TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Arrantzale izan nahi zuen

Sebastien Hinault bretoiak irabazi du ezustean 10. etapa, esprintean, gainerako taldeek egindako lana dotore baliatuta

unai zubeldia
2008ko irailaren 10a
00:00
Entzun
«Ezetz, ez daukadala harekin zerikusirik!». Zenbat aldiz esan behar izan ote du Sebastien Hinaultek (Sant-Brieg, Bretainia, 1974) antzeko zerbait. Hinault abizena entzun eta gehienei Bernard Hinault txirrindulari handia izandakoa etorriko zaie burura, noski. «Baina ezetz, ez naizela haren ezer». Umetako bihurrikeriak indartuta, behin hasi zen zirika Sebastien txikia, Bernard Hinaulten semea zela esanez. «Denak inguratu eta saltsa ederra sortu zen!». Baina, abizenaz gain, jaioterria bakarrik daukate berdina biek. Bretoiak direla. Horixe. Besterik ez.

Bi txirrindulariak alderatzen hasita, lekutan geratzen baita atzo Espainiako Vueltako 10. etapa irabazi zuen bretoia. Bost Tour ageri dira Bernard Hinaulten bost orriko palmaresean; Poloniako Itzulia, Alemaniako Itzuliko etapa bat, Limousineko Tourra eta bi etapa... Sebastien Hinaulten orri bakarreko palmares txikian. Txirrindulari azkarra bada ere, ez da garailea Sebastien Hinault. Txirrindulari ere ia-ia kasualitatez bihurtu zela esan daiteke. Urte asko daramatza dagoeneko onenen artean -1997an egin zuen debuta Credit Agricole taldearekin-, baina arrantzale izan nahi zuen berak. Familiatik zetorkion arrantzale sena. Hinault gora eta Hinault behera, ordea, pedalak astintzen hasi zen mutiko hura.

Pozzatoren erasoari esker

Arrantzale behar zuena bizikleta gainera igo bazen ere, atzo erakutsi zuen arrantzan ona izango zela bide hura aukeratu izan balu. Tom Boonen (Quick Step), Oscar Freire (Rabobank), Koldo Fernandez de Larrea (Euskaltel-Euskadi)... Itxuraz bera baino esprinter azkarragoak zeuden tropelean -Daniele Bennati italiarra erretiratu egin zen atzo-, baina Hinault zoragarri moldatu zen etapa arrantzan. Helmugara iritsi aurretik, bizpahiru kilometro lehenago, erasoa jo zuen Filipo Pozzato italiarrak (Liquigas), eta eraso horrek erabat aldrebestu zuen Rabobanken lana.

«Atzoko [herenegungo] garailearen gurpila hartu dut, Greg Van Avermaeti segika joan naiz». Eta bide hona aukeratu zuen. Boonen, Freire eta Fernandez de Larrea atzean geratu ziren, eta aise irabazi zuen Hinaultek itzuli handi bateko lehen etapa. «Nire kirol ibilbideko garaipenik sonatuena da hau, nahiz eta 2001eko Tourrean taldekako erlojupekoa irabazi genuen». Zoratzen zegoen Credit Agricoleko txirrindularia.

Egoi Martinezen (Euskaltel-Euskadi) antzera. Taldeak dotore egin zuen lan etapa guztian. Lehen 40 kilometroetan eraso festa izan zen tropelean, baina Euskaltel-Euskadik ez zien baimenik eman talde handiei. Azkenerako Matej Jurkori (Milram) baimena eman, eta lasai antzean egin ahal izan zuten etapa, une oro sei-zazpi minutuko langa pasatzen utzi gabe. Rabobank, Quick Step, Gerolsteiner, Euskaltel-Euskadi... Izen handiko txirrindularien arteko esprinta espero zen Zaragozan, baina 34 urteko bretoia ibili zen abilen arrantzan.



Sailkapenak

HAMARGARREN ETAPA

1. S. Hinault (C. Agricole) 3.22.21

2. Lloyd Mondory (Ag2r) d.b.

3. Greg Van Avermaet (Lotto) d.b.

4. Oscar Freire (Rabobank) d.b.

5. Tom Boonen (Quick Step) d.b.

6. K. Fdez. de Larrea (E. Euskadi) d.b.

7. Alexandre Usov (Ag2r) d.b.

8. Xavier Florencio (Bouygues) d.b.

9. Juan Jose Haedo (CSC) d.b.

10. Nikita Eskov (Tinkoff) d.b.

NAGUSIA

1. E. Martinez (E. Euskadi) 36.46.17

2. Levi Leipheimer (Astana) 11ra

3. Alberto Contador (Astana) 32ra

4. A. Valverde (C. d'Epargne) 1.00era

5. Carlos Sastre (CSC) 1.38ra

6. E. Mosquera (Xacobeo) 2.10era

7. Igor Anton (Euskaltel) 2.23ra

8. Daniel Moreno (C. d'Epargne) 2.32ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.