Gehienen gusturako, etzanegiak datoz Pirinioak. Astebetean 1.359 kilometro pilatu ostean, ez da askorik behar izaten mendaterik etzanena ere etengabeko sufrimendu bihurtzeko. Baina, begiratu batean, aurtengo Tourreko Pirinioetako etapak epel antzekoak direla pentsa liteke. Tourmalet eta Hautacamen barrena, biharko etapako azken 70 kilometroak gogor-gogorrak dira, baina bai gaurko etapa eta bai asteazkenekoa -etzi lehen atseden eguna izango dute txirrindulariek- etapa epelen multzoan sartzeko modukoak dira.
Peyresourde, Aspin, Tourmalet, Hautacam eta Portel. Bost mendate mitiko horiek igoko dituzte gaurtik asteazkenera bitartean, Tourreko 9, 10 eta 11. etapetan. Behin Choleteko lehen erlojupekoa igarota, eta Erdialdeko Mendateetako txinpartak ahaztuta, Okzitaniako Tolosaraino iritsiko da Pirinioen usaina. Tolosan hasi eta Bagneres de Bigorren amaitu, 224 kilometro egin beharko dituzte gaur txirrindulariek. Kilometro kopurua, horixe da gaurko etaparen arriskua. Eguraldia ere pattal antzekoa eman dute, eta etapa amaierak izan dezake arriskurik, Aspinen behera, lehen kilometroetan, alde polita lor baitaiteke, arriskatuz gero.
Laugarren mailako lau muino eta hirugarren mailako beste bat. Luchoneko ibarrera iritsi bitartean ihesaldiak sortzeko ibilbide aproposa da gaurkoa. Arese hirugarren mailako mendateko pankartapetik igaro bitartean, etengabe gorako joera argia daukate lehenengo 123 kilometroek. Aurretik talde estrategiak martxan jarri ezean, Luchon herrian hasiko da benetako borroka. Bagneres de Luchonetik Peyresourdeko gailurrera 15 kilometro pasatxo daude, %6ko batez besteko pendizarekin. Ez da mendate gogorra, baina ia babesik ez dauka igoera guztian.
Kilometro erdiko aldapa tente bat salbu, %3-4ko batez bestekoekin, lehen hiru kilometroetan mendate etzana da Peyresourde. Gerora beste pare bat atseden ere badauzka, Saint-Aventin herrian luzeena, baina amaiera da bereziki gogorra. Azken hiru kilometroetan, sigi-saga ikusgarrian, Peyresourdek erakutsi egiten du bidea, eta pendizarik gogorrena bezain gogorra da hori ezinean doanarentzat.
Iaz, esaterako, Peyresourden gora eman zuten erakustaldia Aleksander Vinokourovek eta Haimar Zubeldiak, eta Alberto Contador iazko Tourreko garaileak ere Peyresourden gora astindu zuen, behin eta berriz, Michael Rasmussen, une hartan liderraren maillotarekin zihoan danimarkarra. Aspinera iritsi aurreko galbahea egingo du.
Jaitsiera ere arriskutsu samarra da lehen kilometrotan, bihurgune itxiez gain, zorua ez baitago egoerarik onenean. Eta Peyresourde jaistearekin batera hasiko dira Aspin igotzen. Arreau herritik gora, 12 kilometroko igoera dauka Aspinek. %6,5eko batez besteko pendiza dauka, ez da gogorra, zoru ona dauka, baina azken bost kilometroek min handia egin dezakete. Bivioko bidegurutzetik gora daude maldarik gogorrenak. Ia %9ko pendizaren bat edo beste ere badauka Aspinek kilometro horietan, eta %8tik gorakoa da batez bestekoa azken bost kilometro horietan. 26 kilometro eskas izango dituzte Aspineko pankartapetik helmugara. Sainte Marie de Campaneraino jaitsiera azkarra egin ostean, azken 12 kilometroak pedalei eman beharrekoak dira. Jaitsiz-jaitsiz une oro, baina erdi ordekan, Bagneres de Bigorreraino.
Eta epela ez, bero-beroa biharko etapa izango da, Pirinioetako bigarrena, gogorrena, Pau eta Hautacam artekoa. Gaur 224 kilometro egin beharko dituzte; asko, izugarri. Eta bihar, berriz, 156, oso gutxi. Horrek are gehiago bizituko du lasterketa lehen kilometrotik bertatik. Eta ezinbestekoa da egutegiari begiratzea ere. Uztailaren 14a, Frantziako egun handia. Uztailaren 14a, euskal zaleen festa handia. Batzuen eta besteen irrikarekin, tropel erdia saiatuko da ihesaldian sartzen. Pautik atera, eta hirugarren mailako bi muino igo beharko dituzte Tourmaleten magalera iritsi aurretik. Lehen 80 kilometroetako ibilbidea aproposa da ihesaldiak sortzeko, eta faboritoen taldeak saiatuko dira ihesaldian txirrindulariren bat edo beste sartzen.
