Baina, itxuraz, ez du eskarmenturik hartu. Zigorraren berri izan eta bost ordu eta erdi eskasera, Kordoban (Espainia), hirigunean, gehienez 50 kilometro orduko abiaduran ibil daitekeen lekuan, ero moduan zihoan Boonen. Orduko 70 kilometro baino azkarrago. Quick Stepeko txirrindulariak tropel buruan jarrita, Boonen babesean, eta, azken unean, potentzia handiarekin, Bennati, Zabel, Fernandez de Larrea eta gainerakoen aurretik, aise, bi besoak goran zituela. Ez isunik, ez zigorrik eta ez kontrolik. Kapela dotore bat eta garaikurra jaso zituen ordainean belgikarrak. Eroso irabazi zuen Vueltako hirugarren etapa, eta gidabaimenik gabe ere ziztu bizian ibiltzen abila dela erakutsi. Tourretik eta Jokoetatik kanpo geratu zen, eta gozatu egin zuen atzo. Behar zuen.
Jaen eta Kordoba artean 168 kilometro, eta harri kozkorrik handiena ere urtzeko moduko beroa. 36 graduko freskura izan zuten txirrindulariek ibilbide guztian; edonor animatzeko moduko freskura. Bestela ezin eta, hankak berotzen hastearekin batera jo zuen erasoa etxeko batek, Manuel Ortega jaendarrak (Andalucia-Cajasur). Eman eta eman, 15 minutuko aldea lortu zuen 50. kilometroan. Lasai zihoan tropela, Caisse d'Epargne lanean hasi zen arte. Erritmo biziegirik jarri gabe, baina erraz hasi ziren aldea jaten. Caisse d'Epargne, Liquigas, Lampre... Ordurako Daniele Bennati (Liquigas) gainsariak hartzen hasita zegoen. Bi segundo lehen esprintean, beste bi bigarrenean... Maillot horia nahi zuen, eta eskura zeukan, bost segundora.
Bettiniren erasoa atzean
San Jeronimo hirugarren mailako mendatetxoa geratzen zen artean, eta aldapa horrek ahitu zuen erabat Ortega. Bere ezintasunagatik batez ere, baina baita tropeleko zalapartagatik ere. Paolo Bettini italiarrak (Quick Step) erasoa jo, eta den-denak urduritu zituen. Luis Pasamontes (Caisse d'Epargne), Aleksander Kolobnev (CSC), David Moncoutie (Cofidis), Juan Antonio Flecha (Rabobank), Iñigo Landaluze (Euskaltel-Euskadi), Alejandro Valverde (Caisse d'Epargne), Davide Rebellin (Gerolsteiner), Sylvain Chavanel (Cofidis)... Astana lanean hasi zen, giroa lasaitze aldera. Helmugara iristeko 15 kilometro falta zirenean etsi zuen Bettinik.
Eta hortik aurrera, sua. Quick Step eta Liquigas, etapa garaipena eta maillota buruan zituztela, tropel buruan. Esprint garbian, batentzat etapa (Boonen) eta bestearentzat maillota (Bennati).
Sailkapena
HIRUGARREN ETAPA1. Tom Boonen (Quick Step) 4.25.24
2. Daniele Bennati (Liquigas) d.b.
3. Erik Zabel (Milram) d.b.
4. K. Fdez. de Larrea (E. Euskadi) d.b.
5. Nicolas Roche (Credit Agricole) d.b.
6. Greg Van Avermaet (Lotto) d.b.
7. Leonardo Duque (Cofidis) d.b.
8. Sebastien Hinault (C. Agricole) d.b.
9. Tom Stamsnijder (Gerolsteiner) d.b.
10. Lloyd Mondory (Ag2r) d.b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1. Daniele Bennati (Liquigas) 8.56.27
2. A. Valverde (Caisse d'Epargne) 7ra
3. Tom Boonen (Quick Step) 10era
4. Filipo Pozzato (Liquigas) 20ra
5. Egoi Martinez (E. Euskadi) 22ra
6. Davide Rebellin (Gerolsteiner) 26ra
7. Iñigo Landaluze (E. Euskadi) d.b.
8. Erik Zabel (Milram) 27ra
9. Mauricio Ardila (Rabobank) d.b.
10. Igor Anton (E. Euskadi) 28ra