13 kilometroko igoera, 1.255 metroko desnibela, %10,13ko batez besteko pendiza, %23,6ko paretak ere bai tartean... Beldurgarria da igoera berez, baina are beldurgarriagoa izango da gaur, Anglirura iritsi aurreko 200 kilometroetan indarrak erabat ahituta geratzeko arriskua baitago. San Vicente de la Barquera eta Angliru artean, 209,5 kilometro dauzka etapak, eta hirugarren mailako mendate bat eta lehen mailako hiru igo beharko dituzte aurretik.
Ortigueiro hirugarren mailako mendatea salbu, lehen mailako Arnicio igotzen hasi arteko 108 kilometroko ibilbidea samurra da oso. Baina azken 100 kilometroetan gorriak ikusiko dituzte txirrindulariek. Talde estrategiak lantzeko aproposa da ibilbide hori, eta, nahi duenak edo ahal duenak -Alberto Contadorri eta Astanari begira daude denak-, triskantza handia egiteko aukera izango du Anglirura bidean.
Azken 100 kilometroetatik 37 maldan gora egingo dituzte. 8,5 kilometroko igoera da Arnicio, eta erabat tentea ez bada ere (%5,9koa da batez bestekoa), %9,8ko batez besteko aldapa dauka bosgarren kilometrotik seigarrenera. Ondorengo hiru kilometroetan ere %7-8koa da pendiza. Bueres eta Riosecotik igarota, Cabañaquinta herrian hasiko dira Colladona eguneko lehen mailako bigarren mendatea igotzen. Igoera serioagoa da Colladona, 7,6 kilometrokoa, eta %7,4ko batez bestekoa daukana. Ez dauka pendiza beldurgarririk, baina azken kilometroa salbu (%6), une oro %7-8koa da aldapa. Erritmo bizia jarriz gero, beraz, min egiteko moduko mendatea da.
Cordalek min egingo du
Anglirura bidean benetako galbahea, ordea, Cordal gogorrak egingo du. Aurreko bien antzera, 7,5 kilometroko igoera motza da, baina %8,9koa da batez bestekoa. Arrazoia? Bigarren kilometrotik hirugarrenera %9,8ko pendiza dauka, eta azken bi kilometroetan pareta handia dago. %11,9ko maldak igotzen hasi eta %10,3koarekin iritsiko dira gainera. Eta hortik aurrera zer? Ordurako nahikoa txikituta egongo da tropela, baina Angliruk berak jarriko du bakoitza bere tokian. Cordalen behera Anglirurekin ez itsutzea hobe dute, hala ere, urrutira joan gabe, 1999an, hor erori baitzen Olano; saihets hezur bat hautsi zuen. Fresnedoko esprint berezira iritsi, eta La Vega herrian ezkerrerantz bihurgunea hartuta, «animo eta gero arte» esanda utziko dituzte gehienek taldeburuak.
1999an, 2000n eta 2002an bakarrik igo zuten Angliru, baina hiru irabazleen izenak irakurtzea nahikoa da nolako mendatea den ulertzeko. Jose Maria Chava Jimenez zenak irabazi zuen lehen urtean, Gilberto Simonik hurrengo urtean, eta Roberto Herasek 2002an. Zaleek gogoan izango dituzte, ziurrenik, hiru urte horietako irudiak. Erabat nekatuta, zaleen laguntzarekin igo behar izan zuten txirrindulari askok goraino. Gertatu izan da atzean geratutako txirrindulariren batek Angliru aurrekoek baino azkarrago igo izana, eta, halakorik ez gertatzeko, neurri zorrotzak hartuko dituzte pendiza tenteenetan.
Baina, neurriak hartuagatik, ezinezkoa da Angliruren hormak etzatea. %7,3, %8,7, %8,3... Gogorra izanda ere, igotzeko modukoa da lehen zatia, baina, bosgarren kilometroan dagoen atsedenaldi txiki baten ostean, beldurgarria da azken sei kilometroetako pendiza. %13,3koa da zati horren batez bestekoa! %14,2ko aldaparekin hasi, eta %17ko kilometro oso bat ere badauka 10. kilometroan. Benetan beldurtzekoa, ordea, Les Cabanes (%20), Cueña les Cabres (%22) eta Les Piedrusines (%18) ingurua da. Bizikleta gainean zutik jarri, burua makurtu eta pedalei eman. Askoz gehiago egiteko gaitasunik ez dute izango Angliruko hormetan. Herenegun Valverdek galdu zuen Vuelta, eta gaur beste asko geratuko dira lehiatik kanpo.
Sailkapena
NAGUSIA1. E. Martinez (E. Euskadi) 45.48.33
2. Levi Leipheimer (Astana) 11ra
3. Alberto Contador (Astana) 29ra
4. Carlos Sastre (CSC) 1.38ra
5. E. Mosquera(Xacobeo) 2.10era
6. Igor Anton (Euskaltel) 2.23ra
7. Robert Gesink (Rabobank) 3.22ra
8. Davide Rebellin (Gerolsteiner) 3.40ra
9. Marzio Bruseghin(Lampre) 4.09ra
10. J. Rodriguez (C. d'Epargne) 4.10era
11. Robert Gesink (Rabobank) 4.19ra
12. D. Rebellin (Gerolsteiner) 4.53ra