Ia-ia 150 bat kilometro egin zituzten ihesean 11 txirrindularik. Egia esan, Caisse d'Epargne Alejandro Valverde liderraren taldea ez zegoen edozein ihesaldi baimentzeko prest. Horregatik, aurreneko kilometroak nekagarriak izan ziren oso. Azkenean, baina, 11 ziklista bildu ziren, Arkaitz Duran (Fuji), Iñaki Isasi (Euskaltel-Euskadi) eta Bingen Fernandez (Cofidis) euskal herritarrak barne. Tartean ziren, era berean, Oscar Freire (Rabobank), Stuart O'Grady (Saxo Bank) eta Aleksander Vinokurov (Astana). Ibilian-ibilian, errenta pilatu, eta Velefiquetik pasatu ziren lehen aldian, 56. kilometroan, 7:10ekoa zen errenta. Zortzi minutu pasatxokoa ere izan zen uneren batean.
Calar Alto eguneko bigarren mendatean, alde polita zeukaten artean (6:32). Caisse d'Epargne, ordea, bere txirrindulariak erretzen hasi zen banan-banan. Aurrena, Veleqfique bigarrenez igotzen hasi baino lehenago, Txente Garcia eta Imanol Erbiti jarri ziren aurretik, eta azken mendatearen hasieran, David Lopez. Jada nekatuta zihoan tropela; batik bat, eguna gora eta behera pasatu zutelako. Aurrean taldetxoa txikitu zen lehen maldetan, eta David Garcia (Xacobeo) nabarmendu.
Atzean Vasil Kirienkak Caisse d'Epargnekoak beste estutu bat eman zion faboritoen tropeltxoari, eta helmugatik lau kilometrora bat gehiago Ezequiel Mosquerak (Xacobeo). Beroak tontotu egiten duela esan izan du galiziarrak, eta atzo, epelean, saiatu zen. Baina gauza bat da Mosqueraren ibilia, eta beste bat Gesinkena. Sutan atera zen tropeletik, ahoa zabal-zabal eginda, eta 10 segundoko -18, gainsariak kontuan hartuta- tartea lortu zuen 1.500 metro eskasetan. Gainera, gutxigatik ez zuen etapa ere irabazi. Hori guztia, deabrutxoari entzun ziolako. Izan ere, hankak bizi-bizirik dauzkala dirudi. Gaur hori frogatzeko beste aukera bat izango du Sierra Nevadara bidean.
Sailkapenak
HAMABIGARREN ETAPA1. Ryder Hesjedal (Garmin) 5.34.31
2. David Garcia (Xacobeo) d.b.
3. Robert Gesink (Rabobank) 6ra
4. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) d.b.
5. Damiano Cunego (Lampre) 16ra
6. Alejandro Valverde (Caisse) d.b.
10. Samuel Sanchez (Euskaltel) d.b.
17. Igor Anton (Euskaltel) 1.24ra
20. Beñat Intxausti (Fuji) 1.44ra
NAGUSIA
1.Alejandro Valverde (Caisse) 51.12.38
2. Cadel Evans (Silence-Lotto) 7ra
3. Robert Gesink (Rabobank) 18ra
4. Tom Danielson (Garmin) 51ra
5. Ivan Basso (Liquigas) 53ra
6. Samuel Sanchez (Euskaltel) 1.03ra
7. Damiano Cunego (Lampre) 2.13ra
14. Haimar Zubeldia (Astana) 5.12ra
30. Arkaitz Duran (Fuji) 13.04ra