Arroyoz gain, helmuga gurutzatu dugun guztiok izan dugu gaur eskuak altxatzeko gogoa. 10-15 txirrindulari alde batera utzita, besteontzat ia-ia gaur amaitu da Espainiako Vuelta. Oso etapa gogorra izan den arren, tropelean nabari zen itzulia amaitzear dagoela. Erlojupekoa eta Madrileko omenaldia geratzen dira, baina ia-ia denontzat amaitu da Espainiako Vuelta.
Adibideren bat jartzen hasita, pentsatzen dut irakurle gehienok laurden gutxitan hasiko zaretela gauzak jasotzen, lanetik puntu-puntuan ateratzeko; edo bidaia luzeren batetik bueltan, norberaren herrira iritsi aurretik, etxeko giro berezi bat nabaritzen da Euskal Herrian sartzean, nahiz eta etxetik ordubete ingurura egon. Ba, sentsazio hori daukagu guk ere. Badakigu Vuelta ez dela amaitu, baina guztiok dakigu hortxe dagoela amaiera.
Niretzat laugarren Espainiako Vuelta izan da, eta sei Tourrei batuta, hamar itzuli handi dira dagoeneko. Zaila da itzuli bakoitzaren alde onak eta txarrak aipatzea, baina hamargarren hau ez da bat gehiago izan. Itzuli honek zapore ona utzi dit, taldean izan dugun giroagatik, batez ere. Gauzak ondo atera direnean nahiz okertu direnean, helburuak bete ditugunean nahiz bete gabe geratu direnean, oso giro ona izan dugu beti. Ni ere oso ondo iritsi ez nintzen arren, disfrutatu egin dut. Taldekideentzat lanean aritu naiz, eta orain arte lanean aritu den batek, Egoik, lider izateko aukera izan du; oso pozgarria da hori. Bakoitzak bere lana egin du, eta lasterketatik kanpo, benetan, oso-oso giro ona izan dugu.
Igandean, etxera joan beharrean, Madrilen geratuko gara parrandan, eta hori da adibiderik onena. Madrilen amaituko dugu denboraldia, eta hor ibiliko gara parrandan. Ospatzeko arrazoiak badauzkagula uste dut, ezta?
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. Bi besoak gora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu