TXIRRINDULARITZA. Erabat jota geratu gara

Juanma Garate.
2010eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Erabat jota gaude. Txema Gonzalez Sky taldeko masajistaren heriotzak jota utzi gaitu. Irteeran esan digute Juan Antoni Flecha ospitalean izan dela gauean, eta Txemak han jarraitzen zuela. Irigoien medikuarekin hitz egin dut gero, Vueltako medikuarekin, eta Txemari buruz hizketan aritu gara. Zer moduz zegoen galdetu diodanean, arnasa hartzeko laguntza behar zuela eta tutuz beteta zegoela esan dit. Larri zegoela. Bakterioren batek erasan diola, baina artean ez zekitela ezer argi.

Une horretan gaizki geratu naiz, ez nuelako uste egoera hain larria zenik. Albiste hori jaso ondoren, tropeleko hainbat txirrindularirekin hizketan aritu naiz, baina ez genuen espero hain larria izango zenik. Oso egun tristea izan da, oso tristea. Helmugara iritsi naizenean Joseba Nuñez gure taldeko masajistarekin elkartu naiz, eta berak eman dit albistea. Zuri-zuri eginda geratu naiz. Dopinaren aurkako kontrola pasatzea egokitu zait, gainera, eta Josebak lagundu dit. Jota nengoen.

Oso gogorra da egoera. Nik dakidala, Vuelta hasieran ondo zegoen, eta inork ez daki zer gertatu den. Taldeko kide asko gaixo daude, eta Txema... Izugarria da. Une honetan familia datorkit burura. Itzuli handietara goazenean denok agur esaten dugun moduan esango zuen agur Txemak ere. Txirrindulariok arrisku txikiren bat badaukagu lasterketan, baina masajistek... Ospitalera eraman zutela jakin zutenean, erabat harrituta geratuko zen familia, gu bezala. Eta orain lur jota egongo dira. Besarkada handi bat eta animoak bidali nahiko nizkieke hemendik.

Horrelakoetan ohartzen zara mundu hau zer den. Dutxatu ondoren aldageletan eserita nengoen, pentsakor, eta une horretan zuzendaria etorri da, biharko etaparako zein pinoi nahi dudan galdezka. Une horretan berdin-berdin zitzaidan. Mundu hau zapalgailu baten modukoa da, denak aurrera jarraitzen baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.