TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. Erdizka

Vladimir Efimkin nagusitu da Covadongan, eta Sastrek eta Mentxovek aurrea hartu diete aurkariei

Andoni Urbistondo.
2007ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Erdizka geratu zen Eusebio Unzue, Caisse d'Epargne taldeko kirol zuzendaria. Pozik Vladimir Efimkinek, bere taldeko txirrindulari batek irabazi zuelako Covadongako Aintziretan. Hain pozik ez, bere bi liderrek denbora galdu zutelako, eta,Vueltak ihes egin diola esatea asko esatea bada ere, orain urrunago daukalako urrea. Horri guztiari, taldeak ordekarako dituen bi morroi onenek, Txente Garcia-Acosta eta Imanol Erbiti nafarrek hartu zuten jipoia gehitu behar zaio, baita Xabier Zandiok Pereiro laguntzeko azken mendatean egin zuen ahalegina ere.

Erdizka geratu zen Carlos Sastre, egindako ahalegin handia eta jasotako saria txikia izan zelako. CSC taldeko espainiarrak egin zuen galbahea Covadongako Aintziretan gora, La Huesera aldapa tentean. Bitan jo zuen han, eta beste behin Mirador de la Reina horman. Hautsi zuen, baina ez berak nahi beste. Jotzen denean txikitzeko jotzen delako, eta Mentxovek eta Piepolik ondo eutsi ziotelako Sastreri.

Erdizka geratu zen Denis Mentxov errusiarra ere. Rabobank taldekoak eroso erantzun zion Sastreren suari, eta hura atzean uzten ere saiatu zen erritmo aldaketa gogorrarekin, baina Sastre alboan zuela helmugaratu zen, etapa garaipenik eta urre koloreko maillotik gabe.

Sastrek eta Mentxovek Vuelta iraupeneko proba dela badakite, halere, eta litekeena da atzo irabazitako errentarekin konforme egotea. Lehen azterketa zen, eta galdu ez, irabazi egin dute. Cadel Evans, Oscar Pereiro eta Vladimir Karpets atzeratu dituzte, eta Vuelta hasi besterik ez dela egin aintzat hartuz gero, ondorio baikorra da. Vuelta hasieran indartsu ibiltzen da jendea, eta ahulaldiren bat jasan ezean, zaila da 12 kilometroko aldapan beldurtzeko moduko aldeak lortzea.

Saunier Duval taldea ere erdizka geratu da. Leonardo Piepoli txikiak Sastre eta Mentxovekin egin zuen bidea. Normalena Gomez-Marchante taldekidearen alboan geratzea litzateke, haren ezina estali eta laguntzeko, baina Josean Fernandez Matxinek aurrean geratzeko agindu zion, etapa irabazten saiatzeko (Piepolik zer eginik ez dauka sailkapen nagusian). Ez zuen irabazi, eta Marchantek 1.17 galdu zuen Sastre eta Mentxovekiko.

Erdizka baino okerrago geratu zirenak ere badaude. Euskaltel-Euskadi taldekoak, adibidez. Etapa garaipenetik urrun, Samuel Sanchezek ez du ondo hasi podiumera gerturatzeko erronka. Igor Anton bizkaitarra alboan izan zuen igoera osoan, baina minutu eta erdi galdu zuen helmugan.

Eta Cadel Evans? Australiarrak daukan motibazioaren inguruan arrasto gutxi zegoen atzo arte, baina itzulia irabazteko asmoa duela pentsatu behar da, Covadongako Aintziretan gora lan txukuna egin ondoren. Sastre eta Mentxovekin egin zuen bidea ia beti, eta haiek erritmo aldaketaren bat egin ondoren ere, begi-bistan eduki zituen igoera osoan. Erlojupekoan bikote hori baino hobea da Lotto taldekoa, eta urrezko maillotak berea izan behar luke larunbat arratsaldean, Zaragozako erlojupekoaren ondoren.

Evans lider, Vladimir Efimkinen baimenarekin. 1,28ko errenta du Caisse d'Epargne taldekoak, eta Covadongan egin zuen igoera bikainak zalantzarako tartea uzten du. Errusiarra bi minutu eskaseko errentarekin hasi zen igotzen mendatea, eta 1,06rekin helmugaratu zen. Alegia, 50 segundo pasatxo bakarrik galdu zituela onenekiko. Efimkinek Vuelta irabaztea ezusteko handia litzateke, baina ez da herrena. Urrezko maillota irabazteko hautagaiek baino, podiuma edo lehen hamarren artean sailkatu nahi dutenek izan ditzakete komeria gehiago.

Stijn Devolderren hautagaitzak sendoagoa dirudi. Belgikarrahamar onenen artean sartzeko hautagaia zen Vigon, Vuelta hasieran, eta zerrenda horretako kide izaten jarraitzen du. Eguneko ihesaldian sartu zen Discovery taldekoa, eta sailkapen nagusian daukan postua horri esker dela pentsatzea ere bidezkoa da, baina Devolderrek Sastre eta Mentxov baino bi minutu gehiago pasa zituen Covadonga igotzeko. Etapa osoan ihesaldiak bidea egin zezan lana beltz egin ondoren, gainera.