Sainte Marie de Campaneko elizaren harresian barrena eskuinera hartu eta hor hasiko dira Tourmalet gogorra igotzen, La Mongiera bidean. 17 kilometroko igoera da Tourmalet, eta %7,4ko batez besteko pendiza dauka. Gogortasuna mutur-muturrekoa izango da eguneko lehen mendate gogorrean, Sainte Marie de Campaneko haranetik Tourmalet gainera 1.268 metroko desnibela baitago. Mendate pankarta, berriz, 2.115 metrotan egongo da, oxigenoa urritzen hasita dagoen gunean.
%3-4ko pendizak dauzka Tourmaletek lehen lau kilometroetan (Sainte Marien bertan %10eko bi pareta motz ere badaude), baina Gripp herrira iristearekin batera tentetuko da igoera. Hortik aurrera, broma gutxi. %8tik gorako pendizak daude etengabe. Lehen tunela pasa eta %7ko kilometro bateko malda igaro ostean, Artigues herrira iristean, beste kolpe bat. %8,1; 8,6; 8,9... %9tik gorako pendizak daude La Mongieko eski estaziora iritsi aurreko hiru kilometroetan. Azken metroetan, berriz, %12ko pareta ere bai.
Aldapa gogortzen, eta itzala desagertzen. La Mongietik gora, are atseden gutxiago dauzka Tourmaletek azken lau kilometroetan. %,8,1ekoa da pendiz etzanena, eta %13ko bi gogorrenak, azkena 2.000 metroko langa igaro berritan.
ESAITen aldarrikapena
Hain zuzen ere, Tourmaleten bertan antolatu du ESAITek urteroko euskal jaia (gaur) eta bizikleta martxa (bihar). Zortzigarren urtea jarraian izango da aurtengoa, eta helburu argi bat dauka ekimenak: «Euskal Herriaren naziotasuna eta euskal selekzioek nazioartean ofizialtasuna izatea aldarrikatzea». Gaur euskal jaia izango da Tourmalet gainean. Musika, jatekoa, edatekoa, jokoak, bertsolariak... Bihar, berriz, bizikleta martxa Sta Marie de Campaineko plazatik gora (10:00). Ibilbide osoa egin nahi ez dutenentzat La Mongieko eski estazioan egongo da bigarren ekimena (11:30), azken kilometroak bizikleta gainean egiteko.
Lasterketari dagokionez, Tourmalet gainetik jaitsiera luzea izango dute Luz Saint Sauveurreraino, eta bidegurutzean Arbouixerantz hartuta, azken mendatea izango dute zain: Hautacam handia. Javier Otxoa bizkaitarrak etapa zoragarria eginda irabazi zuen bertan, 2000. urtean. Hain zuzen ere, orduan igo zen Tourra, azken aldiz, Hautacamera. 17 kilometro dauzka mendate horrek, eta batez besteko pendiza %6,8koa da. Lehen zati apala kenduta, ordea, azken 14 kilometroetan ia %8koa da batez bestekoa. 1.100 metrotik gorako desnibela dauka Hautacamek, eta pare bat atsedenaldi badauzkan arren, Argeles-Gazost herritik irten eta berehala, %8ko aldapa izango dute hiru kilometroan. Souin eta Artalens herriak lotzen dituen bi kilometroko errepidea etzanagoa da (%5-6), baina hortik azken bi kilometroak iritsi arte, %8-9ko maldak daude, berriz ere. Tartean baita %10eko pareta bat ere, 8. kilometroan.
Perfilak aztertuta, oso etapa gogorra izango da biharkoa, Pirinioetako epeltasunak berotzeko balioko duena. Baina gaur epel hasitakoa epel amaituko da asteazkenean, atseden egunaren ondorengo etapan. Pirinioen arrastoan ibiliko dira orduan ere, eta Portal lehen mailako mendatea igo beharko dute helmugara iristeko 57,5 kilometro falta direnean (12 kilometro, eta %6,8ko batez bestekoa). Baina ez du min handiegirik egingo duenik. Euskal zaleen babesean, gaur, bihar eta asteazkenean, Alpeetara begira berotzen hasteko bi etapa epel eta bero-bero bat. Biharkoa.
TXIRRINDULARITZA. Epelak, berotzen hasteko
Peyresourde, Aspin, Tourmalet, Hautacam eta Portel. Bost mendate horiek igaroko dituzte txirrindulariek gaurtik asteazkena bitartean, Pirinioetan. Irabazi ez, baina Tourra galtzeko arriskua egongo da hiru etapetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu