Arrebak beti esaten dit txirrindulariek aberaskume antza dugula, beti ilean argizaria emanda gabiltzala, eta markako arropekin. Monte-Carlon, baina, oker dabilela ikusi dut, txirrindulariok munduko pertsonarik sinpleenak gara, bai behintzat hemen ikusitakoekin alderatuta. Herenegun, taldeen aurkezpenean, ehunaka yate handi ikusi nituen, eta kaleak auto garestiz josita daude, Rolls Royceak, Ferrariak, Cadillacak... eta barnean Monakon ohikoak diren biztanleak.

Hemen gizajoak bagina bezala begiratzen gaituzte, pena emango bagenie bezala, gure txandal eta sandaliekin. Aurrekoan gure hotelean erloju marka garesti batek modelo berri bat aurkeztu zuen, eta nik ezagutzen ez nuen jende oso ezagun asko gerturatu omen zen, haien artean Monakoko printzea. Halere, niri ez didate inbidiarik ematen, beti hain formal, keinu guztiak zaintzen... filma batean bizi direla dirudi, mundu irreal batean. Naturaltasunik gabe.

Antolakuntzak hotel garesti batean sartu gaitu, eta hemengo kaleetan ezertarako tokirik ez dagoenez, kamioi, auto eta bestelakoak portuan daude, hoteletik bi kilometrora. Mekanikariek bi kilometro egin behar izaten dituzte gora eta behera bizikleta eta trasteekin, eta gu hiritik irten behar gara entrenatzeko. Gure hotelean Fernando Alonso 1 Formula gidari espainiarra ere badago, ez baita nolanahikoa, gau bat pasatzeak 400 euro balio ditu. Coca-cola batek, berriz, 6 euro, eta Cola-caoak 7. Min ematen du hori ordaintzeak. Internet ere garestia da, wifi konexioak euro bat balio du minutuko! Eta nik BERRIA patxada onean irakurtzeko ordu erdi behar baldin badut... pentsa.

Ia oharkabean pasatzeak ere badu bere alde ona, baina: lasaitasuna. Hiru egunetan bi autografo baino ez ditut sinatu, beste edozein tokitan 200 inguru sinatuko nituenean. Benetan diot, ez dirudi Tourrean gaudenik. Baina gaur eroriko gara hodeitik, lasterketan bete-betean murgiltzeko, erlojupeko oso gogor batekin. Lehen zazpi kilometroak aldapa gogorra dira, plater txikian egitekoak. Mendatea dira, Monakoko puntu altueneraino, eta gero behera. Hemengo 1 Formulako zirkuitu ia osoa egiten dugu, pianoen, arrasto zuri-gorri horien artean, eta hain ezaguna den tunela ere pasatuko dugu. Ilusioa egiten dit, telebistaz maiz ikusi dudalako. Agian Fernando Alonsori aholkua eskatu beharko genioke. Azkenik, orain ia zale guztiak egiten ariko diren bezala, nik ere nire porra egin nahi dut podiumerako: Armstrong, Contador eta Evans.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.