IHESALDI ARRISKUTSUA. Devolderrek eta Efimkimek beste 36 lagunekin egin zuten hanka, etapako 31. kilometroan. Euskal herritar asko zeuden tartean: Txente Garcia-Acosta eta Xabier Zandio (Caisse d'Epargne), Bingen Fernandez (Cofidis), Aitor Hernandez eta Dioni Galparsoro (Euskaltel-Euskadi) eta Juanma Garate (Quick Step). Beste izen ezagun asko ere bai: Franco Pellizotti (Liquigas), Mauricio Ardila (Rabobank), Stephane Goubert (Ag2r), Sylvain Chavanel (Cofidis), Chris Horner (Lotto), Carlos Barredo (Quick Step) eta abar luze bat.

Tropela lozorroan geratu zen, zer egin ez zekiela. Aginte-makila nork hartu, nekea ere halakoa, eta kostata hartu zuen erantzukizuna Predictor-Lotto taldeak. Haiek hartu zuten ekimena, baina aurrekoen aldea zazpi minutura hurbildu zenean, Caisse d'Epargne, Saunier Duval, CSC eta Rabobank ere lanean jarri ziren. Oso mantso, baina lortu zuten aldea jaisten hastea. Nahikoa izan zen hori, ordea, aurrekoak zuhurkerian hasteko, eta arrakastatsua zirudien ihesaldia arrakastarik gabeko beste bat bihurtzeko.

Covadongan berehala hautsi zen 35 laguneko taldea, eta behe-behetik ekin zion bakarrik Efimkinek. Onenen tropelean ere azkar egin zen selekzioa. CSCko Iñigo Cuestak erritmo itoa jarri zuen lehen lau kilometroetan, eta 17 lagunek bakarrik eutsi zioten.

Sastrek helmugarako zazpi falta zirela jo zuen. Pereirok eutsi zion ondoen, eta erosoen bera zihoala zirudien, baina bigarren erasoa jo eta lehertu egin zen galiziarra. Mentxovek, Evansek eta Piepolik bat egin zuten Sastrerekin, baina Mentxov zen errazen zihoana. Sastre bera xaxatu zuen, 200 metroko erritmo aldaketarekin. Sastre belaunikatzear zegoela zirudien, baina Mentxov ere bete egin zen, eta ezerezean geratu zen erasoa.

Evansek 22 segundo galdu zituen, Pereirok 51, Marchantek 1,17, Samuel Sanchezek 1,23, eta Karpetsek 1,51. Ezer ez, geratzen dena gogoan, edo asko, mendate gogor bakarra igo dela aintzat hartuz gero. Covadongak erdizka utzi du Vuelta.



saILKaPena
LAUGARREN ETAPA

1. V. Efimkin (Caisse d'Epargne) 4.39.56

2. Leonardo Piepoli (Saunier) 1.06ra

3. Stijn Devolder (Discovery) d. b.

4. Denis Mentxov (Rabobank) d. b.

5. Maxime Monfort (Cofidis) d. b.

6. Carlos Sastre (CSC) d. b.

7. Cadel Evans (Predictor-Lotto) 1,28ra

8. Sylvain Chavanel (Cofidis) 1,33ra

9. Ezequiel Mosquera (Karpin-G.) 1,36ra

10. L. Bertagnolli (Liquigas) 1,49ra

11. Chris Sorensen (CSC) 1,50era

12. Stephane Goubert (Ag2r) 1,54ra

13. Manuel Beltran (Liquigas) 1,57ra

14. Oscar Pereiro (C. d'Epargne) d. b.

15. Franco Pellizotti (Liquigas)2,18ra

16. J. A. G.-Marchante (Saunier) 2,23ra.

17. Samuel Sanchez (Eusk.-Eusk.) 2,29ra

18. Igor Anton (Eusk.-Eusk.) 2,30era

19. Carlos Barredo (Quick Step)2,32ra

20. Josep Jufre (Predictor-Lotto) 2,49ra



SAILKAPEN NAGUSIA

1. V. Efimkin (Caisse d'Epargne) 16.02.50

2. Denis Mentxov (Rabobank) 1.06ra

3. Carlos Sastre (CSC) d. b.

4. Maxime Monfort (Cofidis) d. b.

5. Stijn Devolder (Discovery) d. b.

6. Leonardo Piepoli (Saunier) d. b.

7. Cadel Evans (Predictor-Lotto) 1,28ra

8. Sylvain Chavanel (Cofidis) 1,33ra

9. Ezequiel Mosquera (Karpin-G.) 1,36ra

10. L. Bertagnolli (Liquigas) 1,49ra

11. Stephane Goubert (Ag2r) 1,54ra

12. Manuel Beltran (Liquigas) 1,57ra

13.Oscar Pereiro (C. d'Epargne) d. b.

14. Chris Sorensen (CSC) 2,18ra

15. Franco Pellizotti (Liquigas)d. b.

16. J. A. G.-Marchante (Saunier) 2,23ra.

17. Samuel Sanchez (Eusk.-Eusk.) 2,29ra

18. Igor Anton (Eusk.-Eusk.) 2,30era

19. Carlos Barredo (Quick Step)2,32ra

20. Josep Jufre (Predictor-Lotto) 2,49ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.